astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

politika

Epaiketa herri akusazioei

Jokin Sagarzazu

Epaiketa herri akusazioei

Herritarrak beti irtengo dira galtzen estatuari aurre egiteko dituzten tresnak galtzen badituzte». Teodoro Mota abokatuarenak dira hitzok. GALi buruzko ikerketen jatorria izan zen Segundo Mareyren bahiketaren auzian parte hartu zuen, herri akusazioan. Tortura, GAL, ustelkeria politikoa... Gogoan du 1980ko hamarkada. «Azken 40 urteotako historia ez litzateke berdina izango herri akusazioek eginiko lanarengatik ez balitz».

Espainiako Estatuan edozein herritarrek parte har dezake zigor prozedura batean, nahiz eta auziak zuzenean berari ez eragin, fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin batera. Eskubide konstituzional bat da. Salbuespen bat zuzenbide konparatuan. «Baina beharrezkoa», Joaquim Bosch JpD Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramailearen iritzian. Herri akusazioaren instituzioa justifikatu izan da fiskaltzak Espainiako ordenamendu juridikoan duen egitura eta funtzioagatik. Bereziki, botere politikoaren kontrolarengatik. «Egitura hierarkizatu bat da, eta fiskal guztien buruan dago botere politikoak aukeratutako fiskal nagusia; berak ezartzen ditu gidalerroak, garrantzi politikoa duten auzietan gehienbat».

Epaileak esandakoarekin bat dator Margarita Uria CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eledun ohia. Baina Uriak nabarmendu du eskubide konstituzionala izanda ere arautu gabe dagoela. «Ez da zehazten zeinek eta nola erabil dezakeen herri akusazioa, eta era guztietako taldeak aurkezten dira, auziarekin loturarik ez dutenak, etekin politikoak bilatzen dituztenak, oihartzun mediatikoa nahi dutenak: sindikatuak, alderdiak, autonomia erkidegoak, denetarik. Eta ez da zehazten ere epaileek zein muga eta kontrol ezar ditzaketen kereila horiek [izaera hori dute herri akusazioek aurkeztutako salaketek] tramiterako onartzeko orduan eta geroko faseetan». Horregatik «disfuntzioak». «Ez da normala edozein gai zigor prozeduretatik bideratu ahal izatea. Lehen auzi administratibo bat zena, orain, espetxearekin zigortu nahi dute». Eta Bosch, laburbilduz: «Herri akusazioen bitartez, auzi politiko eta sozialen gehiegizko judizializazio bat gertatzen ari da».

Manos Limpiasen auziak ekarri du aspaldiko eztabaida mahai gainera. Herri akusazioaren instituzioa, XIX. mendekoa, legeditik kendu behar den, haren jarduna mugatu behar den... Manos Limpias herri akusazioa da Espainiako errege Felipe VI.enaren arreba Cristina Borboikoa eta haren senar Iñaki Urdangarin auzipetuta dauden sumarioan. Aldeei xantaia egitea leporatuta atxilotu zuten apirilaren 15ean sindikatuko burua. «Talde horren jardunari buruz izan ditzaket zalantza asko, baina aitortu behar da ez genituzkeela ustelkeria kasu hau eta beste batzuk ezagutuko egin duen lanarengatik ez balitz», dio Motak.

Langile publikoen sindikatu bat da Manos Limpias, eta buruen artean eskuin muturreko kide ohi batzuk daude. Auzitegietan askotariko salaketak jartzeagatik egin da ezaguna, ETAren indarkeriaren biktimen gisa aurkezten diren beste batzuk bezala. Elkarte horien ekimenez egin dira epaiketa ugari. Haiek jarri dituztelako salaketak, eta ondoren fiskaltzaren babesarekin aurrera egin dutelako. Edota babesik gabe lortu dutelako hainbat auzi epaiketara eramatea, Euskaldunon Egunkaria-rena, kasurako.

Euskal gatazkarekin loturiko auzi batzuk direla eta, gainera, ezarri da jurisprudentzia gai honetan. 2008an, Espainiako Auzitegi Gorenak, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpen baten aurka eta ordura arteko irizpidea aldatuz, zilegitasuna eman zion herri akusazioarekin soilik epaitzeari —aurretik aurkakoa erabaki zuen Emilio Botin bankariaren auzian—. Atutxa doktrina du izena irizpide horrek, hori ebatzi zuelako Gorenak EAEko auzitegiak uko egin zionean herri akusazioekin soilik Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Mahaiko beste kideak epaitzeari, 2003an legez kanporatutako Abertzale Sozialistak legebiltzarkide taldea desegiteko agindua ez betetzeagatik. Gauza bera gertatu zen 2010ean, EAEko auzitegiak 2006ko bake elkarrizketetan parte hartu zuten agintariak —Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Arnaldo Otegi, besteak beste— ez epaitzea erabaki zuenean. Lehenengo kasuan, Manos Limpias izan zen herri akusazioa. Bigarrenean, Dignidad y Justicia eta Ermuko Foroa izan ziren. Bietan egin zen epaiketa: aurrenekoan zigorra, bigarrenean absoluzioa.

Ordutik, hainbatetan gertatu da herri akusazioekin soilik epaiketa egitea, eta berriz jazo daiteke, Uriak gogora ekarri duen moduan, Hasier Arraizek Segurako auzia dela-eta EAEko auzitegian zabalik duen sumarioan. Urtarrilean, Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren kausa berean auzipetuta zeuden ezker abertzaleko beste 35 kideak. Haiek akordioa egin zuten fiskaltzarekin eta zigorrak murriztea lortu, espetxea saihestuz. Akordioa babestu zuten akusazioek ere, baina haietako batek, Dignidad y Justiciak, orain erabaki du Arraizen kasuan ez babestea, eta litekeena da Sortuko presidentea epaitzea, akordioa onartuz gero, saihestuko litzatekeena; maiatzaren 9rako dauka jarrita lehen auzi saioa. Sumario horretan abokatu aritutako Amaia Izkok kezkaz begiratzen dio egoerari. «Auzitegietan borondateak hurbiltzea lortzen denean, herri akusazioak horiek blokeatzeko ahalmena ari dira erakusten, tresna horren aurpegirik okerrena agerian utziz».

Fiskaltza «paraleloak»

Gai batzuetan fiskaltzarekiko mesfidantza oso handia delako jo izan da herri akusazioetara. Ministerio publikoak «ikertu nahi ez zituen» hainbat kontutan; ustelkeriarekin loturikoetan, asko, baina baita osasunarekin ere, ingurumenarekin... Ekinaldi horien bidez ere azalarazi dira estatu krimen asko, GALenak bereziki, eta tortura kasu ugari. «Giza eskubideen aldeko erakundeengatik ez balitz ez litzateke jakingo ezagutu denaren heren bat ere», azpimarratu du Motak.

Azken urteetan, herri akusazioak ustelkeriarekin loturiko kasuetan ari dira ugaritzen, eta, «salbuespenak salbuespen», lan «eredugarria» egiten ari direla uste dute lau legelariek. «Ehunka lagun ari dira herri akusazioetan asmo onez, ezin ditugu denak Manos Limpiasen zaku berean sartu», adierazi du Motak.

Lau adituak, halere, kezkatuta daude instituzioak izan duen bilakaerarekin. Gizarte mugimenduek erabilitako tresna zena, egun, «kasu askotan», botere politikoak «erabiltzen» duela uste dute, adibidez, Motak eta Izkok. Haien iritzian, talde batzuk lagundu eta finantzatu dira horretarako, hainbat gai auzitegietara irits daitezen edota blokea daitezen. Hein batean bat dator horrekin Bosch epailea ere: «Fiskaltza paraleloen modura funtzionatzen dute batzuetan, eta hori ezin da onartu». Uriarentzat, berriz, talde horietako asko gobernuak baino «gogorragoak» dira, «bidea markatuz edo».

Politikaren «gehiegizko» judizializazioaz ohartarazi du Boschek. «Politikaren bidez konpondu beharko liratekeen gai batzuk auzitegietara bideratzen dira». Euskal gatazkarekin loturikoak, Kataluniarekin... Epailearen arabera, kasu horietan «askotan» erabiltzen dira herri akusazioak. «Gizartean eragiteko erabiltzen dira, eta elkarte horiek, batzuetan, estrategia politiko baten barruan daude». Kereila asko ikertzen hasi eta atzean ezer ez dagoela ohartzen dira epaileak, baina salaketa eginda dago, «eta, batzuetan, lortzen dute bilatzen zuten oihartzuna», dio Boschek.

Izko kezkatuta dago talde batzuei «gizarte mailan eta maila politikoan» ematen zaien lobby izaerarekin. «Marjina ikaragarriak eta erraztasun guztiak ematen dizkiete auzi batzuetan». Beste batzuei, aldiz, oztopoak —berme handiak prozesuan parte hartzeko, zenbait ikerketa egiteko ukoak...—. «Era guztietako trabak jarri zizkiguten guri, baina bereziki saiatu ziren gure lana zikintzen, ETAkoak ginela esanez-eta», azaldu du Motak.

Zilegi eta egoki?

Abokatu madrildarrak uste du politikarekin lotura handien duten kasuetan, bereziki, «abusu» bat dagoela talde batzuek kereilak aurkezteko orduan eta epaileek horiek tramiterako onartzean. «Herri akusazioek aurkezten dituztenak exijentzia handiarekin aztertu behar dira, baina talde guztienak ez dira berdin tratatzen. Ez da gauza bera Poliziaren kontra salaketa bat aurkeztea edo beste batzuen aurka».

Boschen arabera, tramiterako erraz onartzea gertatzen da Espainian oso erraza delako prozedura penal bat abiatzea, baina aitortu du Auzitegi Nazionalean «ohikoagoa» dela hori, «eta gai jakin batzuekin gehiago». Bat dator azalpen horiekin Uria. Haren iritziz, legean zehaztu beharko lirateke onartzeko gutxienekoak, eta ondoren ere beste filtro batzuk ezarri, taldeak «zintzo» jokatzen ari diren frogatzeko. Auzitegi Nazionalean aurkezten diren salaketa asko «kalitate juridiko eskasekoak» direla aitortu dute lau legelariek.

Motak eta Izkok, halaber, epaileen erantzukizuna azpimarratu dute. «Hemen jokoan interes asko egon daitezke. Horregatik, beti ez dituzte erabakiak hartzen balorazio juridikoetan soilik oinarrituta, bereziki Auzitegi Nazionalean», esan du Motak. «Epaitegi politiko bat da; ez luke existitu behar». Ados dago horrekin Izko, eta herri akusazio batzuen jardunak Espainiako sistema judizialean izan dituen ondorio «negatiboak» azpimarratu ditu. Batetik, prozedura jakin batzuk baldintzatu dituztela uste du. «Epaileen eta fiskalen erabakiak modu batez edo bestez bideratu eta baldintzatu dituzte, hedabideetan edota gizartean egingo zaien kritiken beldur». Eta, bestetik, eta «larriena», Izkoren ustez, zigor politikari dagozkion erabakiak —legeak nola interpretatu, nola aplikatu eta zeren arabera— «markatu eta baldintzatu» dituztela, «akusatuei eta presoei nabarmen kalte eginez».

Boschen iritzian, salaketen zilegitasuna eta egokitasun juridikoa bereizi behar dira. Haren arabera, ETAren indarkeriaren biktimen elkarteek zilegitasuna dute salaketak jartzeko, «eta logikoa da hainbat ekinaldi planteatzea». Baina ez beti. Uste du «oso handia» dela talde horiek instrumentalizatzeko arriskua. «Gaiaren sakonera jotzen badugu, ikusten dugu PPren gobernua haietaz baliatzen dela». Eta oinarrian bat dator Izkorekin: «Batzuek eta besteek muga-mugaraino eraman dituzte zuzenbide estatuaren zenbait oinarri». «Oso kezkatuta» dago adierazpen eta iritzi askatasunekin gertatzen ari dena. «ETAren garairik gogorrenean Auzitegi Nazionalera urtean hiru-lau salaketa iristen ziren apologiarekin-eta loturik; orain, 30etik gora». Uriak, berriz, zalantzazkoa du talde batzuen zilegitasuna bera. «Ez dakigu benetan zertarako sortu ziren». «Oso agerikoa da justiziaren instrumentalizazioa, helburu politikoak eta bestelakoak lortzeko».

Hori saihesteko, zer egin? Lau legelariak bat datoz herri akusazioak beharrezkoak direla. «Fiskaltzaren egungo egitura hierarkikoa eta politikoa indarrean dagoen bitartean ez litzateke ukitu behar», dio Boschek. Dena den, epailearen arabera, badago aukera aipatu «gehiegikeriei» mugak jartzeko. Haren ustez, aztertu beharko litzateke zenbait ekinaldi zigortu edo ez; bereziki, salaketa faltsuak egiten direnean eta demostratzen bada salaketaren atzean zeuden asmoak ez zirela zuzenak.

Uriak, berriz,«osorik» aldatuko luke XIX.mendekoa den Zigor Prozedurarako Legea. 2011.urtean Zapateroren gobernuak aurkeztutako lege egitasmoa jarri du eredu gisa. Debekatu egiten zien pertsona juridiko publiko eta pribatu guztiei, alderdiei eta sindikatuei barne, tresna hori erabiltzea. Halaber, bi filtro ezartzen zituen. Lehenik, epaile instruktoreak, eta gero, epaimahaiak aztertu behar zituzten salaketak eta ebatzi horien zilegitasuna eta egokitasuna.

Mota bat dator «filtro batzuk» jartzearekin. Baina gogoratu du konstituzioan jasota dagoenez «oinarrizko eskubidea» dela, eta pertsona guztiek izan behar dutela aukera eta laguntza horretarako. Abokatuak, baina, susmoa dauka ezein aldaketa herri akusazioaren aurkakoa izango dela. «Ulertzen ditut kritikak, baina ez litzateke ukitu behar». «Ukitu ez, baina bai egokitu, egungo errealitatera egokitu», azpimarratu du Uriak.

BERRIAn argitaratua (2016/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA