astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

mundua

MARIA GALINDO

«Emakumeen matxinada ezkutu bat gertatzen ari da kontinentean»

Amagoia Mujika Tolaretxipi

«Emakumeen matxinada ezkutu bat gertatzen ari da kontinentean»

Maria Galindo (La Paz, 1964) psikologoa da, irrati esataria, eta Mujeres Creando taldearen sortzailea. Feminista, anarkista eta lesbiana dela aldarrikatzen du ozen, Boliviako gizarte matxistak entzun diezaion. Eztabaida eragitea gustatzen zaio,eta emakumeen borrokan gogor aritzea.

Evo Moralesen hamar urteko gobernuari buruz zer pentsatzen duzu?

Evo Moralesen gobernuak bi eskaera historiko jaso ditu, oso garrantzitsuak: bata, eredu neoliberalari alternatiba ematea, eta, bestea, mugimendu indigenaren larritasuna jaso, deskolonizazio prozesu bat hasi eta arrazismoaren kontrako borroka abiatzea. Lehen aukerari dagokionez, arazoa da herrian geratzeko berreskuratu den diruaren zati handi bat gobernu kupularen onurarako erabili dela. Adibide bat jartzearren: belar sintetikoa duten futbol zelai kopuru handi bat daukagu, baina Boliviak osasunean, hezkuntzan eta ekoizpen sisteman dituen gabeziak konpondu gabe jarraitzen du. Lehengaien esportatzaile izaten jarraitzen du, duela hamar urte bezala, ekoizpen katerik garatu gabe. Bigarren aukerari buruz, presidentearen presentzia hutsa eta sinbolikoki ordezkatzen duena baltsamo garrantzitsua izan da, baina zapore gazi-gozoa daukagu, gobernuaren kudeaketan ez baititu mugimendu sozialak aintzat hartu. Are gehiago, banatu egin ditu klientelismoa erabiliz.

Presidentearen babesa beheraka doa, berriz ere presidentetzara aurkezteko aukera bozkatu zen erreferenduma galtzeraino. Zergatik galdu zuen?

Erreferendumaren kanpaina oso txarra izan zen. Boliviako nekazaritza erakunde tradizionalei bideratua egon zen, herritarren %70 hirietan bizi diren arren, eta langile gehienak iraupen ekonomian ari badira ere, erakunde tradizional horietatik kanpo. Esan nahi du gehienak ez direla sentitzen gobernuak herriaz ematen duen irudiaren parte. Kanpainaren erdian, gainera, modu groteskoan, presidenteak 2007an bikotekide ohi batekin izandako umeari buruzko informazioa atera zen [enpresa bateko kargu garrantzitsu batean ustez presidenteak jarritako emakumea], eta horrek haserre handia sortu zuen, are gehiago emakumeen artean, aitaren arduragabekeria arazo handia baita Boliviako egiturazko pobrezian. Presidenteak, gainera, garrantzia kenduz bezala hitz egin zuen, pentsatuz gizarte matxista honetan ez zuela eragingo, baina eragin du. Ikusi beharko litzateke zenbat emakumek eman dioten kontrako botoa.

Evo Moralesen jarrera matxistak mugak gainditu ditu. Gobernu progresista eta matxista da harena. Uztargarriak al dira?

Garrantzi historikoa dauka gizartearentzat Evo Moralesen gobernuaren lanak, baina jarrera batzuk ez dira onargarriak. Eta ez da soilik zuzentasun politikoa eskatzea. MASen gobernuaren barruan, emakumeek boterera iristeko presio sexual izugarria jasan dute, eta, legebiltzarrean eta gobernuan presentzia izanda ere, ez dute emakumeei begirako politika bat ordezkatzen; Evoren figuraren defentsa fanatikoa egiten dute. Gure lana ez da Moralesen erretorika matxista eraistea, baizik eta gobernuak emakumeekin duen harreman mota hori eraistea. Subjektu politiko gisa, emakumeen harremana zein da estatu boterearekiko? Horixe izan da hego konoan etengabe ateratzen ari den galdera; hiru presidente emakume izan diren garaian, adibidez, abortua zigorgabetzeko ezezkoa egon da ustezko gobernu progresista horietan. Beti utzi dute Elizak presio egin dezan, edo, besterik gabe, abortua ez dute agenda eraldatzaile horretan sartu ere egin. Eta hori izugarria da emakume gazteen artean heriotza tasarik handiena abortuaren ondorioz gertatzen denean, egoera tamalgarrietan egiteagatik.

Eskuinaren aldeko joera nagusitzen ari da orain. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Ezkerraren eta eskuinaren arteko pendulu tragikoaren artean gaude. Uste dut ezkerraren hutsen ondorioz ari dela eskuina berrantolatzen eta indarra hartzen. Baina, pendulu horren azpian, badago alderdi politikoak oinarrian duen sistema demokratiko liberal parte hartzailearen krisia. MAS bera higatze handia jasaten ari da eskuinerantz izan duen joerarengatik, eta horrexek eskuin erradikalena eta beldurgarriena indartu du. Berpentsatu behar dugu ordezkaritzan oinarritutako sistemak zer izan behar duen, eta hori besteen begietatik soilik egin daiteke; besteak beste, emakume, indio, ezindu eta marikoien begietatik. Demokraziaren krisiak botoa ematera murriztuak gauzka.

Gobernuaren eta oposizioaren artean alternatibaren bat daukazue?

Emakumeen aldean lanean dihardut urte askoan, autonomia politikoaren alde, eta, urte hauetan, ezintasunak dauzkaten emakumeetatik hasi eta prostituzioan dabiltzanetarainoko borrokak antolatu ditugu. Ez da gauza gobernu alternatiba bat aukeratu behar izatea. Sortzen diren autonomia politiko guztiak indartu behar dira, eta kaletik borrokatu. Aldaketa erreal bakarrak borroka sozialetik datoz, estatutik kanpo.

Sozialki aurreratu da?

Esango nuke, Bolivian ez ezik, kontinente osoan ere emakumeen matxinada ezkutu moduko bat gertatzen ari dela, lanarekiko harremanean, amatasunean, gorputzarekiko. Azpitik jartzen ari da auzitan, herritarren sektoreetatik. Emakumeek ordezkatzen dute migranteen %70; %51 hezkuntzaren instituzioetan. Bolivian, hiru egunetik behin emakume bat hiltzen dute. Prozesu sozial konplexu bat egin behar da, ez dena konpontzen estatuak eskubide batzuk emanda. Boliviako emakume bakoitzaren bizitzan hasten da prozesua, eta, gaur egun, emakumeon gogoa eta izateko nahia ez da kabitzen gizartearen egitura patriarkalean.

Ararteko izateko aurkeztu zinen, baina hautagaitza atzera bota zuten. Zer dela eta?

Oso gizarte gatazkatsuan bizi gara; giza eskubideak etengabe urratzen dira. Horregatik aurkeztu nintzen, eta eztabaida eragiteko gizartean. Batetik, jendeak galdetu du zergatik lesbiana anarkista eta feminista bat ausartu den ararteko izatera, eta, bestetik, eztabaida sortu du arartekoak gobernuarekin daukan menpekotasunari buruz. Ez da ekintza inozo bat izan, errebeldia ekintza bat baizik. Bi proposamen jasotzen zituen txosten bat ere aurkeztu nuen: bata, feminizidioaren biktimei begira plataforma bat sortzekoa, inpunitatean geratzen diren kasuak juridikoki ikuskatzeko eta biktimen ingurukoen harremanak sustatzeko; bestea, kontzientzia eragozpenari buruzkoa da, aukera izatea soldaduskara joan nahi ez duten gazteentzat. Diktaduratik jasotako herentzia da, eta botere sinboliko handia du, gizonaren eta soldaduaren arteko harremana azpimarratzen baitu. Kanpo utzi naute injustuki, eta anparo konstituzionala eskatu dut. Tango hori dantzatzen nabil orain.

BERRIAn argitaratua (2016/05/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA