astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

kirola

Estazioak urtea bete du

Unai Ugartemendia

Estazioak urtea bete du

Urtebete igaro da Euskal Herriko lehen trail estazioa martxan jarri zutenetik. 2015eko martxoaren 15ean eta 16an sortu zuten Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturaletan dagoen estazioa. Baina zer da trail estazio bat? Mendian korrika egiteko moldatua dagoen ingurune zehatz bat. Bertan, ibiltariak edo mendi korrikalariak zirkuitu ezberdinez osaturiko hainbat ibilbide aurkituko ditu. Guztiak seinale berberekin. Ibilbideak aurkitu ez ezik, tailerrak eta entrenamendu motzak egiteko aukera ere izaten da. Eta korrikalariek haiei egokitutako zerbitzuak dituzte: aldagelak, gimnasioak... Kirola, natura eta turismoa uztartzen dituen proiektua da.

2013an sortu ziren lehen trail estazioak; Frantzian prestatu zituzten lehenengo zortziak. 2014rako beste zazpi ere osatu zituzten. Iker Karrera mendi korrikalari ezagunak ekarri zuen ideia Euskal Herrira. Argi zeukan halako estazio bat osatzeko osagai guztiak zituztela Aizkorrik eta Aralarrek. Bi urteko lanaren ostean, Euskal Herriko Trail Estazioa sortu zen iazko martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Goierriko eta Tolosaldeko turismo bulegoei esker.

Euskal Herriko lehenengo trail estazioak hamasei ibilbide ditu, helburu eta gaitasun ezberdinak dituzten korrikalarientzat. Ibilbide guztiek bi sarrera dituzte: Abaltzisketa eta Zegama (Gipuzkoa). Bertan, era guztietako ibilbideak daude, korrikalarien gustu eta gaitasun guztietara egokituak: ibilbide motzak, luzeagoak, gogortasun handikoak, malda tenteak dituztenak... Ibilbideen artean daude, esaterako, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidea eta Txindokiko kilometro bertikala.

Zegama eta Abaltzisketa

Trail estazioak dituen hamasei ibilbideetatik zortzi daude Zegaman, eta beste zortzi Abaltzisketan. Ibilbideak nabarmentzen hasita, badira bi izen propio: Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta Ehunmiliak ultratraila. Kasu horietan, ibilbideak ez ezik, izenak ere erakartzen ditu korrikalariak.

Zegama-Aizkorrik 42 kilometroko eta 2.875 metroko desnibel positiboko ibilbidea eskaintzen du. Milaka lagunek parte hartu nahi izaten dute mendi maratoi ezagunean, eta, maiatzeko lasterketan ez bada ere, urte guztian izaten dute aukera lasterketaren ibilbide gogorra bezain ezaguna egiteko.

Beasaingo Ehunmilien barruko bi ultratrailek ?Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak? Aralarko parke naturala eta Aratz-Aizkorrikoa pasatzen dituzte. Trail estazioak ultratrailak zatika egiteko aukera eskaintzen du, uztaileko korrikalari olderik gabe. Izan ere, Ehunmiliak 166 kilometroko eta 12.000 metroko desnibel positiboko lasterketa da; Goierriko Bi Handiak, berriz, 88 kilometrokoa eta 6.000 metroko desnibel positibokoa. Bi lasterketa luze horiek urtetik urtera gero eta korrikalari gehiago erakartzen dituzte Goierri aldera.

Mundu guztian

Lehen trail estazioak Frantzian osatu baziren ere, denborarekin ideia mundu guztira zabalduz joan da. Raidlight arropa markaren babesarekin osatutako egitasmoa zabalkunde handia izaten ari da. Trail estazioak sortu dira, esaterako, Belgikan, Txinan eta Katalunian. Hala ere, Frantzian dute sarerik handiena: 21 trail estazio dituzte guztira.

Informazio gehiago: stationdetrail.com (webgune ofiziala) eta bit.ly/24ukVve (ibilbideak)

 

BERRIAn argitaratua (2016/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA