kirola
Trapu zaharrekin, trajea
Aitor Manterola

Datu horiek kontuan izanda, miraritzat har daiteke azeriek egindako balentria. Ligako talde apalenetako bat txapeldun izatea hala delako. Datu horietaz gain, badira beste batzuk ere gauza bera aditzera ematen dutenak. Bat hau da: jokalariak ia ezezagunak ziren orain arte, salbuespenak salbuespen. Futbola erabat mediatikoa den garaiotan, beste batzuen distiratik oso aparte bizi izan dira orain arte Leicesterrekoak. Lehen Mailako jokalariak bai, eta ez denak, ez askoz gehiago. Bada, horiek lortu dute futbolean aspaldian izan den balentriarik handiena. Urteetan atzera eginez, Leicesterrek egindakoa Greziak 2004ko Portugalgo Eurokopa irabazita lortu zuenarekin aldera daiteke.
Liga hastearekin batera nabarmendu zen Claudio Ranieri italiar entrenatzailearen taldea. Buruan jarri zen, eta hor jarraitu du txapeldun egin den arte. Bi partida falta direla irabazi du, gainera. Denboraldia aurrera joan den neurrian, jokalari multzotik batzuk nabarmendu dira, eta, dagoeneko, ezagun-ezagunak dira Kasper Schmeichel atezaina, N'Golo Kante erdilaria, eta Riyad Mahrez eta Jamie Vardy aurrelariak. Horra taldearen zutabea. Izarrak, nolabait esateko. Baina izarrak orain dira, ez lehenago. Bakoitzaren ibilbidea aztertzea baino ez dago horretaz jabetzeko.
Peter Schmeichel atezain handiaren semea Manchester Cityn hasi zen, eta, makina bat taldetan utzita ibili ondoren, Leeds Unitedek erosi zuen 2010-11ko denboraldian. Notts Countyri erosi zion. Leeds Unitedek ez zuen sosik ordaindu, eta Leicesterrek 1,68 milioi eurotan erosi zuen duela bost denboraldi. Bigarren Mailan zen taldea orduan. Orain, 29 urteko atezainak bost milioi euroko balioa dauka merkatuan, Transfermarket webgune ezagunaren arabera.
Kante frantziarrak —Maliko naziotasuna ere badu— herrialde horretako Hirugarren Mailan jokatu zuen 2012-13ko sasoian, Boulogne taldearekin. Bigarren Mailako Caenek fitxatu zuen hurrengo sasoian, batere sosik ordaindu gabe. Hantxe egon zen denboraldi hau hasi arte, orduan fitxatu baitzuen Leicesterrek, bederatzi milioi euro ordainduta. Orain, hamar milioi euro pasatxoko balioa du.
Kante, Mahrez, Vardy...
Mahrez duela bi denboraldi heldu zen Leicesterrera, Bigarren Mailan jokatzera. Le Havren ari zen, Frantzian, eta milioi erdi euro ordaindu behar izan zituzten azeriek Mahrez fitxatzeko. Frantziako Bigarren Mailan ari zen jokatzen Aljeriar jatorriko jokalaria. Orain, hogei milioi euroko balioa dauka, eta Ligako jokalari onenaren saria eman diote.
Vardyren ibilbidea ere ondo behetik dator. Leicesterrera heldu aurretik zein taldetan ibili zen ikustea nahikoa da: Sheffield Wednesday, Stocksbridge, Halifax Town eta Fleetwood Town. 2012-13ko sasoian fitxatu zuen Leicesterrek; 1,24 milioi euro ordaindu zituen horretarako. Hamabi milioi euro balio du orain.
Gainerako jokalarien aurreko ibilbidea ere apala da gehienen kasuan. Shinji Okazaki aurrelari japoniarra Alemaniako Mainzetik fitxatu zuten; Leo Ulloa aurrelari argentinarra, Brightonetik; Marc Albrighton erdilaria, Aston Vilatik; Wes Morgan erdiko atzelari jamaikarra, Notthingam Forestetik; Robert Huth beste erdiko atzelaria, Stoke Citytik; Danny Simpson ezker hegaleko atzelaria, Queens Park Rangersetik. Daniel Drinkwater erdilaria ere talde apaletan ibilia da, nahiz eta Manchester Unitedek fitxatu zuen lehenago; baina talde handi horretan ez zuen batere aukerarik izan. Gauza bera gertatu zitzaion Robert Hugh erdiko atzelariari Chelsean. Beste hainbat taldetan ibili eta gero, Leicesterren bukatu du.
Handik eta hemendik bildutako jokalariak zuzentzeko ardura Ranieriri eman zion klubeko jabeak, Vichai Srivaddhanaprabha thailandiarrak. Denboraldia hastear zela gertatu zen hori, eta aukera horren atzean gertakari oso iluna dago. Berez, Nigel Pearsonek jarraitu behar zuen aulkian, taldea maila gorenera igo eta bertan jarraitzeko aukera bermatu zuen entrenatzailea. Baina joan zen udan, Thailandiara joan zen taldea partida batzuk jokatzera, eta hantxe lehertu zen dena. Jokalari batzuek, tartean Pearsonen semea, sexu gehiegikeriak egin zizkieten emakume batzuei, eta nagusiak denak bidali zituen kalera; baita entrenatzailea ere.
Uztailaren 13an egin zen ofizial Ranieri izango zela entrenatzailea. Talde askotan eta herrialde ugaritan ibilia, azkeneko lanean ez zitzaizkion gauzak batere ondo atera. Greziako selekzioaren ardura eman zioten 2014ko Munduko Koparen ondoren, baina aurtengo Eurokopara sailkatzeko fasea hasi berritan, emaitzak oso txarrak izaten ari ziren, eta, Faroe uharteen aurka etxean 0-1 galdu ondoren, kalera bota zuten Ranieri. Lau partida baino ez zizkion zuzendu Greziari.
2014ko azaroan bota zuten kalera, eta zortzi hilabetera gauzatu zen Leicesterrekin tratua. Inoiz Ligarik irabazi gabea entrenatzaile gisa, askotan bigarren egina, inor gutxik jokatuko zuen ezer Ranieri eta bere Leicesterren alde. Baina hasieratik errespetua sortu zen jokalarien eta entrenatzailearen artean, italiarrak bere ideia batzuk albora utzi eta gero, eta elkarrekin dotore uztartuz, txapelketa irabazteraino joan dira jostuna eta jostunari taldeak jarritako trapu zaharrak. Traje dotoreena osatu dute denen artean.