astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

bizigiro

Handikien aurka altxatu ziren

Urtzi Urkizu

Handikien aurka altxatu ziren

Goseak hortzak beti zorrotzak», dio esaera zaharrak. «Gizon goseak bake guti», dio beste batek. Karlos III.a Borboikoa Espainiako erregea zen XVIII. mendearen erdialdean, pobreen dozenaka altxamendu piztu zirenean, bai Euskal Herrian bai beste lurralde batzuetan. Gosearen beldur atera ziren kalera herritarrak. Erregeak ekoizleen ekimen askean eta lursailen lanketa gidatuan oinarritutako politika ezarri zuen. Horren aplikazio bat izan zen 1765eko uztailaren 12ko Errege Pragmatika; kanpotik zetozen aleen tasak kentzea eta produzitzen ziren udalerri eta eskualdeetatik oztoporik gabe kanpora ateratzea ahalbidetu zituen. Lege aldaketa egin zenean, uzta txarreko urtea zen, eta lehen ondorioa aleen prezioa igotzea izan zen. Gipuzkoak, bere beharrak asetzeko adina gari produzitzen ez zuenez, izugarri nabaritu zuen prezioen gorakada.

1766. urtea. Despotismo ilustratua. Elite bat zegoen, lur-jabe handiak. Herria, berriz, larri. «Esterripa jesuitak prokuradoreari idatzi zionaren arabera, lan soldata hutsaz ez zen ogia erosteko iristen», azaldu du Iñigo Aranbarri idazleak. «Nahiz eta Probintzia saiatzen zen biltegiak hornitzen, alearekin espekulatzen hasi ziren, gariak eta artoak ikaragarri gora egin zuten, eta jendea kalera atera zen». Azkoitian eta Azpeitian (Gipuzkoa), 1766ko apirilaren 14an altxatu ziren herritarrak. Inguruetako herrietara zabaldu zen ondorengo egunetan. Juan Madariaga historialari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak espekulazioari egotzi dio gatazka haren sorrera: «Oligarka batzuek oinarrizko lehengaiak kontrolatzen zituzten, eta lege berriek aukera gehiago eman zieten espekulatzaileei prezioak igotzeko. Horrela diru gehiago irabazteko». Irakasleak azaldu duenez, aberats espekulatzaile eta kontsumitzaile pobreen arteko gatazka bat izan zen hura.

1766ko matxinadaz idatzi du Aranbarrik Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuan —Peñaflorida kondearen El borracho burlado (Mozkorra parregarri) operaren estreinaldiarekin (1764) uztartu du—. Gertakariak Apirila eleberrian ere jaso zituen idazleak duela bi urte. «Matxinadan parte hartu zutenen artean, Loiolako kolegioa egiten ari ziren langileak, baserrietako maizterrak eta kaleko artisauak zeuden. Baita burdinoletako jendea ere», dio.

Apirileko egun haietan, eliteen buru gainera pasatu zen beldurra. «Garai hartako kronikak irakurrita, handikien deklarazioetan ikusten da beldurra pasatu zutela, haien boterea zalantzan ikusi zutelako». Apirilaren 15ean sinatu zituzten Azpeitian eta Azkoitian kapitulazioak, gariaren prezio berria finkatuz. Bi herrietan sokadantzarekin ospatu zituzten lege matxinoak, eskurik esku herriko estamentu guztiak elkarrekin zirela. «Jende arruntaren poz lainoa. Dantza bat. Ez du asko behar bajuak», irakur daiteke Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuan.

Baina matxinoak ez ziren horrekin konformatu, Aranbarrik esan duenez: «Matxinada gertatu eta egun batzuetara, eskatu zuten udal batzarrak plazan egin zitezela eta jende guztiak izan zezala boto eskubidea. Lursail handiak guztien artean banatzeko eskatu zuten, baita baserrien errentak jaisteko ere».

Gariaren matxinada ere deitua, Ildefonso Gurrutxaga Azpeitiko abokatu eta historialariak testu bat idatzi zuen gertakari haien inguruan, 1933. urtean, Yakintza aldizkariak argitaratu zuena. Testua euskaratu, eta liburuxka batean atera du Azpeitiko Udalak, bi hizkuntzetan. Testuingurua ulertzeko azalpen baliagarriak biltzen ditu: «Gustura ez egoteko arrazoiak baziren Azpeitian. 1766. urtearen hasieran, udalak enkantera atera zuen haragi-hornidura; hautagai bakarra aurkeztu zen, eta haragi libra zazpi errealetan eskaini zuen. Prezioa garestiegia zela irudituta, otsailaren 24an berezien udala elkartu zen, eta batzorde bat izendatu zen, haragia arrazoizko prezioetan salduko zuen hornitzaile bat bilatzeko; hala behar izanez gero, zergetatik 15.000 erreal hartzea erabaki zen, hornitzaileak sustatzeko eta haiei laguntzeko». Herritarrak ez zeuden gustura, «ileordedunek» kontsumitzen zutelako gehienbat haragia, eta haragiaren prezioa jaisteko kontzejutik herri osoaren dirua hartzen zutelako. Gari aleen garestitzea ikusita, ez zen halako neurririk hartu.

Jauntxoen mendekua

Aranbarriren arabera, emakumeen rolak «berebiziko garrantzia» izan zuen 1766ko matxinadan: «Errepresaliatuen artean emakumeen zerrendak daude. Errenteriako (Gipuzkoa) kartzelara eraman zituzten emakume matxinoak». Madariagaren arabera, «are garrantzitsuagoa» izan zen emakumeen rola Lapurdiko matxinada batzuetan: «Adibidez, Hazparneko matxinadan. Lapurdiko matxinada batzuetan, emakumeek eraman zuten matxinada aurretik, eta gizonen rola bigarren mailakoa izan zen».

Espetxe zigorrez gain, Gipuzkoako Diputazioak 1766ko maiatzeko batzarrean lege bat atera zuen propio emakumeen errepresiorako. Matxinoen legeak kendu ostean, eta diputazioaren legea ezarrita, azken lege horren aurka gaizki-esaka jarduten zuten emakumeak atxilotzeko agindua eman zuten. German Kortabarria ELAko kideak agindu hori aipatu du matxinadaz idatzi duen artikuluan —Hiruka.eus-en—. «Mozal legearen aurrekaria ezarri zuen diputazioak», dio. Eliteen kritikarekin osatu du testua Kortabarriak: «Bistan da Sociedad Vascongada de Amigos del Pais sustatu zuten Azkoitiko Zalduntxoek ez zituztela Euskalerria adina maite euskal herritarrak».

Gizonezko matxinoentzat erbesteratzeak, kartzelaldiak eta armadan egin beharreko zerbitzuak iritsi ziren. Gizon eta emakume, 439 kondenatu agertzen dira agirietan. Heriotza zigorrak ere ezarri ziren, azkenean bete ez zirenak. Baina lekualdatze batean, kondenatutako gizonetako bat hil egin zuten. Madariagak azaldu duenez, beste matxinada batzuetan errepresioa «are gogorragoa» izan zen: «Adibidez, XVII. mendeko gatzaren matxinadan, Bizkaian sei matxino hil egin zituzten». Historialariak nabarmendu du beste matxinada batzuetan armadaren esku gelditzen zela errepresioa. «1766ko matxinadan, aldiz, eliteek hartu zuten ekimena. Narros, Peñaflorida, San Millan eta beste jauntxoek Donostiatik antolatu zuten errepresioa, oligarken behin-behineko armadatxo batekin».

Matxinada amaitu eta bolada batera, 1768an garia doan banatu zuten Azpeitia-Azkoitia inguruan. «Modu horretan, jendea lasaitzea lortzen zuten, garia oparituta», azaldu du Madariagak.

Euskal Herrian, XVII. eta XVIII. mendeetan hogei matxinada inguru izan ziren, historialariaren arabera: «Batzuk, gai fiskalengatik ziren; besteak, jauntxoen aurkakoak, foral sistemaren defentsakoak eta espekulazioaren aurkakoak izan ziren». Europako beste herrialde batzuetan ere matxinada ugari izan ziren garai berean: Errusian, Alemanian, Frantzian... «Motiboak oso antzekoak ziren. Euskal Herria ez zen salbuespena izan».

Egunotan, kalera atera da matxinadaren gaia. Kaleko paretetara, batetik, pintaketak azaldu baitira azkeneko asteetan Azpeitian, 1766 zenbaki soilarekin.

Halaber, Azpeitiko Kultur Mahaiak udalari proposatu dio herriko kale bati Matxinadaren kalea izena jartzeko. Gaur dute osoko bilkura Azpeitiko Udalean, eta bertan espero da onartzea izenik ez duen kale bat Matxinadaren kalea izendatzea.

Azpeitiko gaztetxeko kideek ere heldu diote gaiari, bideo bat eginez —Youtuben dago ikusgai—, eta matxinadaren inguruko iritzia plazaratuz: «Orduan jauntxoak zirenak gaur bankariak dira. Gaurko espekulatzaileak dira politikariak, epaileak, gure lanabesen eta lanaren jabeak». Orduko gertakariak ekarri, eta aldarrikapena egin dute gaztetxeko kideek: «Soldatapeko lana, dirua eta merkatu sistemarekin apurtzea dagokigu guri, gizakiak gizakia zapaltzen duen azken aldia izan dadin. Orduan ausartu ziren; orain, zergatik ez?».

BERRIAn argitaratua (2016/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA