astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

gizartea

'Putos vascos'

Jose Mari Pastor

'Putos vascos' Jose Mari Pastor

Estatu subiranoa izatea baino hoberik ez dago errespetua lortzeko. Euskal Herria independentea balitz, ez lukete ikurrina debekatuko Eurovision musika festibal zozo horretan. Hainbat estatu daude, Espainia eta Frantzia barne, burua, bihotza eta arima odolean itoak dituztenak. Hala eta guztiz ere, bertako herritarrek lotsa eta debekurik gabe aireratzen dituzte euren banderak.

Asteon izan dugu Gernikako bonbardaketaren urteurrena. Espainiak ez du inoiz barkatzeko esan. Ez zuen, nonbait, erantzukizunik izan. Bai, esango dute egungo demokrazia espainiar bereziak ez dituela bere gain hartu behar diktaduraren krimenak. Alemaniak, aldiz, barkamena eskatu du estatu alemaniarrak historian zehar egindakoengatik. Han eta hemen. Baina Espainia amnesia historiko selektiboan bizi da. Ezerezetik sortu zen oraingo Espainia. Loturarik ez dago Francoren eta monarkiaren artean. Hori iradokitzen dutenean Fidel Castrok kazetari espainiar bati emaniko erantzunaz gogoratzen naiz. «Castro jauna, zu nork aukeratu zintuen?». «Eta nork aukeratu zuen Espainiako erregea?».

Espainiak ez du barkatzeko eskatuko. Berdintasunean oinarritutako harremanen ondorioz baizik ez da etorriko hori. Euskal Herri independente batean Rajoy delako bat etorriko da Gernikara, arbolaren aurrean barkatzeko esateko. Independenteak izan arte, beti izango dira hemen eta kanpoan mespretxatuko gaituzten estatuak, erakundeak. Eurovisionen Estatu Islamikoaren pare jarri gaituztelako asaldatu gara. Mingarria izanik ere, gutxienekoa da hori. EI ez balitz, inork ez liguke bermatuko ikurrina «ez onartuen» zerrendan egongo ez zela. ETAk armak utzi izanak ez du ardura. IRAk ere utzi ditu. Baina IRAk armak eskuan segituko balu, ez lukete bandera irlandarra debekatuko. Zergatik? Irlanda independentea delako. Errespetua. Guri, kaka burutik behera, «Europako autonomia handienean» bizi arren. Ofizialki ez gara inor. «Arrazoirik ez dugu gutxi garelako», entzun dugu herriko plazan, bertsotan. Basilio Pujana bertsolari arratiarrak era gordinago batez adierazi zuen zergatik ez gaituzten errespetatzen: «Atomikezko bonbea ez daukagulako». Ez dut uste ezker abertzalearen ingurukoa zenik.

Euskal Herria independentea balitz, ez genuke Twitter bidez kexatzen ibili beharko, gu euskaldun zintzoak gara, ez gaitzazue jihadista zoro horiekin nahas, ostegunean Armentiako mezan izan ginen eta. Enbadaxadorea deituko genuke Suediatik edo auskalo nondik. Baina hori zientzia fikzioa da. Ez gintuzkete hala tratatuko. Kontua, funtsean, ez dago indarkeriari lotua. Eurovisionek hanka sartu du. Eta zuzenduko duela agindu: ez gaitu EIren ondoan jarriko. Hori baino ez. Haien aburuz, «lokalak» gara. Independenteak bagina, ez gintuzkete baztertuko, gure iragana denik eta odoltsuena balitz ere.

Espainiak eta Frantziak errespetuz begiratuko baligute, Eurovisionen parte ez hartzeko mehatxua egingo lukete. Horixe eskatu du Urkullu lehendakariak. Ez dute halakorik egingo, baina. Kexatzekotan, aho txikiarekin kexatuko dira. Espainiarrek eta frantsesek benetan errespetatuko bagintuzte, protesta egingo lukete Suediak Madrilen eta Parisen dituen enbaxaden aurrean, ikurrinak eskuan. Barei eta Amir kantariek uko egingo liokete Eurovisionen kantatzeari. Eta hala ez balitz, espainiarrek eta frantsesek ikurrinak erakutsiko lituzkete Suediako hiriburuko kantaldian, haien estatukide batzuen sinboloa debekatu dutelako. Baina hau guztia zientzia fikzioa da. Ez dute egingo. Ikurrina ez da haien bandera. Euskal Herria ez da haien herria. Eurek badute estatu independente bat, haiek ordezkatzen eta defendatzen dituena. Que os den, putos vascos. Enculés!

Euskal Herria independentea balitz, ez ginateke Eurovision festibal zozo horretara joango. Zertarako? Ez genuke ikurrina zoro moduan inoren muturren aurretik pasatuko; ez genuke oihurik egingo geure mutil edo neska kantaria taularatuko litzatekeen unean. Hau guztia ere zientzia fikzioa da.

BERRIAn argitaratua (2016/04/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA