astekaria 2016/05/06
arrowItzuli

gizartea

Isil-isilik, bizkor-bizkor

Arantxa Iraola

Isil-isilik, bizkor-bizkor

Hilaren hasieran plazaratu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak diabetesari buruzko lehen munduko txostena, eta datu kezkagarri bat eman du, erakusten duena gaitza izugarri bizkor zabaltzen ari dela. Hain zuzen ere, ohartarazi du munduan 11 lagunetik batek eritasuna duela. Eta kezkagarriena da gaixoen kopurua laukoiztu egin dela iragan urteotan. «Egindako estimazioen arabera, 2014. urtean, 422 milioi helduk zuten diabetesa; 1980an, 108 milioi ziren». Ehunekotan, horra: 1980an pertsona helduen %4,7k zuten gaixotasuna; 2014an, %8,5ek.

«Gaixotasun isila da, baina era errukigabe batean ari da hedatzen; aurre egin behar diogu», azaldu du OME barruan gaitzaren kontrako neurriak sustatzen ari den Etienne Krug ikertzaileak. Abisu eman dute herrialde behartsuetan, oro har, gainerakoetan baino bizkorrago zabaltzen ari dela gaitza. Baina Euskal Herrian ere usu zabaldu dira eritasunari aurre egiteko deiak. 2 motako diabetesak sortzen du kezka handiena; adinarekin agertu ohi den diabetes klasea da, gizentasunak eta ohitura sedentarioek eragindakoa askotan, eta alor horretan prebentzioa egiteko urratsak egitea da egun Euskal Herriko osasun sistema publikoetan dagoen kezka garrantzitsuenetako bat, munduko beste askotan bezala.

Askotan, jendeak ez du jakiten diabetesa duenik, eta informazioa zabaltzea garrantzitsua da, gaitza izateko arriskuaz ohartarazteko eta ondorioak —epe luzera larriak izan daitezke— saihesteko. Joan den astean Bilbon bilkura bat izan zuten diabetesa tratatzen jarduten duten osasunaren arloko profesionalek. SED Espainiako Diabetesaren Elkarteak antolatutako topaketa bat izan zen, eta gaitzaren ondorioak larriak direla oroitarazi zuten: «Burutik hasi eta oinetaraino eragiten die gaixoei». Epe luzeko zenbait ondorio oraindik nahikoa ezezagunak direla nabarmendu zuten, baina gero eta luzeagoa dela zerrenda: hezurrak hausteko arriskua handitzen da, gaixotasun neurologiko degeneratiboak usuago agertzen dira, eta hortzetako osasuna okertzen da, besteak beste. Datu artegagarriak eman zituzten: diabetikoen artean, Alzheimerren gaitza izateko arriskua bikoiztu egiten da, eta depresioarekin ere lotu zuten. Halakoak saiheste aldera, 1 motako diabetesa dutenen artean gaitza kontrolpean izatea da helburu nagusia; 2 motakoan, gaitza atzematea, gaitzaren aldaerarik isilena baita.

Gaixoak, lehen pertsonan

Eta gaixoek nor izan behar dute bidean. Eta nor izan nahi dute; hainbat elkartetan egituratuta daude gaixo asko beren beharrei erantzuteko, eta elkarte biziak dira Euskal Herrikoak, jardunbide asko antolatzen dituztenak. Junkal Telleria Otegi (Donostia, 1965), esate baterako, AGD Gipuzkoako diabetikoen elkarteko lehendakaria da. Mende laurden bat darama diabetesarekin. Argi du gaixotasuna ondo eramateko gakoa zein den: «Informazioa». Eriek gaixotasuna kontrolatze aldera bizitzeko ohitura asko moldatu behar izaten dituztela oroitarazi du, eta beren ardurak hartu behar dituztela bidean. «Gaixotasuna da, neurri handi batean, hidrato karbonoak kontatzen ibiltzea; intsulina dosiek zenbatekoak izan behar duten aintzat hartzea; kirola egitea...». Gaixo kronikoak ahalduntze aldera egun osasun sistemak sustatzen ari diren paziente eredu berriaren erakusgarri dira, hein handi batean, diabetikoak.

Sendagileek kontsultan emandako irizpideak garrantzitsuak direla onartu Telleriak, baina norberak gaixotasuna «koordinatzea» giltzarri dela. Eta aldaketa ikusi du horretan: onera. «Lehen ikusle hutsa izaten zen gaixoa. Baina eboluzioa egon da. Jende gazteak gero eta informazio gehiago du». Eta kontsultan nor bihurtu dira: «Tratamendua erabakitzeko orduan eta, aldatu egin da mediku eta pazientearen arteko harremana: orain gehiago jotzen da bi aldeek batera erabakiak hartzera». Osagileek, oro har, aldaketa hori babestera egin dutela azaldu du. «Denetik dago; medikurik zaharrenei kostatu egiten zaie oraindik askotan, baina gazteenekin errazagoa izaten da».

Gaixoen ahalduntzean eragin handia dute egun sare sozialek. Oscar Lopez de Briñasek, esaterako, blog espezializatu bat du (Reflexiones de un jedi azucarado) diabetesaren inguruan, eta Internet aski tresna garrantzitsua dela argi du. «Sarea oinarrizko baliabide bat da: oso ahaltsua. Askotan ez da erraza jakiten jasotzen diren edukiek zenbaterainoko fidagarritasuna duten, baina klik batean informazio asko dago». Eta informazio ondua gero eta usuagotan aurkitzen dutela pentsatzen du. «Osasuneko profesionalen artean gero eta kontzientzia handiagoa dago 2.0 esaten den horri buruz; badira profesional aktiboak. Asko hitz egiten da Interneteko osasun baliabideei buruz, eta hala jarraituko da; izan ere, eriak hor egongo dira, ordenagailu aurrean, Googlen begiratzen. Garrantzitsua da alorra zaintzea».

Elkarteetan trebakuntza eredu ohikoagoei ere eusten diete, ikastaro eta antzekoei. Haurtzaroan agertu ohi den 1 motako diabetesaren kasuan, esaterako, udalekuak antolatzen dituzte: gaitza mendean hartzen irakasteko.

BERRIAn argitaratua (2016/04/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA