astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

kirola

MIKEL LANDA

«Italiako igoera mitiko bat falta zaio Giroari; luzea eta gogorra»

Unai Zubeldia

«Italiako igoera mitiko bat falta zaio Giroari; luzea eta gogorra»

Italiako Giroko burrunbaren beste puntan dago Murgia. Mikel Landa (Murgia, Araba, 1989) ibilera lasaiarekin agertu da hitzordura, irribarrez. Birus baten eraginez, «nahi baino justuxeago» iritsi da Italiako Girora, baina konfiantza harrigarria dauka bere buruarengan. Ez du jarri aitzakiarik: Giroa irabaztera doa.

Hamalau lehiaketa egunekin, bi etapa eta Trentinoko Giroa irabazi dituzu jada. Zaleak aho zabalik uzten ari zara beste behin...

Bai... Egia esan, oso lehiaketa egun gutxi pilatu ditut, baina ondo sentitu naiz hasieratik. Ni ere ezustean hartu ninduen iazko maila onak, baina aurtengoa jada ez da hain harrigarria.

Seigarren lehiaketa egunean handia egin zenuen Garrastatxun, Euskal Herriko Itzulian.

Konfiantza handia eman zidan garaipen horrek. Buruz ez nintzen iritsi oso ondo, fisikoki ere ez nengoelako hain indartsu. Baina neure mailarik onenetik urrun egonda ere, indarra eman zidan etapa garaipenak.

«Guk geuk uste dugun baino gehiago egin dezakegu batzuetan». Harrituta hitz egin zenuen zuk ere.

Bai, bai. Aurreko egunean, Markina-Xemeingo etapan, ez nintzen ibili oso eroso, baina eguraldi txar samarra, hotza, entrenamenduak egiten ditudan ingurua, zaleen babesa... Leku ezagunetan ibili ginen astearteko etapan, eta indar gehigarria ematen du horrek.

Gorako bide etengabean, zeure burua ere harritu al duzu neurri batean?

Pixka bat bai. Beti lortu izan ditut datu onak entrenamenduetan-eta, baina ez da erraza datu horiek lehiaketa egunetan islatzea. Urte batzuk behar izan ditut heldutasun hori lortzeko, eta, bai, iazkoa, bereziki, ezustean iritsi zen.

Zer gertatu da azken bi neguetan?

Ez dakit... Ez dakit neguan nire sistema immunologikoa ahul dagoen edo zer den, baina birus bat eduki dut azken bi urteotan, eta gogorra da momentu horietan aurrera egitea. Badakizu denborarekin betiko maila berreskuratuko duzula, baina zaila da pazientzia izatea.

Zenbat entrenamendu eta lehiaketa egun galdu zenituen denera?

Lehiaketari dagokionez, Andaluziako Itzulian bost etapa, eta Tirreno-Adriatikoan, beste zazpi. Hamabi denera. Eta entrenamenduak, berriz, asko. Ezinegona sortzen du horrek, dauzkazun helburuak ezin dituzulako lortu.

Neguko prestaketarik onena geldirik egotea dela aztertzen hasiko dira prestatzaileak...

Betidanik gertatu izan zait antzeko zerbait. Oso azkar lortzen dut sasoi ona, eta Euskaltel-Euskadiren garaian ere ondo ibiltzen nintzen Mallorcan eta urte hasierako lasterketetan, baina gero ez nuen gorago egiten. Zoritxarra da birusak izatea, baina nire gorputzak lasaiago entrenatu beharra daukala ikusi dugu.

Etsitzeko tentaziorik izan duzu?

Ez... Aurtengo negua, agian, gogorragoa izan da iazkoa baino. Denbora asko igaro dut gaizki; ez nuen lortzen gorputza bere onera ekartzerik. Baina ez, ez; inoiz ez dut pentsatu amore ematerik.

Trentinoko Giroan iritsi da azken osatze kolpea. Irabazi duzun lehen itzulia da.

Asko indartu nau Trentinoko garaipenak. Euskal Herriko Itzulikoa egun bateko kontua izan zen. Maillot horia jantzi nuen, bai, baina banekien galdu egingo nuela. Baina Trentinon maillotari eustea, egunez egun estrategia prestatzea, erasoei erantzutea... Irakaspen polita izan da.

Zein prestaketa egin duzu apirilaren 22an Trentinoko Giroa irabazi zenuenetik?

Italian nengoenez, Giroko bizpahiru etapa bertatik bertara aztertzeko baliatu nituen lehen egunak, eta, behin etxera itzulita, hiru entrenamendu gogor egin ditut. Osatze lana izan da gainerakoa. Garrantzitsua da etxean fisikoki eta buruz indartzea, energia pilatzea, ia lau aste igaroko ditugulako kanpoan.

Zer diote potentziometroek eta taldeak egindako testek?

Ondo nagoela; onak dira zenbakiak. Baina lasterketan sartutakoan gutxi begiratzen diet kontu horiei.

Nahi zenuen bezala iritsiko al zara Girora?

Bai... Pare bat aste gehiagorekin konfiantza edo egonkortasun handiagoa izango nuen neure buruarengan, baina ondo nago.

Ibilbideari dagokionez, arduratzen zaitu zerbaitek?

Argi dago niretzat ez dela egokiegia erlojupeko diziplina. Galera pilatuko dut etapa horietan, ziur, baina lanean aritu naiz ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Erlojupeko gutxiago izatea eta etapa bat Zoncolanen gisako mendate batean amaitzea gustatuko litzaidake, baina aspalditik geneukan ibilbidearen berri, eta horretarako egin dugu prestaketa.

61,1 kilometro izango dituzue erlojuaren aurka, lehenengo 9,8ak eta kronoigoerako 10,8ak tartean. Zenbateko galera litzateke balekoa Nibali edo Valverderekiko?

Lehenengo erlojupekoak arduratzen nau gehien. Motza dela ematen du, baina denbora asko gal daiteke hamar kilometroko tartean. Valverderekiko, esaterako, 40 bat segundo gal ditzaket. Erlojupeko luzean ez dakit zenbat galduko dudan, neguan lan dezente egin dugulako erlojupeko bizikletarekin, eta gehiegi ez galtzea espero dudalako. Azken kronoigoeran nik atera nahiko nuke aldea.

Aipatu duzu lan zehatza egin duzuela erlojuaren aurkako diziplinan. Zer diote datuek? Eta iaztik zenbateko hobekuntza lor daiteke arlo horretan?

Mallorcan kontzentrazioa egin genuenean belodromora joan ginen, eta postura aerodinamikoago baten bila ibili ginen. Geroztik, astean bizpahiru aldiz hartu dut erlojupeko bizikleta, gorputza ohituz joateko. Zaila da posturaren eta indarraren arteko oreka bilatzea, eta ikusiko dugu zein emaitza lortzen dugun.

Bosgarren etaparen amaieran jada harbide zatia izango duzue amaieran. Ikusten ez den arrisku asko al dauzka Giroak?

Bai, bai; aurten, bai. Amaiera bihurri batzuk badaude; errepide estuak, profiletan agertzen ez diren aldapak...Oso adi ibili beharreko Giroa da aurtengoa.

Igoeran amaituko den lehen etapa, seigarren egunean, eta 40,5 kilometroko erlojupekoa. Lehen bederatzi etapa horiek dira kaltegarrienak zuretzat, ezta?

Zalantzarik gabe. Azken astera aukerekin iristea da nire helburua. Ezin naiz erlaxatu Giroaren lehen zati horretan. Lehen erlojupekoan 40 segundo, argi ez zauden beste egun batean minutu bat... Ezin dut egin halakorik. Hasiera-hasieratik lasterketan sartuta egon beharra daukat.

Sei mendate eta Giau eta Valparola gordeta dauzka 14. etapak. Hor hasiko da igotzaileen benetako Giroa?

Bai, bai. Ezusterik ezean, denbora galduta egongo dira edo gara igotzaile asko, eta erasora joko dugu. Ahaleginak neurtzen hasi beharko dugu jada, artean Giroaren zatirik gogorrena faltako delako etapa hori jokoan denean.

Gustatzen zaizu Alpe di Siusiko kronoigoera? %11ko batez besteko aldapak dauzka tartean...

Gustatzen zait, bai. Aldaparen gogortasuna antzekoa da igoera osoan, nahiko iraunkorra da, eta igotzaileontzat polita da. Zortzi-bederatzi kilometro dira aldapa gora, eta aldeak eragiteko egun aproposa izango dela uste dut, aurreko eguneko etapa ere oso gogorra delako.

Agnello, Risoul, De Vars, La Bonette, Lombarda eta Sant'Anna di Vinadiok emango dute azken errematea. Gogortasun pixka bat falta zaio, agian, azken aste horri?

Bai, bai; nire ustez, bai. Italiako igoera mitiko bat falta zaio Giroari; luzea eta gogorra. Baina Alpeetan sartu dira aurten, eta hala beharko du.

Aurkariak hizketagai hartuta, nori diozu errespeturik handiena?

Denei, baina, bereziki, [Vincenzo] Nibaliri. Oso txirrindulari ona da, eta edozein lekutan jo dezake erasoa. Tourra irabazi du, Vuelta irabazi du, eta Giroa irabazi nahi du. Nibali da faboritoa, nire ustez.

Porrota litzateke Giroa ez irabaztea?

Ez, ez. Itzuli handi batean nire lehen saialdia izango da taldeburu gisa, eta inondik inora ere ez litzateke porrota izango Giroa ez irabaztea.

Eta, beste bi pauso aurrera emanda, porrota litzateke Olinpiar Jokoetara eta Munduko Txapelketara ez joatea?

Kolpe handia hartuko nuke. Niretzat oso egokia da Olinpiar Jokoetako ibilbidea, eta erakutsi dut aurretik ez daukadala Tourra lehiatu beharrik Garrastatxun amaitu zen etapa baten gisakoa irabazteko. Nire tokia merezi dudala uste dut, baina ikusiko dugu egun horietan nola nagoen.

Urtebete igaro ondorengo hoztasunetik, talde estrategian asmatuta, iazko Giroa irabazteko moduan zeunden?

Irabazteko moduan banengoen. Erakutsi nuen Giroa lehiatzeko adina indar baneukala, baina taldeburua [Fabio] Aru zela eta harekin bigarren amaitu behar genuela erabaki zuen Astanak. Kito. Astanari ezin diot ezer leporatu. Asko ikasi nuen, eta hasieratik errespetatu nuen taldeburu Aru zela.

Zenbat aldiz ikusi dituzu iazko Giroko etapak?

Askotan, eta etapa osoak, gainera. Lasterketan zehar azken bizpahiru minutuak soilik ikusten ditugu normalean, baina neguan, arrabolan lanean aritu naizenean, etapa bakoitzetik pare bat ordu ikusi ditut. Asko ikasten da irudiak aztertuz.

Giroan izan beharreko babes handietako bat galdu duzu bidean, Sergio Luis Henaorena. Nola ari zara bizitzen haren kasua?

Helduleku handi bat galdu dut Girorako. Nire gaitasun berberak edo are hobeak dauzka, eta laguntza handia emango zidan, ziur. Euskal Herriko Itzulian oso harreman polita egin nuen Sergio Luisekin eta haren lehengusuarekin [Sebastian], oso gertuko sentitu nituen. Esperientzia handiko taldea daramagu, baina Henao falta dela nabaritu dezakegu, zaila delako haren lekua betetzea. [Beñat] Intxausti ere gaixorik dago, [Leopold] Koenig belauneko minez... Mendian ahulxeagoak izango gara.

Mendirako babes bila, azken unean Mikel Nieveren alde egitea erabaki du taldeak.

Denok ondo dakigu Nievek zer-nolako maila ematen duen mendiko etapetan, eta babes handia emango dit azken astean. Ez du egin prestaketarik onena, baina azken asterako prest egongo da.

Chris Froomeren maila, Geraint Thomasen ezina, Intxaustiren falta, Henaoren kasua... Zurrumurru gehiegi daude beti Skyren inguruan. Zergatik?

2010ean sortu zelako, ideia berriak ekarri zituelako, iraultza txiki bat eragin zuelako, eta, gainera, irabazi egiten duelako. Horrek beti sortzen du inbidia.

Astanak ez zeukan zer dauka Skyk?

Oso metodikoa da Sky, den-dena ondo neurtuta izatea gustatzen zaie. Zientziari lotuago dago dena.

Munduan diziplina handiena daukan taldean, munduan berezkotik eta inspiraziotik gehien daukan txirrindularia agertu da. Bitxia da egoera...

Bai... Baina nahasketa polita dela uste dut. Nik izugarri ikas dezaket eurengandik, baina une jakin batzuetan polita izan daiteke bi puntak elkartzea.

Berezkoa duzu zuk jarrera erasokorra, baina taldearen alde lan egiteari izkin egiteko tentazioa sor dezake horrek batzuetan...

Inoiz ez naiz izan laguntzailea. Argi daukat hori. Aruren ondoan egon izan naiz ahal izan dudan guztietan, baina nire lana inoiz ez da izan laguntzaile petoarena. Euskaltel-Euskadin ere ez nintzen taldeburua, baina ezta laguntzaile soila ere. Nire aukerak izaten nituen lasterketa txikietan. Baina berdin zait jendeak zer esaten duen. Lasterketan behin bakarrik egin dut nahi izan dudana, iaz, Espainiako Vueltan, Andorran. Baina jendeak ezin du ahaztu Giroko bigarren postua oparitu dudala, lehen postuarengatik ez naizela lehiatu, eta Aruk Vuelta irabazteko borroka horretan eragina izan nuela.

Handiak egiten ari zara, baina agertzeko dago, oraindik, Landarik onena?

Baietz uste dut. Gauza asko dauzkat ikasteko, eta oso baikor nago. 30 bat urterekin irits naiteke nire mailarik onenera.

BERRIAn argitaratua (2016/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA