astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

gizartea

50 kilometroko inbasioa urtean

Garikoitz Goikoetxea

50 kilometroko inbasioa urtean

Deskuiduan iritsi zen, oharkabean, baina lanak jarri ditu orain. Negua atzean uztearekin bat, martxan jarriko da Asiako liztorraren aurtengo bizi zikloa. Erreginak neguko lozorrotik orain ari dira irteten, eta habia egiten hasiko dira aurki. Lehen arrautzalditik kumeak jaio aurretik, orain ari dira erreginak harrapatu nahian. Bordeleko portura iritsitako egur sail batean sartu zen Asiako liztorra Europara, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetara hedatua dago. Ez du geldialdirik. Euskal Herria igarota, heldua da Espainiara, Galiziara eta Herrialde Katalanetara. Frantzian erabat zabaldu da. Uste dute urtean 50 bat kilometro ari dela aurrera egiten. Inbaditzen.

Negua arina izan da, epela, eta otsail hasieran ikusi zituzten lehenbiziko erreginak Gipuzkoan. Hala azaldu du Egoitz Galartzak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak. Negu epelak eragin txarra izango ote duen, kezka hori du: «Teorian, zenbat eta epelago, errazago dute negua pasatzea. Denbora gutxiagoan egon behar dute gordeta». Eguraldia giltzarri izango da aurrerantzean ere. «Hezetasuna eta tenperatura onak badatoz, zabalkundea handia izan liteke. Beroa eta lehorra badatoz, gutxiago». Iragarpen zehatzik ezin dela egin ohartarazi du Eduardo Perez de Obanosek, Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitariak.

Habiak egiten hasteko daude erreginak, baina pixkanaka hasi dira ezkututik ateratzen. «Oraingoa da aurre egiteko unerik inportanteena: negua gainditu duten erreginak harrapatzea. Metodorik garrantzitsuena hori da», dio Perez de Obanosek. Tranpak jartzen ari dira. Galartzak azaldu du erlategien inguruan jartzen dituztela. Izan ere, erleak dituzte elikagai nagusi Asiako liztorrek, eta kalte handia egiten ari dira. Ez dira tranpa erabat zorrotzak, ordea. «Alde horretatik ez da askorik aurreratu: ez daukagu tranpa eta erakargarri komertzial eraginkorrik», esan du Gipuzkoako albaitariak. Hori garatzea izango da erronka, Perez de Obanosen ustez: «Ikerketa egin behar da, zehazki Asiako liztorrarentzako erakargarria sortzeko». Orain, izan ere, bertako liztorrak, euliak eta bestelako intsektuak ere jausten dira tranpa horietara. Hain justu, arazo horiek saihesteko, erreginak harrapatzeko tranpak jartzeari utzi diote Ipar Euskal Herriko elkargo batzuetan, onura baino kalte gehiago dakarrela eta.

Habiak kentzeko prozesua

Habiak deuseztatzea da hurrengo pausoa. Erreginek eurek egingo dituzte lehen habiak ?ez dira habia nagusiak bezain handiak lehenengoak?. «Nonahi» agertuko direla aurreratu du Galartzak. Erakundeak ari dira martxan jartzen. Bizkaiko Diputazioak, adibidez, protokolo berria egin du: herritarrek udalei eman beharko diete abisu habiak ikustean, eta udalek baieztatuko dute Asiako liztorrarenak direla. Haiek deituko diote diputazioari, ken ditzan.

Ez da berdin Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Han, habia agertu den lekuaren jabeak pagatu behar du kentzea. Enpresa pribatuek edo suhiltzaileek egiten dute lana. Prezioak ere ezarriak dituzte suhiltzaileek: habia bakoitza 200 euro kobratzen dute, eta baliabide bereziak erabili behar izan badituzte, beste 100 euro.

Hasierako urteetan, irudi ikusgarriak ere egin zituzten habiak kentzean: lagun talde bat inguruan jarri, eta tiroka. Salbuespena dira, Galartzaren esanetan. «Iaz Gipuzkoan 1.200 habia kendu ziren, eta tiroka, 30-40». Sistema horrek duda sortu du, erregina hiltzean habian beste erregina batzuk sortu ote litezkeen. Ezetz dio Galartzak: «Bizirik geratu direnak gai dira habia gehiago egiteko, baina ez dute erreginarik».

Erleen eboluzioa

Erleei erasotzen diete liztor beltzek, elikagaitzat hartzeko. Horregatik ari dira kate handia egiten erlezaintzari. Oraingoz, izan ere, erleak ez dira gai liztorrak saihesteko. «Asiako erleak, bai, gai dira aurre egiteko», azaldu du Perez de Obanosek. Erleek inguratu egiten dute liztorra, bola bat osatu, eta tenperatura igotzen dute 45 gradutik gora: erlea gai da tenperatura horretan eusteko, baina liztorra, ez, eta hil egiten da.

Hemengo erleak ere hasi dira keinu batzuk egiten. «Erlauntz sarreran jartzen dira multzoan, liztorra ikaratu nahian. Inguratzea ere lortzen dute. Baina hor geratzen dira», azaldu du Galartzak. Liztorrari aurre egitea lortzerako urte asko joango dira. «Gure erle espeziekoak ere badaude Asian, orain 50 urte eramanak. Haiek ere ez dira gai liztorrari aurre egiteko». Hemen «epe luzea» igaroko da.

Zikloa hasi da berriro. Erakundeen rola hizpide dute. Galartzak dio «desberdina» izan dela erantzuna batean eta bestean: «Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik ekin zion gaiari. Jaurlaritzaren rola eskasagoa izan da». Lehen urteak igarota, elkarlana falta dela uste du, «estrategia komun bat». Nafarroan kexu dira. «Ez gaituzte aintzat hartzen batere». Perez de Obanosek dio gobernu aldaketak ez diela ekarri berritasunik. «Kontseilariarekin egon ginen otsailaren 5ean. Espero genuen erantzuna kanpaina hasterako. Oraindik ez dugu deus jaso».

BERRIAn argitaratua (2016/04/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA