astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

kultura

HIRUGARREN ALDE BAT DUTEN ORRIAK

Naiara Elola

HIRUGARREN ALDE BAT DUTEN ORRIAK

Liburu dendaren eredu tradizionalarekin hausten duten dendak ireki dira han eta hemen azkeneko urteotan. Masa kulturak ezartzen dituen kanon eta betekizunak gainditu, eta beste eredu baten alde egin dute Euskal Herriko hainbat liburu dendak, bestelako kultura mota bat posible dela frogatuz. Izan ere, liburuak saltzeaz gain, era guztietako pertsonen bilgune ere bilakatu dira.

Liburu denda berritzaile askoren atzean askotariko taldeak daude. Eredu horren alde egiten aitzindarietako bat Bilboko San Frantzisko auzoko Anti liburu denda da. 2005ean sortu zuten Arte Ederrak ikasten ari ziren hainbat lagunek. «Kultura garaikidean espezializatutako liburu denda bat ireki nahi genuen», azaldu du Javier Nevado Anti liburu dendako kideak. Sektorean batere esperientziarik ez zuten arren, hasiera-hasieratik argi zuten ikuspuntu kritiko eta alternatiboa landu nahi zutela. Horretarako, lau eremutan banatutako liburuak dituzte salgai: artea, narratiba, pentsamendu kritikoa eta diseinua. Hamaika urteren ondoren, proiektua «inoiz baino hobeto» doala nabarmendu du Nevadok.

Ahal dela, argitaletxe txikien aldeko hautua egiten dute Antin. Gainera, salgai jartzen dituzten liburuak banaka-banaka aukeratzen dituzte. «Ohikoa da egunero banatzaileek liburuz betetako kaxak eta kaxak bidaltzea». Nevadok adierazi duenez, hasieratik uko egin diote eredu horri. Hala, dendan 3.000 liburu besterik ez dute: «Gure funtsa txikia izatea nahi dugu; 3.000 liburu horien herenen azalak apalategietan ikusteko aukera izaten du bezeroak, eta hori ezinezkoa da denda tradizionaletan».

Gainera, denda Bilboko San Frantzisko auzoan egoteak «bereziago» egiten duela nabarmendu du Nevadok. Izan ere, azaldu du auzo hori «arriskutsua» dela uste dutela askok. «Badakigu oso denda berezia garela, gutxiengo batentzako liburuak saltzen ditugula. Uste dut gauden tokian egonda minoritarioagoak garela». Hala ere, San Frantziskon egiten diren hainbat ekitaldiren sustatzaileak dira; hilabeteko azken larunbatean egiten den azokarena, esaterako.

Iruñeko Katakrak liburu denda ere eredu tradizionaletik harago doa. Liburuak saltzeaz gain, jatetxea eta ekitaldiak egin ahal izateko aretoa ere badituzte. Besteak beste, egungo gizartea «hobeto ulertzeko» liburuak saltzen dituzte. Batez ere, saiakeraren aldeko apustua egiten dutela jakinarazi du Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Onartu duenez, erabaki guztiak «ondo pentsatuta» hartzen dituzte. Salgai dituzten liburu guztiak aztertzen dituzte. «Liburu bakoitza aztertu eta gure dendan nahi dugun edo ez erabakitzen dugu. Horrek lan handia eskatzen du, baina, horri esker, denda gurea da, ez beste norbaitena».

Masa kulturak ezartzen duen eredua maite ez duten arren, Etxartek argi utzi du dendaren premisak betez errentagarria izatea dela helburua. Kooperatiba bat izaki, erabakiak batzar bidez hartzen dituzte, talde gisa funtzionatzen dutelako. Horri esker, besteak beste, lantaldeko kideek gidatzen dituzten lau irakurle talde daude, nabarmendu duenez. Azken urteetan nobedadeek ezarri duten inposizioa ere gaitzetsi du. «Zenbaitek nobedadearen aldeko apustua egin dute, baina gurean ikusten da funtsa ere dezente saltzen dela».

Katakrakeko kideak nabarmendu du inguruan zer gertatzen den ulertzeko liburuak erosteko joera dagoela azkenaldian. Antza, Nafarroan best seller handienak saiakerak izan dira. «Guk saiakeren aldeko apustua egin dugu, hemen jendeak jakin nahi duelako zer gertatu den Nafarroako Kutxarekin, Nafarroan izan den erregimenak nola funtzionatu duen edo krisi ekonomikoaren zergatiak zein izan diren».

La Hormiga Atomika liburu dendan izan zen Katakraken sorburua, eta hartan oinarritu ziren Donostiako Kaxilda liburu dendakoak 2012an euren proiektua sortzerakoan. Liburu denda «proiektu politiko» modura ulertzen dutela dio Esteban Zamora Kaxildako kideak: «Liburu denda eremu bizia da; gizartearen, politikaren eta kulturaren eremuetako gertakizunekin harreman zuzena duena». Gaineratu duenez, izaera independentea eta alternatiboa duten publikazioak lehenesten dituzte. Horrekin batera, gertuko produktuekin egindako platerak eskaintzen dituzten jatetxe bat ere badute. Liburu eta jakiez gain, ekitaldiak ere antolatzen dituzte, beti dendaren izaera politiko eta alternatiboarekin bat doazenak. Donostia «garesti eta elitistaz gaindi» bestelako hiri bat posible dela frogatu nahi dute.

Berritutako eredua

Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendaren eraldaketa irakurle talde baten bitartez sustatu zela azaldu du Imanol Agirre arduradunak. 1970eko hamarkadan gurasoek abiatutako ibilbideari jarraipena eman zion 2011n, Eneko anaiarekin batera. Gurasoen ereduaren mamia gordetzen dute oraindik ere. Duela lau urte, Jon Benito poeta zarauztarrak irakurle talde bat sortzea proposatu zien Agirre anaiei. Hala, Paperezko Lagunak deituriko talde egonkorra sortu zuten. Hari horri tiraka, handik urtebetera, taldeak ondo funtzionatu zuela ikusita, Paperezko Kontzertuak programatzen hasi ziren, musika eta literatura lotuz. Hala, hilabetean behin, igandeetan kontzertuak programatzen dituzte. Eta esperientzia horren ondotik etorri da, esaterako, Paperezko Zinema proposamena.

Gurasoek abiatutako ibilbidean sakondu dutela dio Imanol Agirrek: «Ez dut uste ezer berririk asmatu dugunik». Antin, Kaxildan eta Katakraken bezalaxe, argitaletxe txikiekin egiten dute askotan lan. Duela bi urte, gainera, Donostiako Gros auzoan beste denda bat ireki zuten, beren proiektua Gipuzkoako hiriburuan hedatzeko asmoz.

Herria txikiagoa denez, Zarautzen liburuak gomendatzea gustatzen zaie. «Badakigu bakoitzaren egoera zein den, eta horri esker gomendio finagoak egiten ditugu». Salgai jartzen dituzten liburuak galbahetik pasatzen saiatzen direla onartu du, nahiz eta egunero liburuz betetako hamar bat kaxa jasotzen dituzten. Garoako kidearen irudiko, «izugarria» da urtean argitaratzen den liburu kopurua.

Agirrek azaldu du ez diotela uko egiten best seller-ak saltzeari, Antinek ez bezala, nahiz eta bereziki argitaletxe txikiak maite dituen arren. «Argitaletxe txikiak gustatzeak ez du esan nahi Dolores Redondoren liburuak saltzen ez ditugunik. Hilabete bukaeran soldatak ordaindu egin behar dira». Horrekin batera, eskola liburuak ere saltzen dituzte, gurasoek duela lau hamarkada abian jarritako proiektuari jarraibidea emateko. Hala ere, masa kulturan hedatzen diren liburuak erosi nahi dituztenei, beti argitaletxe txikiek argitaratzen dituzten liburu «interesgarriak» gomendatzen saiatzen dira.

Iruñeko Chundarata liburu dendako arduradunek uste dute masa kulturaz gainera bestelako kultura ere eskaini beharra dagoela. Haur literatura eta komikiak saltzen dituzte soilik. «Iruñea herri txiki bat den arren, ohikoa ez den liburu denda batek funtziona dezakeela frogatu dugu», dio, harro, dendaren sustatzaileetako batek, Maider Diaz Ameabek. Gainera, dendaren inguruan bizi diren haurren bilgune ere bada Chundarata. Esaterako, hilabetean behin ipuin kontalari bat eramaten dute, haurrei istorio bat konta diezaien. Lau urte daramatzate zabalik, eta egin duten ibilbidearekin «oso pozik» dagoela azaldu du Diaz Ameabek. Pixkanaka bada ere, proiektua egonkortzen jarraitu nahi dutela gaineratu du.

Antin, Kaxildan, Garoan eta Chundaratan ekitaldiak astean behin izaten diren arren, ia egunero izaten da zerbait Iruñeko Katakraken. Hala ere, Etxartek argitu duenez, ekitaldi gehienak ez dira dendako kideek antolatutakoak izaten. Epe ertainean alor horretan sakondu nahi dute, eta eurek sustatzen dituzten ekitaldi kopurua handitzea darabilte buruan.

Zailtasunak eta gabeziak alde batera utzita, argitaletxe boteretsu eta komunikazio kanpaina indartsuen bitartez ezartzen den kultura eredu horretaz aparte, jendeak bestelako liburuak ere irakurri nahi dituela frogatu dute Anti, Katakrak, Kaxilda, Garoa eta Chundarata liburu dendetan.

BERRIAn argitaratua (2016/04/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA