astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

gizartea

Bizia izan dezaketen hiru mundu berri

Juanma Gallego

Bizia izan dezaketen hiru mundu berri

Izar hotz baten inguruan orbitatzen duten hiru planeta aurkitu ditu astronomo talde batek. Planeta horietatik bik, gainera, bizia garatzeko baldintzak izan ditzakete. Astronomian erabili ohi diren distantziak kontuan hartuta, Lurretik oso gertu daude: 39 argi urtera.

Txileko La Silla behatokian dagoen Trappist izeneko teleskopioa erabili dute aurkikuntza egiteko. Datuak Nature aldizkarian aurkeztu dituzte asteon. Izarra Trappist-1 berrizendatu dute, aurkikuntza egiteko erabilitako teleskopioaren omenez. Izar nano ultrahotza da: gutxigorabehera, Jupiter planetaren tamainakoa eta Eguzkia baino askoz hotzagoa. Horregatik, posible izan da haren orbitan biraka ari diren hiru planeta horiek topatzea.

Hogei urte hauetan ohikoa bilakatu da exoplanetak topatzea —Eguzki Sistematik kanpoko planetak, alegia—, baina lehen aldia da oso tenperatura txikiko izar baten inguruan planetak topatzen direla.

Hiru planetetatik bi izarraren bizigarritasun eremuan kokatuta daude, hau da, biziaren garapena edo ezarpena ahalbidetzen duen izarrarekiko distantzia egokian. Artizarra eta Lurraren antzeko tenperaturak dituzte planeta horiek. Hirugarrena, berriz, eremu horretatik kanpo dagoela kalkulatu dute astronomoek.

Biziak denbora behar du

Aurkikuntza horren garrantzia azpimarratu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko buru Agustin Sanchez-Lavega astrofisikariak. Batetik, Trappist-1 bezalako izar txiki eta gorriak daudelako gehien zabalduak gure galaxiaren gertuko eremuan.«Masa txikia daukatenez, bizitza luzeagoa dute. Beraz, planetak inguruan izanez gero, biziak denbora gehiago izango du planeta horietan garatzeko, eta jakin badakigu biziaren garapenak gutxieneko denbora bat behar duela aurrera egin ahal izateko», azaldu du. Bestetik, izar handiagoekin alderatuz, planetek eta izarrek duten distira erlatiboaren arteko aldea txikiagoa da kasu honetan, eta horrek planeta horiek detektatzeko bide ematen du, adituaren esanetan.

Hala ere, oraindik goiz da jakiteko planeta horien masa eta osaketa nolakoa den. Hurrengo urteetan egingo diren behaketek biomarkatzaileak bilatzeari ekingo diote, hau da, biziaren presentzia iradokiko luketen zantzuak topatzen saiatuko dira adituak.

Hemendik denbora gutxira martxan jarriko diren teknologiek halako aurkikuntzak areagotzeko eta horietan sakontzeko aukera ekarriko dutela uste du Sanchez-Lavegak. Besteak beste, Eso Europako Behatoki Australak martxan jarriko duen E-ELT teleskopio erraldoia eta 2018. urterako aurreikusita dagoen James Webb espazio teleskopioa aipatu ditu adituak. «Planeta horien konposizio kimikoa aztertzeko aukera izango da tresna horiekin eta, horrela, errazagoa izango da jakitea mundu horietan ura edota ozonoa bezalako bizi zantzuak ote dauden. Izan ere, horiek izan litezke balizko bizia dagoenaren seinale , edo, gutxienez, bizia garatzeko baldintza egokiak izan daitezkeela».

1995ean 51 Pegasi b izeneko lehen exoplaneta topatu zenetik, 2.100 planeta baino gehiago ezagutzen dituzte jada zientzialariek. «Ez zen espero ikerketa lerro honek horren hazkunde handia izatea», nabarmendu du Sanchez-Lavegak. «Kosmologiarekin batera, gaur egun, ikerketa astrofisikoaren arloan exoplaneten bilaketa lehen mailako helburua dela esango nuke».

Argia igortzen ez duten mundu urrun horiek antzematea, ordea, ez da erraza. Planeta batek bere izarrean duen grabitazio eraginak Lurrean jasotzen den argiaren espektroan aldaketa txikia sortzen du. Era berean, planeta horiek topatzeko, izarren distira erlatiboan izaten diren aldaketa txikiez baliatzen dira astronomoak. Lurretik begira, izarraren aurrean igarotzean, izarraren distira ahultzen da. Tarte txiki horiek gutxieneko informazioa ematen dute planetek duten tenperatura zehazteko, eta, zenbaitetan, baita atmosfera ote duten jakiteko ere.

Satelite artifizial batean kokatuta dagoen Kepler teleskopioari esker planeta asko aurkitu dira azken urteetan, eta badira beste asko baieztatzeko bidean direnak. Izan ere, ez da nahikoa izar baten argia ahulago bihurtzen dela antzematea. Fenomeno hori errepikatzen dela baieztatu behar da, izarraren aurrean igarotzen den planeta baten seinalea dela ziurtatzeko.

Zenbait kasutan, zuzenean ikusi ahal izan dira planeta batzuk, baina, oraingoz, horrelako behaketak urriagoak dira, unibertsoan diren distantzia itzelek ez dutelako ematen horretarako modurik.

Planeta berrien katalogoa loditzen den heinean, unibertsoan bizia aurkitzeko itxaropena ere aurrera doa. Gero eta indartsuago. «Lurretik gertu, bizia bilatzen ari gara, Marten adibidez, baina mundu urrun horietan ere bilatu behar dugu. Argi urte askotara daudenez, ez dugu hara heltzeko aukerarik izango, baina, funtsean, oinarrizko galdera baten erantzuna bilatzen ari gara. Galdera horrek, gainera, zientziatik haratagoko inplikazioak ditu».

BERRIAn argitaratua (2016/05/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA