astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

iritzia

Zenbat neskak erabakiko dute feminista izatea?

Anna Gabriel i Sabate

Zenbat neskak erabakiko dute feminista izatea? Anna Gabriel i Sabate

Beste mundu batetik iritsiriko norbaitek, hau da, besterik gabe, gizarte igualitario batetik iritsiriko norbaitek pentsatuko zuen Kataluniako politikan inoiz ez bezala irain matxisten kanpaina bat egin izanak berekin ekarriko zuela aurrerantzean halakorik ez izateko oinarri sendo bat. Hain zuzen, halako kanpaina bat sufritu genuen, orain dela hilabete gutxi batzuk, bereziki Candidatura d'Unitat Popular-Crida Constituent-eko emakumezko diputatuek.

Sare sozialak eskuetan, ehunka aldiz aipatu zituzten gorputzak, orrazkerak, sexualitatea, itxura, bizitza afektibo-sexuala eta janzkera, gatz gutxiago edo gehiago erabilita, arrakasta handiagoa edo txikiagoa bildurik erantzunetan edo birtxioetan. Ehunka aldiz. Asteak joan, asteak etorri, eta horixe zen sareen giharra.

Egunkari batzuek bat egin zuten kanpainarekin, iritzizkoak izeneko artikulu batzuen bitartez, eta kazetari batzuek —eta barka bezate egiatan kazetari direnek— eta tertuliakide batzuek erabaki zuten beren ekarri berezia egin behar ziotela orduko bizitza politikoari, betiere matxismoaren bidetik, hau da, emakume izatearen arabera epaituz eta adjektibatuz.

Kanpainak gehiago edo gutxiago eragingo zion irainduriko emakume bakoitzari, baina, batez ere, beste ondorio batzuk izan zituen, are mingarriagoak, gure ustez: gizon-emakume askoren isiltasun konplizea; pertsona hurko edo enpatiko askok harturiko kolpea, sufritu eta haserretu egin baitziren; eta ondoriorik makurrena, neurtzen zaila delako, hain zuzen: neska gazteengan izan lezakeen eragina.

Zenbat haurrek eta neska gaztek atxiki dute gogoan emakumeari, politikan, irain egiten zaiola etengabe? Haietako zenbatek pentsatuko dute hobe dela ordezkaritza kolektiboko kargu bat betetzeko borondaterik ez izatea? Ez baitute nahi iraindu ditzaten eta objektu sexual gisa begira diezaieten... Haietako zenbatek dakite, seguru baino seguruago jakin ere, ez dutela nahi talde parlamentario baten bozeramaile izan handitzen direnean? Eta haietako zenbatek sentitzen dute emakume horiek beren toki naturaletik ateratzen ausartzeagatik iraindu dituztela; alegia, dagokien tokitik, sumisioaren espaziotik ateratzeagatik iraindu dituztela?

Horra hor matxismoaren larria, emakumeak zentzatzeko duen borondatea. Egiaz, emakume guztiak iraindu nahi ditugu, eta horregatik iraintzen ditugu emakume batzuk. Galarazi egin nahi dizuegu nahi duzuena izan zaitezen, eta ukatu egiten dizuegu, bai horixe, gizonei onartzen diegun kategoria. Gorputz gisa tratatuko zaituztegu, eta, beraz, gorputz hori zigor eta umiliazio zelai gisa erabiltzen segituko dugu. Jo eta ke ariko gara, zuek dudan jarri arte ea merezi duen egiten ari zareten horrek... eta, beharbada, minaren minez, lortuko dugu amore eman dezazuen.

Horixe izan zen irain kanpaina: emakume guztientzako mezu bat bidaltzea, CUPeko emakumeez baliaturik —Nekane-ak, kanpainan aritutako batzuen hitzetan—. Baina mezua emakume guztientzat da. Emakume askok lehendik ikasia izango dute, eta ez dira ausartuko patriarkatuaren bide estutik ateratzen. Beste asko, agian, hobeto pentsatzen ariko dira zer izan nahi duten handitzean. Pertsonak ez baitu nahi irain dezaten. Gutako inork ez baitu nahi jo, bortxatu edo hil dezaten.

Hortxe dago, bada, gertaturikoa, sareen eta hemeroteken memorian. Hortxe dago, era berean, ezker independentistako emakumeek eman zuten erantzuna: prentsaurreko batean irainak erantsi kanpaina feministari, haiei indarra kentzeko. Geure egin genituen irainak, geure ahotsa eta geure gorputza eman, eta gogorarazi genuen zein borrokak eta zein printzipiok gidatzen gaituzten; halako irainak sorrarazten dituzten borroka eta printzipio horiek berak.

Eta prentsaurreko hartan, geroago izaniko mintzaldietan eta ondoren etorriko direnetan, samurtasun bereziz begiratu nahi izan genien neska gazteei.

Esan nahi izan genien hortxe gaudela, eta sare bat izango garela kaltebera sentitzen direnean. Badakigu-eta kontua ez dela heroi izatea edo harria baino gogorragoa izatea, baizik eta erantzunez eta alternatibaz osaturiko proiektu kolektibo bat edukitzea. Esan nahi izan genien egia dela gutako bat ukitzean denok ukitzen gaituztela.

Gustura esango genien ez dela berriro izango halako irainik, denek gogoan hartu dugula zer gertatu den, eta gure gizarteak ez duela onartuko berriro halakorik. Baina ez. Hori ezin izan genien esan. kanpaina asko izango dira oraindik, eta tentsio politiko handiko garaiak, eta irainez erantzuten ari dira eta erantzungo dute. Badakigu.

Guk, behintzat, ez dugu atzera egingo. Baina... neska gazteek?

Haietako zenbatek erabakiko dute feminista izatea? Asko izango direlakoan gaude... Hori izango litzateke kanpainaren porrotik handiena. Eta gure garaipenaren parte bat.

(Erredakzioan itzulia)

BERRIAn argitaratua (2016/04/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA