astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

gizartea

Zubietako erraustegiari ingurumen baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak

Iñaki Petxarroman

Zubietako erraustegiari ingurumen baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) baditu Zubietako errauste plantarako beharrezko ingurumen baimenak. Eusko Jaurlaritzak eman dizkio, apirilaren 11n sinatutako ebazpenean, ingurumen baimen bateratua (IBB) eta ingurumen eraginaren deklarazioa (IED).

Hain zuzen ere, GHK-k martxoaren 18an eskatu zion Eusko Jaurlaritzari 2010eko baimena erabiltzeko aukera proiektu berrirako. Eta Jaurlaritzak baietz esan du: egitasmo berriak ez duela aldaketa esanguratsurik eta 2010eko baimena balekoa dela.

Berez, hiru hilabeteko epea zuen Jaurlaritzak GHKri erantzuteko, baina kontsortzioak lehenbailehen behar zuen erantzuna, lizitazioa maiatzean egin nahi duelako. Horretarako, baina, ezinbestekoa du ingurumen baimena, eta azkar eman dio Jaurlaritzak.

Konparazio baterako, aurreko agintaldian, Bildu agintean zegoela, GHK-k tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat egiteko IBBa eta IEDa egokitzea eskatu zion, baina Jaurlaritzak ez zuen onartu, proiektuan «aldaketa nabarmenak» zeudela ebatzita. Orduan, GHKren eskariari erantzuteko hiru hilabeteko epea agortu zuen Jaurlaritzak. Orain bi aste aski izan ditu.

Berez, 2010eko IBBa eta IEDa epez agortuta leudeke 2014tik, baldin eta aurreko agintaldian GHK-k ez bazuen luzapenik eskatu TMB planta egiteko. Luzapena eman zuen Jaurlaritzak, baina gero GHK-k berak galdegin zion bertan behera uzteko, ingurumen baimena TMB plantarako baliagarria ez zela jakin zuenean. Eskari horri, baina, Jaurlaritzak ez dio erantzun.

Aipagarria da, bestetik, ebazpen honekin bai Jaurlaritzak eta baita GHK-k egindako kudeaketa publikoa. Izan ere, nahiz eta azpiegiturak gainditu behar duen tramite nagusietako bat izan, ez dute horren berririk eman jendaurrean, ez prentsa ohar bidez. Jaurlaritzak ebazpenean dio GHKri, Donostiako Udalari eta «gainerako interesatuei» jakinarazi diela. BERRIAk Jaurlaritzari eskatuta lortu du ebazpena, ez baita argitaratu ez EAEko buletin ofizilean eta ez Gipuzkoakoan.

Bitxia behintzat bada prozedura, ebazpenaren aurka gorako helegitea jar baitezakete hala nahi duten herritar eta eragileek Ingurumen sailburuaren aurrean, erabakiaren berri eman den egunetik hilabete baten buruan. Kontuan hartuz ebazpenak apirilaren 11ko data duela, ohiko prozedura mantentzen bada, behintzat, bi aste eskas geratuko dira helegiteak jartzeko.

Baimena eta aldaketak

GHKren proiektuaren nondik-norakoak aztertu ditu Jaurlaritzak, Iosu Madariaga Ingurumen sailburuordeak sinatutako ebazpenean. Ontzat jo ditu proiektuaren ardatz berriak. Besteak beste, bi labe izango ditu, bakoitzak urtean 100.000 tona errausteko ahalmenarekin. Hara bideratu aurretik, baina, zehazten da hondakinak tratamendu mekaniko biologikorako plantan hartuko direla, eta bio-lehortzea egingo zaiela. Guztira, 162.185 tona jasoko dira urtean. 2010eko proiektua aztertu zuen ingurumen baimenak zioen Zubietako plantak 205.000 tonarako ahalmena izango zuela, eta haren funtzionamendu «normala» 170.000 tonarekin izango zela.

GHKren egitasmoak dio eskoriak kudeatzeko eta heltzeko prozesua instalazioetatik at egingo dela, eta txikitu egin dela errauts toxikoak egokitzeko plantaren tamaina. Behin tratatu eta heldu ondoren, Zubietan jasoko dituzte eskoriak, urtean 52.400 tonako ahalmeneko biltegi batean.

Zubietara hiri hondakinak —baita industria, instituzio eta merkataritzakoak ere—, konpost eta birziklatze prozesuko errefusak eta ur araztegietako lohiak eramango dituzte. Errausketan gasa (urtean 1.500 megawatt ordu) eta gasolioa (45.000 litro) erabiliko dituzte. Labe bakoitzak tximinia bat izango du, eta beste bat izango da bio filtroetarako.

Errausketatik hondakin arriskutsuak sortuko dira, batez ere, errautsak: 9.990 tona urtean lehortuta daudenean, eta 13.590 tona hezetze prozesua egin ostean. Horren ondoren, Zubietatik at aterako ditu «horretarako baimena» izango duen kudeatzaile batek, ebazpenaren arabera.

Labeak 850 gradu artean berotuko dira, eta dioxina eta furanoez gain, honako gasak isuriko dira: Karbono organiko totala, partikula totalak, amoniakoa, azido sulfidrikoa, hidrogeno fluoruroa, hidrogeno kloruroa, sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa. Zeresanik ez, CO2 ugari ere. Aldi berean, metal astunak ere aipatzen ditu: kadmioa, talioa, merkurioa, artsenikoa, beruna, kromoa, kobaltoa, kobrea, manganesoa, nikela eta vanadioa. Isurketa horiek lehen urtean bi hilabetean behin neurtuko dituzte, eta bigarren urtetik aurrera hiru hilabetean behin.

Eliktrizitatea plantarako

Instalazioan erabiliko da errausketatik sortutako elektrizitatea (21.832 megawatt ordu). Horrekin aski ez eta saretik ere jasoko dute (16.924 megawatt ordu) bio-lehortzerako, eskoriak itzaltzeko, enbalatze plantarako eta erraustegia martxan jarri eta itzaltzeko. Uler liteke errausketatik sortutako elektrizitatea ez dela aski izango instalazioen funtzionamendu beharrak asetzeko. Ikusteko dago, beraz, eraginkortasun energetikoaren langa gainditu eta balorizazio energetikoaren baldintzak betetzen dituen.

BERRIAn argitaratua (2016/04/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA