astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

politika

BURUJABETZAREN JOSTURAK, AGERIAN

Jokin Sagarzazu

BURUJABETZAREN JOSTURAK, AGERIAN

Ciudadanos alderdi berriak hasi zuen eztabaida, eta PSOEk hartu du lekukoa, nahita edo nahi gabe. PPk ez du ahotsa altxatu, baina Mariano Rajoyren gobernuak egin ditu, batzuetan ezer ez eginda ere, urratsak. Espainian ongi «saltzen» omen da Hego Euskal Herriko foru ogasunen «elkartasunik eza» haizatzea. Esatea herrialde horiek «behar beste» ez dutela ordaintzen Madrildik jasotzen dituzten zerbitzuengatik. Edota Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Ituna «pribilegioak» direla. Eta horiek kendu edo moldatu behar direla. Euskal Herriko alderdi abertzaleak ere ez dira atzean geratu eztabaidan. EAJ, «autogobernua» arriskuan dagoela ohartarazteko, eta EH Bildu, adibide moduan jartzeko kontzertua eta ituna burujabetzaren ikur baino gehiago direla Espainiako Estatuarekiko «menpekotasunaren» isla. Nork bere interesekin, baina denak ados jarri direla dirudi itxuraz ekonomikoa den eztabaida baten jostura politikoak agerian uzteko.

Espainiako Gorteetarako bozak gertu daudelako —abenduaren 20an—, datorren legealdian Espainiako Konstituzioa aldatzeko prozesua abia daitekeelako, edota krisialdi ekonomikoak Espainiako Estatuaren finantzaketa eredua ezbaian jarri duelako... Hamaika izan daitezke arrazoiak eztabaida berriz pizteko. Nork eta zergatik, Euskal Herriko alderdi abertzaleek «alderdi espainolei» leporatzen diete ardura. «Noizbehinka, hauteskundeetan-eta, ateratzen dute eztabaida. Baina bereziki gogoratu nahi digute kontzertua eta itun ekonomikoa altxor bat direla, eta zaindu nahi baditugu, txintxo portatu behar dugula», azaldu dio BERRIAri Josune Gorospek, Eusko Legebiltzarrean gai ekonomikoez arduratzen den EAJren eledunak.

Antzera pentsatzen du EH Bilduko hautetsi eta EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek. «Hauteskundeetara mugatzea azalean geratzea da». Haren ustez, hala ere, EAJren interpretazioa ez da guztiz zuzena; Espainiatik oharra bidali baino gehiago, Urizarrek uste du egungo autogobernuak dituen gabeziak geratzen ari direla begi bistan. «Pribilegioez hitz egiten duten alderdiek erakusten dute ez dutela Euskal Herria subjektu politiko gisa onartzen eta inoiz ez dutela onartuko. Horrek agerian uzten du Estatuarekiko aldebikotasuna ezinezkoa dela. Menpeko gisa ikusten gaituzte Madrilen».

Ez dute berdin pentsatzen Espainiako hiriburuan zuzendaritza duten euskal alderdietako kideek —eztabaidan parte hartzeko egunkari honen gonbidapena onartu dutenek, behintzat—. PSE-EEko Ekonomia idazkari Javier Lasarterentzat, hitzok erakusten dute abertzaleen «biktimismorako» joera dutela. Haren ustez, «alderdi sozialistako inork» ez ditu zalantzan jarri kontzertua eta ituna. «Gezur handia da hori. Eztabaida artifizial bat sortu nahi dute euren hauteskunde interesetarako». Eta EAJri leporatu dio eztabaida «klabe» horietara eraman izana. «Hain justu egin dute egin behar ez zutena: puztu egin dute gaia, eta beharrezkoa ez zen alarma bat piztu dute».

Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, berriz, kritikatu egin ditu batzuk eta besteak. «Alderdi tradizional guztiei» leporatu die arreta desbideratzea. «Hauteskundeak datozelako saiatu egiten dira, beti bezala, kaleko jendearen benetako problemetatik fokua kentzen eta lurraldeen arteko gatazka artifizialak astintzen, nazionalista desberdinen probetxurako».

Konpromiso mailak

Andaluziatik Kataluniaraino. Alderdi sozialistako buruzagi asko mintzatu dira, Pedro Sanchez idazkari nagusia barne, euskal lurraldeek Espainiako Estatuari egin beharko lioketen ekarpenari buruz. Lasartek, halere, uste du «nahita handizkatu» egin direla sozialista batzuen eta besteen hitzak. «Beste kontu bat da ekarpenak handiagoak izan behar duen edo ez, baina horretan ez dute zer esatekorik alderdiko kide horiek, gobernuan arteko alde biko negoziazioen bidez adostu behar delako hori, eta hori ere alderdi sozialistan ez du inork zalantzan jartzen».

Ezta, haren iritzian, bozen ostean, PSOEk gobernura iristeko kontzertua eta ituna kentzearen alde dagoen alderdi baten —Ciudadanosen— babesa beharko balu ere. Lasartek aitortu du Sanchezek horixe ziurtatu ziola Iñigo Urkullu lehendakariari irailean azkenekoz bildu zirenean. «Horretarako aldatu egin beharko litzateke konstituzioa, eta estatu federal baterako gure proposamenean espresuki esaten dugu kontzertua eta ituna mantenduko ditugula. EAJk badaki autogobernuak berme gehiago duela PSOErekin garatzeko PPrekin baino. Urkulluk hor du Sanchezen eskua».

EAJko kidea, baina, ez da erabat fidatzen PSE-EEkoak esandakoarekin, eta, besteak beste, uste du Ciudadanos alderdia eramaten ari dela alderdi sozialista gai horretan ere «anbiguoa» izatera. Eta nahiz eta ez duen zalantzan jartzen EAEko eta Nafarroako sozialisten konpromisoa, ohartarazi du Euskal Herrian gauza bat eta Espainian beste bat esaten ari direla, eta halakoetan» hemengoek» galtzen dutela. «Argi ikusten da Euskadiko alderdi sozialista Madrileko sukurtsala dela. Kezkatuta gaude». Berdin pentsatzen du Koldo Martinezek, Geroa Baiko eledunak. PSN ikusten du «kontraesan sakon batean», Iruñean pentsatzen dutenaren eta Madrilen diotenaren artean. Martinezentzat beti gertatzen da gauza bera. «Nafarroan badakigu horri buruz».

Lasarte, baina, duda guztiak uxatzen saiatu da berriz. «Esaten ari diren hori ez da gertatuko, ez Euskadin ez Nafarroan». «Urrutiago joan gabe», gogoratu du 2010ean Espainiako Kongresuan Hego Euskal Herriko diputatu sozialistek lortu zutela PSOEko denek abertzaleekin batera bozkatzea kontzertua blindatzearen alde. «Orain horren defentsan harro azaltzen diren PPko kideak dira kontra bozkatu zutenak, Madrilgo aginduak betez».

Gertakari hori gogoratu du Gorospek ere, eta hori baliatu du PP eztabaida honetan mantentzen ari den jarrera susmopean jartzeko. EAJkoak gogoratu du kontzertuaren eta itunaren alde azaldu bada ere —Cristobal Montoro Ogasun ministroaren bidez, esaterako—, Rajoyren agintaldian «autogobernuaren kontra» neurri «asko» hartu dituztela. Eta horietatik ondorioztatu du «euskal autogobernua» arriskuan dagoela esatea ez dela asmakeria. «Zerbait erreala da. Denok bat egin behar dugu bere defentsan».

Martinez, berriz, UPNren jarrerarekin azaldu da kezkatuta, gai honetan ere PPren eskutik egin ohi duelako. «Alde dagoela esan bai, baina gero deus gutxi egin du autogobernuan sakontzeko edo Nafarroari dagozkion konpetentzia guztiak lortzeko. Gainera, Madrilen, PPren murrizketa eta birzentralizazioaren aldeko lege guztien alde bozkatu du. Eta bakarra izan da estatu osoan».

Javier Esparzaren alderdiak, EAEko PPk bezala, ez die kritika horiei eta BERRIAren galderei zuzenean erantzun nahi izan, baina, mezu elektroniko labur baten bitartez, UPNk esan dio kazeta honi «dudarik gabe» defendatzen duela Nafarroako Itun Ekonomikoa eta autogobernua, eta berresten duela egunotan alderdiko presidenteak esandakoak. Esparzak, besteak beste, adierazi du ituna babestuko dutela Madrilen, baina ez dutela abertzaleekin batera egingo, ituna «beste gai batzuekin nahasten» ari direlako, bereziki, euskal nortasunarekin loturiko ikurrekin eta erabakitzeko eskubidearekin. Martinezen iritzian, ulergaitzak dira UPNren kritikak eta ildo beretik PSNk eginikoak. «Ez ditugu haien mesfidantzak ulertzen, gure autogobernuaren aldeko apustua egiazkoa delako. Autogobernua delako, gure ustez, nafarron identitatearen zeinurik sakonena». Era berean, Nafarroako Gobernua Eusko Jaurlaritzarekin batera itunaren eta kontzertuaren alde egitea logikotzat jo du Martinezek, baina «muga» batekin: «Bakoitzak bere nortasun propioa izan behar du defentsa horretan».

EH Bildurekin batera elkarlanean aritzeko aukerei buruz, berriz, Geroa Baiko eta EAJko legebiltzarkideek ez dute zalantzarik beraiekin bat egingo dutela. Dena den, Martinezek nabarmendu du helburu ezberdinak partekatzen dituztela batzuek eta besteek. «Independentziarako bidean pauso gisa ikusten dute EH Bildukoek». Hori hala dela aitortuta ere, konpromiso irmoa azaldu du koalizio subiranistako Pello Urizarrek. «Askotan esan dugu estatuaren etengabeko erasoei herri bezala erantzun behar diegula, alderdikeriak eta politikeriak bazter utzita. Hori bai, guk ere esaten dugu kontzertuak eta itunak ez gaituela asetzen eta burujabetza osoa aldarrikatu behar dugula».

Ahal Dugu-ren jarrerarekin, berriz, zalantza gehiago azaldu dituzte hiru alderdi abertzaleetako eledunek. Uriartek, halere, erantzun die haiek prest daudela indarrak batzeko, baina azpimarratu du ez dutela borroka hori erabiliko «identitate kontuekin» lotzeko, baizik eta herritarren ongizatea eta beharrak defendatzeko. Uriartek, baina, ez du ukatzen bere alderdian ere badaudela kontzertuaren eta itunaren aurkakoak. «Hala ere, kaleko jendearen lehentasunak dira gure lehentasunak, eta horrek, eta ez beste ezer, da batzen gaitu». Horren harira, Ahal Dugu-koak uste du kontzertuak eta Nafarroako itunak «sistema arruntak» baino hobeto bermatzen dutela behar horien finantzaketa, eta, horrenbestez, konstituzioaren balizko edozein erreformatan defendatu egingo dituztela. «Bat egingo dugu finantzaketa sistema egokiak bultzatu nahi dituztenekin».

Sakoneko urak

Krisialdi ekonomikoak eta Kataluniako auziak, besteak beste, zalantzan jarri dute Espainiako estatu eredua, eta horrek, halaber, mahaigaineratu du EAEko kontzertuari eta Nafarroako itunari buruzko eztabaida. Horri buruz, EAJko eta Geroa Baiko kideek diote beldurrik ez diotela konstituzioaren erreforma bati, baina ohartarazi dute prozesu hori autogobernuaren «garapenaren» kalterako izan daitekeela. «Zailtasun gehiago egon daitezke gure eskubide historikoetan oinarrituta aurrerapausoak emateko», azpimarratu du Gorospek.

PSE-EEko Javier Lasartek ez du uste hori hala izango denik eta dei «esplizitua» egin die jeltzaleei sozialistekin batera lan egiteko Madrilen, «proiektu bateratu baten alde». «Hori da PSOEk defendatzen duen konstituzioaren erreforma federala. EAJk, gainera, ondo baino hobeto daki horrek ez duela inoiz suposatuko atzera egitea euskal autogobernuan, batzuk irudi hori zabaltzen tematu arren. Aurkako baizik: hori da bide horretan aurrera egiteko berme bakarra».

Historia ala etorkizuna

Jeltzale eta sozialisten arteko harremanekin kritiko azaldu da Urizar; EAJren asmoekin, bereziki. Uste du herritarrak nahasten ari direla autogobernua defendatzen ari direla esan, hori garatu nahi dutela azpimarratu, eta gero «betikora» itzultzeko. «Eskubide historikoei erasotzen zaiela esaten dute eredu forala, paktismoa defendatzeko. Eta bistan da aldebikotasuna ibilbiderik eta eduki praktikorik gabeko hitz bat baino ez dela, estatuak alde bakarrez jokatzen duelako beti».

Hein batean bat dator analisi horrekin Ahal dugu-ko Uriarte. Uste EAJk «mito» bat sortu duela aldebikotasunaren inguruan. Azaldu du kontzertuak, esaterako, ez duela «zerikusirik» horrekin, edo konstituzioak eta estatutuak lurralde forudunei beren autogobernua garatzeko aitortzen dizkien eskubide historikoekin. «1878an Madrilgo gobernuak euskal diputazioei ezarri zien inposaketa izan zen kontzertua. Gaur egun, jende askok uste du antzina-antzinako eskubidea dela, baina ez: inposaketa bat da». Uriartek ez ditu zalantzan jartzen, halere, eskubide historiko horiek, baina autogobernuaren garapena herritarren borondatean oinarritu beharko litzatekeela uste du. Urizar bat dator horrekin, eta azpimarratu du herritarrei hitza eta erabakia ematea dela bidea. «Aldebikotasunean oinarritutako harremana ahalbidetzeko formula bakarra dago: euskal estatu burujabea sortzea. Beste guztia, foru nazioa eta abar, Espainiari beto eskubidea ematea da».

BERRIAn argitaratua (2015/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA