astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

ekonomia

Beste zulo bat TTIPen kroskoan

Iker Aranburu

Beste zulo bat TTIPen kroskoan Iker Aranburu

Azken filtrazioaren bidez, Greenpeacek torpedo bat bota nahi izan die TTIPi buruzko negoziazioei. Bete-betean jo du, nahiz eta berez filtratutako dokumentuek ez duten ezer berririk esaten. Industriaren iritziak pisua handia izango zuela jakina izanagatik, filtrazioek hautsitako sekretismoak indar handiagoa emango dio TTIPen aurkako mugimenduari.

Zulo gero eta handiagoak ditu TTIPen ontziaren kroskoak. Atzeraezina ziruditen globalizazioak eta haren ahaide merkataritza libreak, baina, azkenaldian, asko hoztu da haien aldeko giroa. Atlantikoaren alde batean zein bestean, atzerritik etorritako produktu merkeei egozten zaie industrian milioika lanpostu galdu izana. Uste guztiak bezala, erdia ustel; globalizazioak galtzaile asko sortu dituela ezin da ukatu, baina irabazle guztiak ez daude Txina urrunean. Euskal enpresa batzuk begiratzea besterik ez dago. Ez dira gutxi orain TTIPen alde, AEBetako merkatua zabalduko zaielakoan.

Baina, normala denez, gehiago entzuten dira Arcelor Mittalek Txinako lehiaren ondorioz itxi nahi dituen fabriketako langileen kexuak, enpresa batek lortzen dituen kontratuen hotsak baino, lehenengo kasuan galtzaileak berehala ikusten baititugu. Eta normala da kexuak gehiago entzutea, galtzaileak, batez ere, aurretik gehiegi sobran ez zutenen artean zenbatzen direlako. Europan zein AEBetan, globalizazioaren mesfidantza langile klasean zabaldu da nagusiki, ongi baitago globalizazioari esker Taiwango telebista merke bat erosi ahal izatea, baina ezer gutxirako balio du enplegurik ez daukazunean, edo lanaren truke miseria bat ordaintzen dizutenean.

Europan, ezkerrak edo ekologistek hasi zuten TTIPen aurkako protesta, baina haren eragina hedatzen ari da. 2014an, alemaniarren %90ek zioten merkataritza librearen alde zeudela; orain %56 dira; espresuki TTIPen aurka daudenak %25etik %33ra igo dira. Eta hori badiote esportazio indartsuetan oinarritzen den herrialde bateko biztanleek, zer ez dute esango, bada, lasterketa horretan herrenago dabiltzanek.

Eskuinetik ere batzen ari zaio jendea TTIPen aurkako mugimenduari, baina ez beti arrazoi berengatik. Ezkerraren partetik batez ere multinazionalen boterea mugatzeko borroka bat dena, eskuin muturrarentzat kanpotik datorrenarekiko mesfidantza handiagotzeko modu bat da. Mezu horri batzen bazaizkio euroaren krisiak eta errefuxiatuenak, hobeto ulertzen da FN, UKIP edo AfP alderdien arrakasta. Globalizazioarekin atzean geratu direnen haserrea da Donald Trumpek AEBetako langile klase zurian duen arrakastaren giltzetako bat ere.

Baina azkenaldiko berritasuna da TTIPek merezi ez duela dioen korrontea ere zabaltzen ari dela EBko eliteen artean. «Mendebaldean globalizazioaren porrota da demokraziek ez dutela jakin nola erantzun globalizazioak ezinbestean sortzen dituen shock ekonomikoei, hala nola hogei urtean soldata errealak ez igotzeari. [...] EBren eta globalizazioaren aurkako jarreren atzean dagoen faktoreetako bat kentzeko balioko luke TTIPi ezetz esateak. Akordioaren onura ekonomiko apurrek baino pisu handiagoa dute haren ondorio politikoek». Elitearen bozgorailuetako batean argitaratutako hitzak dira, Wolfgang Muenchau Financial Times-eko ohiko iritzigilearenak.

BERRIAn argitaratua (2016/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA