astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

mundua

«Egia izan da lehen biktima»

Kristina Berasain

«Egia izan da lehen biktima»

Mexikoko historiako pasadizo ilunen zerrenda osatuko duen beste kasu bat idatzi da. Ayotzinapako gertaerak ikertzen aritu den nazioarteko aditu talde independentearen lana amaitutzat eman du gobernuak. Artean erantzunik gabeko galdera ugari daudenean. Nazioarteko bost ikerlariz osatutako taldea urtebete luzez aritu da lanean, eta, zementu puska horretan zirrikitua aurkitu dutenean, agintariek ez diete ikertzen jarraitu ahal izateko epea luzatu. GIEI Aditu Independenteen Talde Interdiziplinarioak atzo aurkeztu zuen azken txostena. Dokumentuak 608 orrialde ditu, eta ondorio latzen artean bat nabarmentzen da: «Egia izan da lehen biktima».

Ikerketak erabat utzi du auzitan bertsio ofiziala, estatuaren beraren sinesgarritasuna zalantzan jartzeraino. Enrique Peña Nietoren gobernuari, bada, beste bonba bat lehertu zaio esku artean. Adituek ikerketa egin ahal izateko trabak eta oztopoak salatu dituzte; besteak beste, susmagarriak diren militarrak galdekatzeko baimena ukatu dietelako, dokumentu ofizialetara sartzeko eskaerei ezezkoa eman dietelako, kontraesanez beteriko argudioak entzun dituztelako, sendotasunik gabeko frogak aurkitu dituztelako, agintariek frogak desagerrarazi dituztelako, hainbat auzi isilean gorde dituztelako eta etengabe prozesua moteltzen saiatu direlako.

Ikerlariek armada jarri zuten jomugan. Irailean aurkeztutako lehen txostenak jada seinalatzen zuen armada. 27. erregimentuko militarrak galdekatzeko eskaera egin zuten ikerlariek. Baina ezezko borobila jaso zuten. Irekitzear zegoen atea kolpez itxi zen.

Bideo baten froga

Carlos Martin Beristain ikerlaria dago aditu taldeko kideen artean. Haren hitzetan, gauza asko daude argitzeke: «Txostena ez da egia bat, eraldaketarako tresna bat baizik. Guk muga asko aurkitu ditugu, eta etorkizunean gerta daitekeenak kezkatzen gaitu; ez dakigu ze mekanismo erabiliko dituzten aurrerantzean».

Ondorio batzuk, baina, irmoak dira. Igualan 2014ko irailaren 27ko goizaldean desagertu ziren ikasleak ez zirela erreak izan ondorioztatu dute ikerlariek. Jesus Murillo orduko fiskalaren «egia historikoa», beraz, ezerezean geratu da. Haren tesiaren arabera, ustelkeriatan zebiltzan herriko poliziek atxilotu zituzten autobusetan zihoazen ikasleak. Baina Guerreros Unidos gaizkile taldeko kideen eskuetan utzi zituzten ondoren. Azken horiek hil zituzten ikasleak, eta zabortegi batean erre, Coculan, Guerrero estatuan. Gorpuzkiak poltsetan bildu, eta ibai batera bota zituzten gero, San Juan ibaira. Atxiloketen unean, beste sei ikasle hil eta 27 zauritu zituzten.

PGR Errepublikako Auzitegi Nagusiaren ikerketak ere ondorio bera atera du. Tomas Zeron Ikerketa Kriminaletarako Agentziako buruak bat egin du bertsio horrekin. GIEIko ikerlariek, baina, banan-banan desmuntatu dute hipotesi hori. San Juan ibaian bertan azaldu zen orain arte identifikatu duten ikasle bakarraren gorpua; Alexander Morarena. Irailaren 29an agertu zen gorpu hori. GIEIko adituek zabaldutako bideoan, baina, agerian geratzen da bezperan prestatu zutela gertalekua; Agustin Garcia Reyes El Chereje inguruetan ageri da. Auzipetuta dagoen sikarioa da El Chereje. Eta bertsio ofiziala eraiki zuten haren bidez.

Agertutako gorpuaren zaintza katea, baina, ez zela errespetatu frogatu dute adituek. Eta erasotik bizirik atera ziren ikasleen tesiari erreparatu diote; militarrak ere bazirela tartean.

Adituak, baina, jaioterrira itzuliko dira datozen egunotan, eta ikasleen gurasoek, bien bitartean, itxaropenari heldu nahi diote, egunen batean egia eta justizia egingo delakoan. Felipe de la Cruz senideen bozeramaileak esan du ikerlariek kemena eman dietela aurrera egiteko: «Ez gara isilik geratuko gure seme-alaben taupadak entzun arte».

Martxa Mexiko Hirian

Aste honetan bertan, martxa bat egin dute Mexiko Hirian. Han, presidentearen kontrako oihuak entzun ziren, baita ikerlarien aldekoak ere, alde egin ez zezaten eskatzeko. Esaldi batean laburbildu du haien egoera De la Cruzek: «Badakizue buru askotako munstro bati aurre egiten saiatu zaretela».

Mexiko militarizatuta dagoen estatua da, eta agerikoa da estatua eta talde kriminalen arteko harremana. Atzo, indar federaletako lau kide auzipetu zituzten torturengatik. Guerrero estatuko kideak dira horiek ere, Igualakoak.

BERRIAn argitaratua (2016/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA