iritzia
Odolaren mintzoa
Miren Amuriza
Askok higuina zioten (diote) bai, ez hainbeste odolari, ezpada beronen iturbegiari; baloi kolpe bategatik norbait sudurretatik dariola hastean ez zuten halako eskandalurik sortzen eta. Sentsazio fisikoekin (okadak, botagura...) erlazionatu arren, emozio bat da nazka eta beldurraren aurrekari izaten ei da sarritan. Hargatik ez ote zioten (dioten) aldageletan, pleno aretoetan zein komunikabideetan kotoi zati margotuari sugegorriari nola ihes egiten. Hilerokoa odola da, aizue, ez besterik. Odol kolorekoa, gorria, marroia, beltza... Odol usaina du, eta aluarena, zaporea ere bai. Likatsua da, epela, eta ez du kosk egiten.
Beharrik Xalbadorrek idatzita utzi zuen: «Nehoiz etzeraukula nik ez dut etsiko/ gure kontzientzia atzartzen hasiko/ egungo balentriak ez baitu betiko/ odolaren mintzoa isilaraziko».



