astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

mundua

LATINOAMERIKAKO EZKERRA, ZEALDOKA

Amagoia Mujika Tolaretxipi

LATINOAMERIKAKO EZKERRA, ZEALDOKA

Hugo Chavez (Venezuela, 1954-2013) gaixorik zela ingurukoak lasaitzen zituen esanez, proiektu bolivartarrak bera gabe ibiltzen jarraitzeko oinarri sendoak zituela. Mito bat bilakatu zela zioten ahotsei hauxe esaten zien: «XX. mendeko herri venezuelarraren psikean forma hartzen ari den mito bakarra herri irudizko eta posible baten asmakizun mirarizkoa da; utopiaren sorkuntza: etorkizunaren mitoa». Mitoa pertsonifikatzea, bera hil ondoren proiektu bolivartarra ere hiltzen dela sinetsarazteko estrategia zela uste zuen.

Ezinezkoa da ukatzea, hala ere, Venezuelako, Latinoamerikako eta Karibeko dinamika berrietan izan zuen garrantzia. Herri irudizko eta posible baten Latinoamerika egiten hastera heldu zen, justuagoa,eta inperialismoari eta neoliberalismoari aurre egiten ziona. ALBA Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrarekin eman zioten forma berak eta Fidel Castrok estatuen batasunerako egiturari, herritarren berdintasuna bultzatzea eta pobreziari aurre egitea helburu.

Aliantza bolivartarraren aldirik goxoenetako bat deritzona ekarri du gogora Atilio Boron politologo eta soziologoak: «AEBek Latinoamerikarentzat XXI. menderako prestatua zeukan ALCA Ameriketako Merkatu Askearen plana zapuztu zuten». 2005a zen, eta George Bush AEBetako orduko presidenteak Nestor Kirchner Argentinakoari harrituta hauxe esan zion bileraren amaieran: «Hemen espero ez nuen zerbait gertatu da». Esku-hutsik joan zen etxera. Chavezek bere esaldi ezagunetako bat bota zuen orduan: «Alca, alca, al carajo!». Boronek «errebeldia aroa» deitu dio, Chavezekin batera zabaldutako aroari: «Latinoamerikan izan den aro hau ezohikoa izan da bere historian».

Kolpez kolpe

1990eko hamarkadako neoliberalismo hegemonikoa aldatzeko premiak sortu zuen aroa izan da, baina aldaketa ezin ulertu aurreko garaiak kontuan hartu gabe, Carlos F. de Angelis soziologo eta analista politikoak dioenez: «XX. mendearen erdialdean batez ere, estatu kolpeak nola ematen diren ikustea oso garrantzitsua da ondoren gertatutakoa ulertzeko. Bost urtean Latinoamerika osoan eman zituzten estatu kolpeak, domino efektuarekin nola erori ziren ikus daiteke. Eskuina zen militarren eskua. Estatu kolpe eta prozesu neoliberal oso gogorretatik zetozen herrialde gehienak, 1980-1990eko hamarkadetan pribatiza zitekeen guztia pribatizatu zen. Deskontentu sozial izugarria zegoen, zapalkuntza, langabezi izugarria, pobrezia erabatekoa... Hamarkada horietan pobreziak %25 egin zuen gora. Washingtongo prozesu famatuarekin, zer esanik ez, enpresen pribatizazio basatia gertatu baitzen».

Nazioarteko giro ekonomikoa aldeko izan zuten ezkerrera egin zuten herrialdeek, produktu esportagarrien prezioen igoerari esker. «XXI. mende hasieran, Hugo Chavezen Venezuela, [Luiz Inacio da Silva] Lularen Brasil, eta geroago ezkerrak hartu zituen gobernuen atzean badago ekonomiaren susperraldi bat. 2001-2002tik aurrera Txina bilakatu zen munduko trenaren lokomotora, eta herrialde guztiak igo ziren trenera. Txile kobrea saltzen, Argentina soja, Uruguai haragia eta esnea, Bolivia mineralak, Venezuelak petrolioa...».

Washingtonen harremanarekiko independentzia handiagoa bultzatu zuten, baita nazioarteko finantza erakundeekikoa ere. «2005ean eta 2006ean Argentinan eta Brasilen, Lulak eta Kirchnerrek eskura ordaindu zioten NDF Nazioarteko Diru Funtsari zorra. Adibide hori jartzen dut, gutxitan ikusitako neurria izan delako. Ekintza subirano bat izan zen. Bi gauza esaten ditu horrek: Argentina, Brasil, Venezuela... ez daude prest Funtsaren gomendioetara makurtzeko. Eta, kapital akumulazio bat daukate kopuru garrantzitsuak ordaintzeko Funtsari, AEBekiko independentzia markatuz».

2008an munduko ekonomia krisiarekin batera, ordea, Latinoamerikak asko sufritu zuen. «Venezuelari soilik joan zitzaion ongi, petrolioa gora egiten ari baitzen izugarri. 2011 arte oso egoera ona zeukan, baina 2011n munduko ekonomia aldatu, eta sufritzen hasi zen Venezuela ere».

Porrotaren arrazoiak

Baina ekonomiaren gainbeheraz besteko arrazoiak badaude herrialdeotako gobernu krisiak azaltzeko. Oraindik aroa ezaugarritzen ari zela —progresista, post-neoliberala, ezkerrekoa eta herritarren kontsentsuzkoa, besteak beste—, Chavezen heriotza eta munduko krisi ekonomikoa tarteko, 2013an, nekearen sintomak azaleratzen hasi ziren gobernuetan, eta baita aukera gehiago espero zituzten herritarren artean ere, eskuin sozial eta politikoak berregiten ari ziren bitartean. Atilio Boronen ustez, «gobernuen higatzea izugarria da. Batzuek hamar urte baino gehiago daramatzate gobernuan: kirchnerismoak hamabi urte egin zituen, Brasilgo PT Langileen Alderdiak hamahiru daramatza; chavismoak hemezortzi, eta hori jakina, oso garrantzitsua izaten ari da norabide aldaketan». Gobernuon «akatsak» identifikatzerako orduan, berriz, «proiektua aurrera ateratzeko antolaketa politikoaren gabezia» litzateke larriena Boronen irudiko: «Oro har, antolaketa egiturak lidergo baten zuzendaritzaren mendera jarri dira. Liderraren hatz jakintsua dago, eta bera da erabakiak hartzen dituena, ez herri mugimenduak. Horrek barne arazoak eta nekeak ekarri ditu».

Jendearen deskontentuak ere sortu du gobernuen nekea. «Agintariek pentsatzen zuten politika sozial eraginkorrekin eta kontsumoaren hedapenarekin legitimotasun politikoa lortuko zutela, herritarren leialtasuna, baina hori ez da horrela. Kontsumoaren ongizateak ez du hegemonia politikoa ekartzen».

Pobreziatik ateratako milaka pertsonaren haserrea baitago. Eta horrek azalpen bat badu Boronentzat: «Jende horrek sektore popularreko izaten jarraitzen du; heziketa jaso du, lehen baino egoera soilagoa du, klase ertaina du erreferentzia, eta, beraz, izango balitz bezala jokatzen du, baina ez da. Masa bat badago kontzientziarik garatu ez duena, kontsumitzeko gaitasuna baizik».

Carlos F. de Angelisen ustez, behartsuenei laguntzeagatik klase ertainaren kritikak dira gobernuon etsairik okerrenak: «Alferrei laguntzeko direla esaten dute, ez dutela lanik egiteko beharrik sentitzen. Eta diskurtso enpresariala bereganatzen dute. Hor eztabaida ideologikoa dago, oso sendo, eskuinak bere alde dituen botere faktiko guztiak erabili ditu ideologia horren alde».

Gizarteok aurrera ateratzeko aro honetan estatuak hartutako pisua gehiegizkoa gertatzen ari da orain, laguntza ekonomikoak, osasun sistema, hezkuntza, etxebizitza janaria... ahalbidetuko dituzten baliabide ekonomikoen faltan. Lehengaietan oinarritutako ekoizpen sistema aldatzen ez asmatzea izan da Latinoamerikaren arazorik handiena, eta kanpoko merkataritzarekiko menpekotasunak ekonomikoki eutsigarriak ez diren estatu sistemak bilakatu ditu, F. de Angelisen ustez: «Herrialde hauetako ezberdintasun soziala arintzeko balio izan du estatuaren parte hartzeak, baina ekonomiaren krisiaren ondorioz, estatuek ez dute nahikoa baliabide laguntza sozialen eredua mantentzeko. Brasilen, adibidez. 30 milioi pertsona pobreziatik ateratzeko. Nola mantendu etengabe laguntzak?».

«Eskuina, ordena jartzera»

2016an gidaritza politikoa berreskuratu du eskuinak Argentinan Mauricio Macri presidenteak hauteskundeak irabazita; gobernua eraitsi nahian dabiltza Venezuelan eta Brasilen, eta Bolivian eta Uruguain aurrez aurre dituzte oposizioak.

Baina nor da eskuina? Carlos F. de Angelisen arabera, «Latinoamerikan sozialdemokraziaren rola okupatu du. XX. mendean eskuina alderdi militarra zen. Baina orain finagoa da, diskurtso berri bat du. Seduzitzailea da. Ez du esaten ongizatearen gizartea kenduko duela; hobetuko duela esaten du. Dirua ez zela ongi erabili dio. Joko demokratikoan sartu da, eta bozak irabaz ditzake. Hori ez da inoiz pasa Latinoamerikan. Eskuina ez da inoiz popularra izan. Eskuinak estatu kolpez irabazi izan du orain arte, baina orain beste itxura bat hartu du».

Ez dator bat ideia horrekin Atilio Boron: «Hau betikoa da. Klase borrokak erabatekoa izaten jarraitzen du, borroka soziala da, ereduen borroka, formak aldatuta ere».

AEBen estrategia

Mendebaldeko potentziak aro aldaketa azkartzen laguntzen ari dira, merkatuaren liberalizazioari atea zabaltzen baitio. Horrez gainera, AEBak daude, gerturatzeko estrategia geopolitiko bati lotuta. Eskuinaren izaeraz bezala, Atilio Boronek eta Carlos F. de Angelisek ez dute bat egiten AEBak jokatzen ari diren rolari buruz. F. de Angelisen ustez, «ez da garrantzitsua. Harremanak estutuko dituztela agerikoa da, baina ez da 1980ko eta 1990eko hamarkadetako esku hartzea errepikatuko. Latinoamerika dagoeneko ez zaie interesatzen». Boronek gogor kritikatu ditu F. de Angelis bezala pentsatzen duten intelektual eta iritzi emaileak: «Eskuinak sinetsarazi nahi duena justifikatzen ari dira. AEBen nahia da kontrola berreskuratzea mugarritzat jo duen eta joko duen eremuan. Latinoamerikak euste harresi gisa balio izan dio beti». Dagoeneko Argentinan Barack Obama AEBetako presidenteak Mauricio Macrirekin egindako segurtasun akordioak jarri ditu adibidetzat: «AEBetako tropen mugimendua baimentzen dute, besteak beste. Izugarria da». Arlo militarrean ez ezik, ekonomikoan ere «erabatekoa da interesa merkatua hedatzeko».

Etorkizuna, berriz, ez du argi ikusten Boronek: «Inklusio, ezegonkortasun eta ziurtasunik ezaren garaian gaude. Gauzak alde batera edo bestera joan daitezke. Ez dut partekatzen ziklo hau amaitu dela diotenen teoria». Gogoratu duenez, Boliviako presidente Evo Moralesi hiru urte geratzen zaizkio gobernuan eta Ekuadorko Rafael Correak babes handia du oraindik. «Ez dago argi ere, Dilma Rousseffenak berea egin duen erabat. Lulak jarrai lezake bere bidea». Venezuela beste kontu bat da: «Oso arriskutsua dago, gerra zibilaren atarian».

Dena den, Boronek uzten dio zirrikiturik esperantzari: «Ezkerra ez da hutsean geratzen; herritar talde kritiko, militante eta borrokalari bat sortu da, eta motorea izaten jarraituko du inperialismoaren kontrako borrokan».

Baina estatuen liberalizazioak egoera ahulenean bizi direnen sufrimendua areagotuko dutela uste dute biek. F. de Angelisentzat estatuak laguntzen dituen behartsuenak «kale gorrian» geratzeko arriskuan daude. «Pobrezia geografiaren parte da gure herrietan, baina hemendik aurrera jende gehiago biziko da kalean, ezer gabe». Boronentzat, berriz, «frustrazio handia izango da gehiago nahi eta ezerekin geratuko diren herritarrentzat».

BERRIAn argitaratua (2016/05/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA