iritzia
Tess Asplund
Kattalin Miner
Irudia tatuatzeko modukoa da, eta irudi sekuentzia oilo ipurdia jartzeko modukoa. Hain zuzen, neonaziek pausoa firme aurrera egiten duten artean, haietako bati begirada iltzatuta geratzen zaio Asplund, eta, azkenerako, gehiago ezin jasan, eta bultzada ematen dio neonaziak.
Faxistek inpunitate eta legalitate osoz egiten dituzte haien erritual performatiboak; ez Suedian bakarrik, tamalez nik neuk bizi izan baititut urriaren 12 pare bat Bartzelonan zein Madrilen, eta hementxe diotsuet ez dudala inoiz nire erraietan Asplunden adorearen laurdenik sumatu izan.
Argazki horrek, ordea, ez du sinbolismo bat bakarrik adierazten, aukera bat jartzen digu mahai gainean, plazan; hain zuzen, beldurraren eta arrazakeriaren aurrean planto egiteko aukera bat zabaltzen du lau haizeetara. Indar betez aurrean paratu eta ezetz esateko aukera. Aurrean izango gaituztela adierazteko bidea. Bai, beldurra aldez aldatzera doan abisua.
Emakumeok, herri zapalduok, arraza gutxietsiek, besteok, historia sortu eta aldatu behar izan dugu ia beti. Asplund andrea, ordea, ez da atzo jaioa, kazetariek galde egin diotenean zergatik altxatzen ote zuen ukabila (kazetaritzaren gainbehera unibertsala da), Asplundek erantzun du 20 urte daramatzala ukabila jaitsi gabe. Borroka, beraz, ez da ekintza honekin jaio; baina gaur, ordea, badugu izen bat, badugu aurre egite bat eta badugu argazki bat, eta gorde-gordeta geratuko zaigu ukabila jaisteko prest ez gauden guztiongan.