astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

kultura

JOHN LYDON

«Umetan oroimena galdu izana da gertatu zaidan gauzarik politikoena»

Gorka Erostarbe

«Umetan oroimena galdu izana da gertatu zaidan gauzarik politikoena»

«Lehenago izana nago Euskal Herrian; gutxi batzuetan jo izan dut, nahiz eta ez dudan gogoan zehazki noiz. Oso publiko suharra zela, hori bai». Indartsu mintzo da John Lydon musikari ingelesa (Londres, 1956) telefonoaren bestaldetik. Public Image LTD (PIL) taldeko buru da, 1978az geroztik, Sex Pistols taldeko kantari (1975-1978) izan ostean. What the World Needs Now diskoa plazaratu zuen iaz, eta zuzenean aurkeztuko du Intxaurrondoko kultur etxean (Donostia), bihar, 20:00etan.

Los Angelesen bizi zara egun. Ingalaterran bizitzea baino nahiago duzu?

Duela 30 urte Margaret Thatcherren garaian jasandako polizia jazarpenak eraman ninduen Ingalaterratik kanpo bizitzera. AEBetara jo nuen. Gustatu zitzaidan eguraldia. Emigratzea erabaki nuen.

Zure disko berrienak What the World Needs Now du izenburutzat. Zer behar du munduak, zure iritzian?

Batez ere, gardentasuna; gardentasuna politikarien aldetik. Kapaz izan behar dugu euren gezurren atzekoa ikusteko. Gezurra eta opakutasuna dituzte tresna, eta gerretara eramaten gaituzte. Horrek sekula ez du emaitza onik izaten. Gizakiaren ankerkeria bideratua dago.

Beti defenditu izan duzu langile klasea. Langile klaseko kide sentitzen zara orain ere?

Bai, beti. Hori da nire kultura. Betidanik jaso izan dudana da, eta nerabezaroan bertatik bertara bizi izan nuena; ezin diot nire jatorri eta sinesmen horri uko egin. Nire auzoan, nire komunitatean, langileen odola ikusi nuen. Nik laguntza behar nuenean gaztea nintzela, ez ninduten inoiz bakarrik uzten, ez zidaten erortzen uzten. Eta nik ez ditut inoiz utziko.

Los Angelesen ez da horrenbesteko langile kontzientziarik egongo...

Baldintza eskasetan bizi diren familia eta haurrak leku guztietan daude, leku guztietan. Egun dudan munduaren pertzepziotik esan dezaket munduan badela %1 bat aberastasun material guztia pilatzen duena, eta, gero, gainerako guztiak gaude. Eta, horri erreparatuta, gainerako horiek guztiak gara langile klasekoak.

Punk erreboluzio bat posible litzateke egun gizartean eta musikan?

Ez zaizkit etiketak eta kategoriak gustatzen, lanaren eragina txikiagotu egiten baitute, baina baldintzak badaude gauza eraldatzaileak egiteko; ez dakit non eta nortzuk ekarria, baina zerbait egon liteke, eta nire indarra haien alde jarriko dut.

Zein musika entzuten duzu gaur egun?

Denetarik entzuten dut. Horretan oso irekia naiz, eta horrela behar du izan punkak. Edozerk ematen dit arreta, irratian entzuten dudanean. Belarriak erne beti. Eta gustatzen zait hitz egitea abesti batez edo besteaz, nire abestiak kritika ditzaten gustatzen zaidan bezala. Ez bazaizu gustatzen, esadazu. Hortik ikasiko dugu. Nik ezin dudana egin da gezurra esan. Ezingo nuke, eta, musikaren industrian, berriz, baliotsuegia da gezurra.

Lehen aldiz, musikari berberekin grabatu ahal izan duzu bigarren disko bat jarraian.

Bai, harritzeko gauza, inondik ere! Honek aukera berriak eskaintzen dizkio gure esperientziari, eta posible izan da, zigilu bat sortu dugulako: PIL Official. Eta horrela segida bat eman ahal izan diogu gure lanari, oso zaila izaten baita disko konpainia handientzat lan egiten duzunean. Zatitu egiten zaituzte, eta puskatu.

Inoiz baino talde sendoagoa duzu, hortaz?

Bai, bost urte daramatzagu elkarrekin, eta bi disko atera ditugu. Lagunak gara, batez ere, eta hori oso garrantzitsua da biran ateratzeko eta abar. Asko gustatzen zait oraindik biran ateratzea. Hunkitu egiten naiz publikoarekin konektatzean, haiek ere zure hitzak abesten hasten direnean. Hori izugarria da! Saiatu izan naiz beste modu batera ere lan egiten, musikari profesionalekin lan egiten, eta ez begiratzen ea gustuko ninduten edo ez, zeren askok ez nau izan gustuko, baina nahiago dut oraingo modu honetan, askoz ere dibertigarriagoa da. Eta oso gustura nago bi disko hauekin.

Zer-nolako kontzertua emango duzu Donostian?

Bada, kontzertu intimoa izango da. Ez zaizkit musika jaialdi handiak gustatzen, baina bai ekitaldi xumeagoak eta antzoki zaharrak, adibidez. Publikoaren eta gure arteko intimitate hori lantzea gustatzen zait, eta garrantzitsua da, jendeak gertutik ikus gaitzan, egiten ari garena ondo ikus eta uler dezan. Konexioa lortzen denean, musikak hobera egiten du. Ez zait gustatzen pop izarren antzera oilarkeriatan aritzea. Musikaren esperientzia erlijioaren tankerako zerbait izan daiteke, baina jainkorik gabe; jainkorik ez, arren!

Biografia liburu berri bat idatzi zenuen duela pare bat urte: Anger Is An Energy. Egun, arrazoi ugari dago haserre egoteko...

Bai, zoritxarrez. Baina haserrea ez dut bortxakeriara bideratu nahi izaten, hori ez baitoa inora. Niretzat, haserrea aurrera egiteko modua da, amorru horretatik gauza eraikitzaileak egitea, eta umetan izan nuen irakasgai hori. Gaixotu egin nintzen meningitisarekin, eta oroimena galdu nuen denbora luzez. Gurasoek lan asko egin behar izan zuten, eta amorruak balio izan zidan lan egiteko eta gauzak oroitzen hasteko. Gertatu zaidan gauzarik politikoena da hori. Hori da haserrearen, amorruaren erabilera egokia. Eta lortu nuen.

Energia hori bideratzeko, idaztea edo musika egitea, zer duzu nahiago?

Gaztea nintzenean, asko irakurtzen nuen, eta idazlea izan nahi nuen. Saiakera bat egin nuen, baina ikusi nuen ez nintzela behar beste ona idazteko. Gero, musikan hastean, eta musikak eta hitzak lotuta sortzen zen indarra ikusita, garbi izan nuen banuela zeregin bat bizitzan: kantuak egitea eta zuzenean jotzea. Munduarekin komunikatzeko nire modu naturala da. Maite dut kantuak sortzea, baina baita zuzenean ematea ere, zuzenekoak duen arrisku hori hartzea. Jendeak gorrota zaitzakeelako, baina baita ulertu ere. Azken finean, oholtza izan da nire bizitza... Musika hitzekin uztartzea miragarria da. Gizakiaren lorpen handiena hizkuntza da. Eta komunikazio hori, musikaz lagunduta ematen denean, izugarria da.

Musika dantzarako ere gustatzen zaizu.

Bai, bai, jakina. Gorputzaren zati guztiak erabili behar dira musika egiteko orduan. Burua, ahoa, hankak, gerria, arima... dena.

Jende askok oraindik Johnny Rotten modura ezagutzen zaitu, Sex Pistolseko kantari modura. Horrek molestatu egiten zaitu, edo ez zaizu inporta?

Ez nau molestatzen, kontrakoa. Harro nago talde hartako kidea izan izanaz. Hark eman zidan bizi estiloa; musikaren mundu zoragarriko lehen esperientzia izan zen. Orduan oldarkor agertzen ginen, baina saiatu nintzen pop izar lerdo bat ez bilakatzen. Gero, PILekin saiatu naiz umilago izaten, eta neure buruari erreparatzen. Ez nuke inoiz neure buruaren parodia bilakatu nahi. Ez da erraza gaur egun hedabideek eta irudiak duen garrantziarekin. Gazteek ere hor dute erronka handiena, irudi huts ez bilakatzearena. Horregatik, oso garrantzitsua dute ikasten jarraitzea etengabe, kalean egotea, euren burua elikatzea... Unibertsitatea beharrezkoa da, baina baita kaleko jakinduria eta bertatik irensten den jakin-min etengabea ere. Pertsonok izan dezakegun arma indartsuena da jakinduria.

BERRIAn argitaratua (2016/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA