astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

ekonomia

Finantza sistemaren oinarriak

Jon Fernandez

Finantza sistemaren oinarriak

Asko berba egin da azken asteotan euskal kontzertu ekonomiko eta itun ekonomikoez. Kontrakoek pribilegio insolidariotzat jo dituzte. Baina zer dira eta zelan funtzionatzen dute finantza sistema horiek? Hona argibide batzuk:

Zer dira kontzertu ekonomikoa eta itun ekonomikoa?

Kontzertu ekonomikoak, alde batetik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zergak kudeatzeko eta biltzeko daukaten burujabetza aitortzen du —BEZa, adibidez, biltzen dute, baina ez dute haren gaineko eskumen legegilerik—, eta, bestetik, Madrilen eta Gasteizen arteko diru publikoen joan-etorria arautzen du, eta ekarpen hori urtero egiten da kupoaren bidez. Itun ekonomikoa ere, izen ezberdina izanagatik, tresna bera da, eta kasu horretan Nafarroako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko finantza sistema eta harremana arautzen ditu.

Non dute jatorria itunak eta hitzarmenak?

Foruetan. XIX. mendera arte Hegoaldeko lau lurraldeek finantza eta zerga burujabetza izan zuten, baina karlistaldien ostean galdu egin zituzten. Nafarroako itun ekonomikoaren jatorria, hain zuzen, lehen karlistaldiaren osteko 1841eko Lege Itunduan dago. Urte horretan Nafarroako jatorrizko erregimena desegin eta lurraldea Espainiaren administrazioan sartu zuten, baina bere zergak kudeatzeko autonomiarekin, itun ekonomikoarekin. Liberalek bigarren karlistaldia irabazi ostean gauza bera gertatu zen Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ere: foruak desegin eta kontzertu ekonomikoen sistema ezarri zuten.

Etengabe egon dira indarrean?

1937an Francisco Franco diktadoreak ezabatu egin zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoak, «probintzia traidoretzat» jo zituelako; Araban eta Nafarroan, aldiz, mantendu egin zituen. 1978ko Espainiako konstituzioak euskal lurraldeen eskubide historikoak aitortu zituen. Gernikako estatutuak kontzertu ekonomikoa ezarri zuen (1979), eta Nafarroako Foru Hobekuntzak itun ekonomikoa (1982an, indarrean 1990ean sartu bazen ere).

Zeinek biltzen du dirua?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek dute zerga arauak onartzeko eskumena, eta herrialde bakoitzeko ogasunari dagokio bilketa egitea. Nafarroako Foru Gobernuak ere zergak kudeatzeko eta biltzeko eskumena du. Foru ogasunek bildutako diruak hornitzen du Nafarroaren zein EAEren finantza sistema. Bai Iruñeko gobernuak eta bai Gasteizkoak diru horrekin politika publikoak autonomoki kudeatzeko eskumena daukate itun eta kontzertu ekonomikoei esker. Baina ezin dute diru guzti-guztia erabili: zati bat Madrili ematen diote urtero, kupoa eta ekarpena. Halere, kontzertuaren eta itunaren aldekoek salatzen dute finantzaketa sistema bera ari dela husten Madril, estatu mailako legeekin hainbat arlotan dirua gastatzeko modua baldintzatzen dielako Iruñeari eta Gasteizi, benetako finantza autonomia mugatuz.

Zelan kalkulatzen da kupoa edo ekarpena?

Madrilen eta Gasteizko eta Iruñeko erakundeen arteko akordio bidez. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak urtero egiten diote ordainketa Madrili jaso ez dituzten eskumenak finantzatzeko: koroa, kanpo harremanak, Espainiaren zorpetzea, azpiegiturak (AHTa, aireportuak, portuak), Gorte Nagusiak, Auzitegi Konstituzionala. Zerbitzu horiengatik dagokiena pagatzeaz gain, Espainiako lurraldeen arteko konpentsazio funtsera ere egiten dute proportzionalki dagokien ekarpena.

Zenbat ordaintzen dute Espainiaren eskumen horien zerbitzuen truke?

EAEk Espainian duen pisu ekonomikoaren araberako ordainketa egiten du. Ehuneko batean laburbiltzen da, eta egozpen-indizea deitzen da: %6,24. Kopuru hori 1981ean behin-behinean jarri zena, ez da aldatu azken 33 urteetan. INEren arabera, EAEren pisu ekonomikoa %6,1 zen 2014an, eta 2003az geroztik %6,1 edo %6 izan da: beraz, azken hamahiru urteetan Jaurlaritzak benetan zegokiona baino gehiago pagatu du —azken egunetan kupoa kritikatu dutenek %8 inguruan ezarri nahi dute langa—. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteon berretsi du «dagokion baino gehiago» ematen duela Gasteizek kupoaren bidez. Bestetik, Nafarroako itunean %1,6koa da egozpen-indizea (1990ean ezarria), baina INEren arabera 2000tik %1,7ko pisu erreala du Espainiako ekonomian. Hala ere, Nafarroak %1,25 pagatu behar luke bere errentagatik Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariaren ustez.

Baina zenbat diru da?

Madrilek 2015erako 1.525 milioi euro aurreikusi du Jaurlaritzaren kuporako. Kalkuluaren oinarrian beti daude Espainiako aurrekontuak —ikusi ondoko orriko infografia—. Aurrekontu horiei EAEk edo Nafarroak dituzten eskumenen zenbatekoa kentzen zaie, eta kopuru horren egozpen-indizea kalkulatzen da (%6,24 eta %1,6). Geratzen den kopuruari itundu gabeko sarrerak kentzen zaizkie, hau da, estatuak itundu gabeko sarreretan EAEri dagokiona proportzioan (aduanak, defizita, inbertsioak besterentzea, finantza eragiketak eta transferentziak). Azken emaitza da kupoa: aurten 1.525 milioikoa behar luke Madrilen ustez. Baina Eusko Jaurlaritzaren datuak ez datoz bat kopuru horrekin: Urkulluren gobernuak 872 milioiko ordainketa kalkulatu zuen hasiera batean 2015erako, baina zenbait egokitzapen eginda, benetan Madrili ordaindu beharrekoa 796 milioi euro lirateke. Nafarroako ekarpena kalkulatzeko ekuazio matematikoa ere antzekoa da, eta iaz 520 milioi euro pagatu zituen.

Zelan konpontzen da desadostasun hori?

Oraingoz ez da konpondu. 2008tik aurrerako kupoaren likidazio guztiak itxi barik daude. Hau da, Gasteizek urtero egiten du ordainketa bere kalkuluen arabera ateratako kopuruarekin. Kontua da kopuruak ez direla bi gobernuaren artean adostutakoak, eta azken zazpi urteetako kopuruak adostea eta likidatzea falta da. Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren arabera Madrilek 1.184 milioi zor dizkio Gasteizi, eta urtetik urtera handitzen ari da kopurua.

Arazo teknikoak ala politikoak dira?

Tartean arrazoi teknikoak erabiltzen badira ere, desadostasunaren funtsa politikoa da. Orain zortzi urte hasi ziren Madrilen eta Gasteizen arteko desadostasunak, kalkuluak irizpide desberdinetan egitean, eta dagoeneko bi legegintzaldi oso joan dira arazoa konpondu barik. Arazoak, halere ez dira berriak: kupoa 1981ean jarri zen martxan, baina lehen kitapenak ez ziren egin 1987ra arte.

Noiztik dago eguneratzeko kupoa berritzeko legea?

2011n iraungi zen azkena. Kupoaren legea bost urtean behin eguneratu behar bada ere, orain behin-behineko luzapena dago indarrean, bi aldeak ados jartzen ez direlako.

Kontzertua ere bost urtean behin adostu behar da?

Ez, kontzertuak izaera mugagabea dauka 2002. urteko erreforma onartu zenetik. Gainera, 2010ean kontzertua «blindatzeko» legea onartu zuten Espainiako Gorteek. 2008an, gainera, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ere ontzat jo zuen sistema, Errioxak eta Gaztela Leonek jarritako salaketei erantzunez.

Eta Nafarroak eta Madrilek ez dute desadostasunik?

Jakina. Orain arte Iruñean agintea UPNk izan arren eta hura PPren aliatu politikoa izan arren, izan dituzte tirabirak. Batez ere, azken aldian. Iaz Cristobal Montoro Espainiako Ogasuneko ministroak 1.513 milioi euro erreklamatu zizkion Nafarroari VWek 2007tik 2011ra esportatutako autoen BEZaren itzulketagatik. Iruñeko kontuak kolokan jartzeko moduko zenbakia zen. Printzipioz konponduta dago arazoa, Montorok erreklamazioa atzera botatzea agindu zuelako. Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak iaz ebatzi zuen Nafarroak ez duela estatuarekin aurrez hitzartu gabeko zergarik ezartzeko ahalmenik, nahiz eta itun ekonomikoak hala aitortu. Giroa gaiztotu zuen horrek, eta Iruñeak eta Madrilek iaz bertan berritu zuten itun ekonomikoa: Nafarroak eskumen hori baduela berretsi zuten, baina azken hitza Madrilena dela baztertu gabe. Iruñeko gobernu berriak ituna berritu nahi du, besteak beste, Nafarroaren zerga eskumenak blindatzeko.

Espainian beste erkidegorik badago antzeko sistemarekin?

Ez, soilik euskal lurraldeek dute sistema propioa. Gainontzeko erkidegoek erregimen komuna osatzen dute. Hau da, Espainiako Ogasunak biltzen ditu zergak erregimen komuneko lurraldeetan, eta gero Madrilek banatzen du dirua erkidegoen artean.

Kontzertua eta ituna ez dira solidarioak?

Badira. Hasteko, ekarpena proportzionala da, norbere ekonomiak Espainiakoan duen pisuaren araberakoa. Gainera, bai Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak proportzionalki dagokien dirua jartzen dute urtero lurraldeen arteko konpentsazio funtsean. Erkidego txiroenek jasotzen dute dirua funtsetik.

Behin Madrili kupoa ordainduta, nola banatzen da dirua EAEn?

Dirua proportzioan banatzen da administrazio bakoitzak dituen eskumenen arabera. Diruaren %70 Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da (Osakidetza, Hezkuntza, Ertzaintza, EITB...). Beste %15 foru aldundientzat (gizarte laguntzak, errepideak, kultura, ingurumena...), eta beste %15 udalentzat (udaltzaingoa, liburutegiak, kiroldegiak...).

Zer da aldebakarreko arriskua?

Kupoaren zenbatekoa Espainiako aurrekontuen aldagaien menpe dago beti. Beraz, sistemak alde bakarreko arriskua du: zerga bilketa handiagoa edo txikiagoa izateak axola gabe, kupoaren ordainketari berdin egin beharko diote aurre Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, beharrezkoa bada gastu publikoan murrizketa batzuk eginez, eta estatuari laguntzarik eskatzeko aukera barik. Gauza bera gertatzen da Nafarroan ere. Zerga bilketa txarto doanean, beraz, aho biko ezpata da. Pribilegioa baino gehiago, erantzukizuna.

BERRIAn argitaratua (2015/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA