astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

gizartea

31,5 milioi euro urtean: 2051 arte

Arantxa Iraola

31,5 milioi euro urtean: 2051 arte

769,892 milioi euro. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietan hondakinak kudeatzeko egin asmo duen azpiegituraren lehenengo faseak —horren barruan egingo da errauste planta bat— kostu hori eragingo du datozen 35 urteetan. Egitasmoari buruzko bideragarritasun planetik ateratako datua da, aintzakotzat hartzeko modukoa. Izan ere, martxoan, urgentziazko bilera batean, kontsortzioak estatutuak aldatu zituen azpiegitura eraikitzea eta kudeatzea esku pribatuetan utzi ahal izateko, eta kopuruak garrantzitsuak dira, ikusteko zenbateko diru zama izango duen Gipuzkoak datozen urteetan hondakinen kudeaketan.

BERRIAk eskuraturiko planaren arabera, urtero, lantzen ari diren hipotesi nagusiaren arabera —beste hainbat ere aztertu dituzte dokumentuan—, erabilgarritasunagatik 28,9 milioi pagatu beharko dira urtean, eta tratatzen diren hondakin tonengatik, 2,6 milioi. Deigarria da, erabilera ez, erabilgarritasuna sarituko dela. Bi kopuruak batuta, 31,5 milioi euro dira urtean, eta 35 aldiz biderkatuta, mila milioi eurotik gora. Bada beste datu deigarri bat: BEZ balio erantsiaren gaineko zergarik aintzat hartu gabeko kopuruak dira. Erantsita, 1.216 milioi euro. Egungo diruaren balioa aintzat hartuta egin dute, ordea, kalkulua bideragarritasun planean, eta horregatik da apalagoa txostenean emandako zenbakia: 769 milioi euro pasatxo, BEZik gabe.

Esana zegoen 200 milioi euroko kostua izango zuela Zubietako azpiegituraren lehen fasearen eraikuntzak; horren barruan egingo dituzte errauste planta eta TMB planta bat hondakinak tratatzeko. Kopuru horretatik ez da asko urrundu bideragarritasun planean jartzen duena: 217,5 milioi euro izango dira, orotara. Akziodunentzako ziurtatuta daude irabaziak planeko hipotesi guztietan; hipotesirik apalenean, %8,9 dira, eta lantzen ari diren hipotesi nagusian, %10,5. Horrek esan nahi du irabazietan bakarrik 80 milioi euro gastatuko direla datozen 35 urteotan. Zentroa kudeatzen duen enpresaren diru iturri nagusiak erabilgarritasunagatik eta trataturiko hondakin tonengatik jasoko dituen tarifak izango direla argi dio bideragarritasun planak; aukera izango du errauste plantatik sortzen den energia saltzeko, eta beste hainbat material ere —ontzi arinak, metalak, papera...— salerosgai gisara erabiltzeko. Horietatik jasoko diren ekarpenak «bazterrekoak» izango direla jartzen du, ordea. Interesetan ere dirutza joango da: planaren arabera, 239 milioi euroko finantzaketa ziurtatu beharko da egitasmorako.

Eta murrizketarik ezingo da izan diru iturrietan. GHKren barruan bildutako mankomunitateetako udalek beste zerbitzurik ezingo dute hautatu hondakinak tratatzeko; «esklusibotasuna» ziurtatua izango du kudeaketa zentroaren ardura duen enpresak. Era horretan, ezarritako tarifa ordaindu beharko dute mankomunitateek hilero, eta, gainerakoan, gainkargadun ordainak kobratuko zaizkie. Hondakin tona gutxiago sartzen direlako diru sarrerak apaltzeko arriskua bada ere, enpresaren alde egingo da. Tarifa berriro kalkulatuko dela ipintzen du: «Goraka».

Enpresa hautatzeko bidea

Bideragarritasun plan horri gaur onespena emateko asmoa du GHK-k. Akaso egongo dira aldaketak, baina enpresei egingo zaien eskaintzaren oinarria plan horrek zedarrituko du. Ezinbesteko urratsa da Zubietako egitasmoarekin aurrera jarraitzeko. Udaberri honetan bertan zentroa eraiki eta kudeatzeko prest dauden enpresen eskaintzak jasotzea da asmoa. Martxoan egin zuten agerraldian enpresa handi eta garrantzitsuak espero dituztela jakinarazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok eta diputatu nagusi Markel Olanok. Udazkenean —urriaren 1ean, bideragarritasun planaren arabera—, enpresa egokiena zein den hautatzea da asmoa, eta 2017aren hasieran obrak hastea. 28 hilabeteren buruan bukatzea da asmoa, eta hondakinak tratatzeko zentroa martxan jartzea 2019ko maiatzean: 2051. urtera arte. Planaren arabera, kontzesioa 35 urtekoa izango da; operazioa, berriz, 32 urte eta erdikoa.

Oposizioko taldeek eta hainbat gizarte eragilek gogor kritikatu dute egitasmoa bera —errauste plantarik ez dela behar adierazi dute behin baino gehiagotan—, eta zentroa enpresa pribatuen esku uztea ere ez dute begi onez hartu. Martxoan, GHK-k estatutuak aldatu zituenean, guztiaren atzean «negoziotzar» bat egiteko asmoa besterik ez dagoela adierazi zuten hainbat taldek. Estatutuen aldaketa, gainera, «ezkutuan» egin zela gaitzetsi zuten, moldaketa Aste Santuko oporren atarian egin baitzen. Albisteak ahalik eta hauts gutxiena harrotzea nahi izana deitoratu zuten.

Bideragarritasun planak berak argi uzten du garai batean espero zena baino txikiagoa izango dela eraikiko den errauste planta; Gipuzkoan hondakinak gaika biltzeko urratsa egin ahala, erretzeko azpiegiturara bideratu ahal izango den zaborra gero eta urriagoa dela argi eta garbi erakutsi dute datuek. Urtean 320.000 tona erretzeko azpiegitura egin nahi zen 2010ean; 242.000 tona erretzeko bat egitekotan dira orain. Lehenengo plangintzan aintzat hartzen zen, halaber, geroan azpiegitura handitzeko plana; guztiz baztertuta geratu da.

BERRIAn argitaratua (2016/05/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA