astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

mundua

Estatu Islamikoa, jihad globala indartzeko bidean

Ricard González

Estatu Islamikoa, jihad globala indartzeko bidean

Anbizio pertsonalen auzi batean ez ezik, desadostasun estrategiko garrantzitsu batean oinarritzen zen Estatu Islamikoaren (EI) eta Al-Qaedaren arteko zatiketa. 1990eko urteetatik, Bin Ladenen ustez, lehenbizi urrutiko arerioa garaitu behar zen, Mendebaldea, eta, gero, arerio hurbilekoari heldu, arabiar erregimen «desleialei», eta orduan bakarrik aldarrikatu ahalko zen «kalifa-herri bat». Mendebaldean atentatuak eginik, Bin Ladenen asmoa zen Mendebaldeko armadak Ekialde Hurbilera erakartzea, eta armada horietako kide asko hiltzea, erretiratzera behartzeraino, arabiar erregimenak beren kasa utzita.

EIko hainbat buruzagik, ordea, nahiago zuten hurrenkera alderantziz izatea: lehenik, aurre egin behar zitzaien eskualdeko estatuei, batik bat ahulen eta sektarioenei —Siriari eta Iraki, esate baterako—, eta, behin lurraldeko zerrenda baten kontrola bereganaturik, «kalifa-herri bat» aldarrikatu. Eta estatu panislamiko berria indartu eta mugaldeak hedatutakoan etorriko zen, eta orduan bakarrik, Mendebaldeko armaden kontrako gerra erabatekoa. Horregatik, argudio hau zerabilten: musulman guztien betebeharra zela, baita Mendebaldean bizi zirenena ere, emigratzea Siriako ekialdearen eta Irakeko mendebaldearen artean zegokien lurralde zerrendara. Eta, pixkanaka, hedatuz joan ziren mundu islamikoan barrena; batik bat, huts egindako estatuak ziren herrialdeetan: Yemenen eta Libian, esaterako.

Hala ere, halako batean, mugimendu jihadistetako buruzagiek aldatu egin zituzten hasierako planak, eta Mendebaldean atentatuak prestatzeari ekin zioten. 2015eko otsailean ezagutarazitako bideo batean, «Frantziako desleialen artean bizi ziren anaiei» mintzatu zitzaien EIko arduraduna, eta lehenbizikoz agindu zien ez emigratzeko Ekialde Hurbilera, baizik eta atentatuak egiteko han, «eskueran zeuzkaten armak erabilita». Jihadismo transnazionalak, bada, jihad globalera jo zuen atzera. Gaur egun, 400 pertsona inguru izango dituzte Mendebaldean atentatuak egiteko entrenatuak, AP agentziakoek hainbat informazio zerbitzu aipatuta albiste batean jakinarazi zutenez. Urregorrizko galdera: zergatik aldatu zituzten gidalerroak?

Eta hauxe da erakundearen beraren arrazoibidea: mendeku bat dela, AEBak buru dituen koalizio batek —zeinean parte hartzen baitute Europako herrialde nagusiek— 2014ko udazkenetik egin izan dizkien bonbardaketen kontrakoa. Bere propaganda magazinean, Dabiq-en, honela deskribatu zituzten azaroan Parisen izandako atentatu basak —130 pertsona hil ziren—: «Alak aginduriko zigor bat», «kalifa-herria» bonbardatu zuten «gurutzatuen» kontrakoa. Atentatu haiek mugarri bat ezarri zuten, lehenbizikoz koordinatuak izan baitziren, eta ongi entrenaturiko operatiboek egindakoak. Haien aurreko atentatuak, hala nola Bruselan 2014ko maiatzean Holokausto museoaren kontra eginikoa, ustez taldearen jarraitzaile batzuek egin zituzten beren kasa; «otso bakarti» deritzen horietako batzuek, hain zuzen.

Bada beste interpretaziorik ere, hala nola Oliver Roy adituak kutunen duena: alegia, EIk jihad globalera jo izana haren ahultasunaren ondorio dela, bere lurralde hedapenean aurrera egin ezinik dagoelako. IHS think tank taldearen ustez, milizia jihadistaren «kalifa-herriak» bere lurraldearen %15 galdu zuen 2015ean. «Taldea blokeatuta dago. Horrek sinesgarritasun arazo bat dakarkio, eta tirabirak sortzen dizkio barnean. Daex-eko [arabierazko akronimoa] estrategek beste fronte bat zabaldu dute»; hala argudiatu zuen analista frantsesak Kanadako egunkari batean joan den azaroan, Parisko atentatuak izan eta gutxira.

Nolanahi ere, argudio hori ez da erabat sinesgarria. EIk atentatuak egingo zituelako mehatxua bota zuen lehen aldian, artean ez zen hasia lurraldean atzera egiten. Terrorismoaren kontrako borrokan adituak diren beste batzuek, hala nola Fernando Reinaresek, eztabaidatu ohi dute Mendebaldeari erasaten hasteko estrategia aldaketa nozioa bera. «Besterik gabe, gure gizarteetan baliatzen hasi dira, horretarako behar zituzten gaitasunak bereganatu orduko»; hala idatzi berri du El País egunkarian argitaraturiko iritzi artikulu batean, eta Belgikako agintariei gogorarazi behin zapuztu zutela atentatu sofistikatu bat Bruselan, 2015eko urtarrilean.

Propaganda eta hedapena

Nolanahi ere, analistak bat datoz EIren asmoa zela bere erasoen bidez tirabirak sorraraztea gizartean, gutxiengo musulmanen eta gainerako herritarren harremanetan. Europan egindako atentatu orok elikatzen du islamofobia eta eskuin muturrekoaren igoera lasterra, eta musulmanak Kontinente Zaharrean integra daitezen zailtzen. Eta ur uher horietan arrantzatzen dute EIren errekrutatzaileek. Gogoan izan behar da Solfan Group think tank taldearen arabera Europatik datozela beren borrokalarietatik 5.000 baino gehiago, guztien %20.

Azkenik, Al-Qaedaren eta EIren arteko lidergo borroka bera da horren azalpen moduko bat. Gaur-gaurkoz Aiman al-Zawahiri buru duen erakundeko ehunka operatibok desertatu izanak ekarri zuen, berriz, EIren igoera lasterra. EI ekintza ikusgarriek egiten dute hain erakargarri: besteak beste, Mosul armaz hartzeak, eta Mendebaldeko bahituei burua mozteak. Agerikoa da Parisko eta Bruselako atentatuen propaganda efektua: Al-Qaeda ahuldua ordeztu nahi du EIk, baita hura ospetsu egin zuten eremuan ere: nazioarteko terrorismoan.

Halako ekintza ikusgarriei esker, kalitate bisual handiko bideo eta magazin bidez hedatu baitira Interneten, lehendik ere existitzen ziren talde jihadistak limurtu dituzte: hala nola Boko Haram, Nigerian, eta Ansar Bait al-Maqdis, Egipton. Biek ere zin egin dute leial izango zaizkiola EIri, eta miliziaren eskualdeko adar bihurtu dira. Irakeko kartzeletan sortua da milizia, eta, gaur egun, erakunde ezinago global bihurtu da; han eta hemen hedatu ditu bere garro luzeak: herrialde arabiarretan eta Mendebaldean ez ezik, Saharaz hegoaldeko Afrika musulmanean, Asia Erdialdean eta Indonesian ere; halaxe ageri du haren atentatuen nondik norakoak, gero eta eremu zabalagoa hartzen baitu mapan.

BERRIAn argitaratua (2016/05/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA