astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

kirola

ALEX ARANZABAL. EIBARREKO PRESIDENTEA

«Nire ideiek talka egin dute betiko ideiekin»

Aitor Manterola

«Nire ideiek talka egin dute betiko ideiekin»

Ipuruako palkoaren barruan taberna dago, eta, erdi-erdian, mahaia. «Elkarrizketak egiteko dago jarrita», esan du Alex Aranzabalen (Eibar, Gipuzkoa, 1974) idazkariak. Handik gutxira heldu da Eibarreko presidentea dena, eta laster ohia izango dena. Edari freskagarri bat hartu du tabernatik, eta, BERRIArekin solasean aritzeko, mahaiaren bueltan eseri da.

Haserre, pozik, lasai...Nola dago orain Alex Aranzabal, denboraldia amaitutakoan presidente izateari utziko diola jakinarazi berritan?

Zentratuta nago Eibarreko presidente moduan geratzen zaizkigun hiru partida hauetan. Oso garrantzitsuak dira, gure historiako denboraldi onena egiten ari garelako. Iaz baino zazpi puntu gehiago dauzkagu, eta beste bederatzi daude jokoan. Marka handia lor dezakegu.

Data zehatzik badauka presidentetza uzteko erabakiak?

Denboraldia bukatzean.

Jakinda ez duzula jarraitu behar, zailagoa da betiko indar eta gogoari eustea?

Momentu bereziak dira hauek niretzat. Ipuruako palkoan eserita nengoela aurreko partidan, pentsatzen aritu nintzen bi partida baino ez zitzaizkidala geratzen palkoan eserita egoteko. 11 urtez egon naiz hor. Galderaren erantzuna da: nire lana arduraz bukatu nahi dut.

Lehendakari kargua utzi arteko tartean baduzu egitasmoren bat bereziki bukatzeko edo egiteko gogoa?

Hemen fronte asko dauzkagu irekita. Lehen taldearen inguruko lana da bat. Iaz, apustu handia egin genuen Jose Luis Mendilibar ekartzeko, eta ondo atera da. Jarraitu egingo du Eibarren. Taldea osatu ere egin behar da datorren denboraldirako.

Zergatik utzi behar duzu?

Klubak komunikatua atera zuen aurreko ostegunean, eta esan beharrekoa hor dago. Nire asmoa zen denboraldia amaitu arte ezer ez jakinaraztea, baina atera egin zen albistea.

Bukaera behartua izan da?

Ez dut iritzi horrekin bat egiten.

Denboraldia amaitzean azalpen gehiago emango dituzu?

Ez daukat batere arazorik horretarako, baina niretzat garrantzitsuena da Eibar kluba, haren egonkortasuna. Lan asko egin dugu 11 urte hauetan, eta hori babestu eta zaindu egin behar dugu. Klubak lau zutabe dauzka, nire ikuspegitik: kirola, ekonomikoa, soziala, eta nazioartean zabaltzea Eibar izena. Hausnarketa eginez gero, lau alorrak unerik onenean daude, eta horrekin geratzen naiz.

Klubetik kanpo egongo zara laster. Kanpotik eragiten jarraituko duzu, ala erabat desagertuko zara?

Nire lekuan egon naiz denbora guztian. Zintzotasunez jokatu dut, eta horrela ikusten dut neure burua. Presidente izan banaiz, izan da garbi ikusten nuelako futbola tresna eraginkorra dela Eibar herri moduan, Eibar marka moduan indartzeko; eta baita herriko ekonomian eragile izateko ere. Futbolaz haratago egon behar du egun klub bateko kudeaketak. Oso garrantzitsua da hori. Futbola botere iturri erraldoia bihurtu da: ekonomikoa, komunikatiboa... Nire ikuspegi xumetik, aukera ikusten nuen Eibarko eta haraneko esparru askoren bultzatzaile izan zedin futbola, eta horretan saiatu naiz. Kapital hazkundea egin genuenean, 69 herrialde ezberdinetan saldu genituen klubaren akzioak. Filosofia nagusia hori izan da, eta hortik eratorri dira lau zutabe nagusiak. Nire lana egin dudala iruditzen zait.

Zure filosofia berritzailea izanik, erresistentzia izan duzu betiko Eibarren filosofiaren aldekoen partetik?

Gauzak aldatzea zaila da. Presidente naizenetik, filosofian sakontzeko ardura izan dugu. Adibidez, estadioa handitu klub askok handitzen dute, baina gure asmoa haratago doa. Ipurua Tallarra egitasmoa sustatu dugu Ipurua handitzearekin batera, adibidez. Beste kezka batzuk txertatu ditugu gure helburuetan. Futbola eta unibertsitatea, futbola eta literatura, futbola eta kultura, futbola beste esparru batzuekin lotzea lehentasuna izan da niretzat. Sekulako bozgorailua da futbola. Cristiano Ronaldok edo Lionel Messik zelaian egiten dutenak eragin handiagoa dauka gizartean Mariano Rajoyk edo Iñigo Urkulluk esaten dituztenek baino. Abiapuntu horretatik, futboleko agintariak sekulako ardura dauka indar hori ondo erabiltzeko.

Asko hazi da kluba azken bi urte eta erdian. Beldurtu egin dira batzuk hainbeste handituta?

Ikuspuntu ezberdinak egon dira. Ni jakitun naiz nire ideiek talka moduko bat egiten dutela futbolaren ikuspegi kontserbadorea dutenekin; talka egin dute betiko ideiekin. Esaten dudanean futbola eta kultura loturik daudela, badakit kontrakulturala dela. Gehiengoaren ustea da futbolean futbolaz bakarrik hitz egin behar dela; zelaian gertatzen denaz, alegia. Gurea berritzailea izan da; subertsiboa ere bai, eta ni oso gustura sentitu izan naiz subertsibotasun horretan.

Beste batzuk ez, itxura denez.

Ez dakit.

Urtebete lehenago utzi behar duzu lehendakari kargua, eta baduzu zerbaiten damua, beste era batera eginez gero hau ez zela gertatuko?

Honetaz hitz egingo dugu denboraldiaren amaieran. Ideiak eta egitasmoak dauzkat, eta erraztasuna daukat ideia berritzaileak eta apurtzaileak sortzeko. Bizitzan zikloak daude, eta hau amaitu da. Onartu egin behar da.

Zu joanda, badago arriskua zure agintaldiko zutabe eta egitasmo nagusiak ez gauzatzeko?

Bideak jarrita daude gauzatu ahal izateko. Ipurua Tallarra sortzeko, Andy Warholen ideietan oinarritu nintzen, besteak beste, eta ideietan sinesten dut. Ipurua Tallarran entrenatzaile izateko ikastaroak ematen dira, baita EHUko eskolak ere. Orain, datorren astean Betisen aurka hemen jokatu eta gero, bigarren faseari ekingo diogu. Ekialdeko harmaila botako dugu, eta museoa egin nahi dugu, baina ez da beste bat bezalakoa izango. Guretzat Ipurua ikono bat da; nolabait esateko, Liverpoolentzat Anfield estadioa denaren antzekoa. Nahi dugu erromesaldi leku bihurtzea. Hona mundu osoko jendea etortzen ari da bisitan, eta eman nahi diogu eduki formalagoa. Ipuruan zehar bidaia antzeko bat egiteko aukera sortu nahi dugu, futbola ulertzeko gure modua ezagutarazteko. Ez dut ezagutu Lehen Mailan Ipurua bezalako estadiorik. Arima dauka, eta hori erakutsi nahi dugu museoaren bidez. Ipurua Tallarrak bost fase zituen, eta, museoarekin, bi behintzat eginda geratuko dira.

Legeak agintzen du Lehen Mailako estadioek 15.000 ikusle izan behar dituztela gutxienez, eta legea betetzen hasi behar dela Lehen Mailara estreinakoz igo eta hirugarren denboraldian. Berez, orain tokatzen zaio Eibarri araua betetzen hastea. Zertan da hori?

Legea betetzea ez da lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa. Gainera, hemen ez dago lekurik 15.000 ikuslerentzako zelaia egiteko. Iparraldeko harmaila berrituta, 6.300 ikuslerentzat lekua dauka Ipuruak; orain, ekialdekoa berritzen dugunean, 7.500 ikusle izatera igaroko gara. Madrilgo futbol agintariei mezua bidaltzen ari gara: zelaia handitzeko borondatea daukagu, baina ezin dugu azkarrago egin.

Beti salatu izan duzu Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek ez dutela laguntzen Eibar taldea beste kluben pare. Zu ez zaudenean uste duzu alda daitekeela jarrera hori?

Ez dauka heldulekurik erakundeen jarrerak. Inork ezin du ulertu Athleticek eta Realak laguntza jasotzea zelaia handitzeko edo berria egiteko, eta guk, txikienak eta pobreenak, laguntzarik ez jasotzea. Denboraren poderioz, hautsi egin behar da jarrera hori. Ulergaitza da.

Zureganako jarrera pertsonalen bat egon daiteke erakundeek Eibarri emandako ezezko horren atzean?

Ez zait iruditzen halako zerbait dagoenik. Erakundeak ez dira horren arabera mugitzen. Izan zitekeen erakundeek pentsatzea Eibar ez zela luzaro egongo Lehen Mailan, eta horregatik ez ematea laguntza. Dena dela, gu beti izan gara oso independenteak.

Zer egin behar duzu Eibarreko lehendakaritza utzi ondoren?

Oso nekatuta nago. Bizitza erabat harrapatu dit lan honek. Oso intentsua izan da. Beste zaletasun batzuk ere badauzkat: ehiza, xakean jokatzea, irakurtzea, alabarekin zinemara joatea...

Hala ere, laster murgilduko zara beste zerbaitetan, ez baitzara geldirik egotekoa.

Ikusiko dugu.

Futbolaren munduan jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Pentsatu egin behar dut. Futbolak sekulako eragina dauka gizartean, ekonomian eta politikan, eta hori ona da.

Zer eman dizu futbolak?

Albert Camus idazlea futboleko atezaina ere izan zen, eta esaten zuen futbolean ikasi zuela pertsona baten jarrera moralei buruzko guztia. 11 urte futbolean egin eta gero, ulertu dut zer esan nahi zuen Camusek.

Onerako eta txarrerako?

Denetik dago, denean bezala.

BERRIAn argitaratua (2016/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA