astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

gizartea

Genero gabeko izenen aldarria

Maialen Unanue

Genero gabeko izenen aldarria

Dena dago antolatuta neska-mutil binomio horri eusteko: baita izendegia bera ere». Izenek sexuaren araberako bereizkeria bultzatzen dutela ohartuta, gaia ikuspegi feministatik jorratzeko beharra sentitu zuten Bilgune Feministako kideek. Hausnarketa kolektibo horren emaitza da Izena eta izana ezbaian: gida praktikoa liburuxka, Emagin elkartearekin elkarlanean egindakoa.

Abiapuntua argia da: «Hizkuntzak errealitatea sortzen duela esaten badugu, errealitatea alda dezakegu berau aldatuz gero; eta, hizkuntzak errealitatea eraikitzen duen eran, ponte izenek pertsonak eraikitzen dituzte». Hala, izendatzeko balio izateaz gainera, pertsona bat «jendartean eta harreman soziopolitikoen sare batean ala bestean kokatzeko» balio dute izenek. Alegia, izenak berekin dakarrela izana.

Garaiaren arabera, jaioberriak izendatzeko ardura edo eskumena aldatuz joan da, liburuxkan azaldu dutenez. «Lehen, agian, familia osoak erabakitzen zuen, edo aitona-amonaren izena jartzen zitzaien: ardura hori gero eta eremu murritzagoetara bideratu da, eta, azkenean, gurasoen esku geratu da», nabarmendu du Idoia Trenorrek. Eremu intimo edo pertsonalean, alegia. Saioa Iraolak gogoratu du, ordea, feminismoak beti aldarrikatu duen bezala, «pertsonala politikoa» dela, eta, beraz, izenen aukeraketak ere ariketa kontziente bat egitea eskatzen duela.

Arazoa izena sexuaren arabera aukeratzeko derrigortasunetik dator. Liburuxkan azaldu dutenez, egoera desberdina da Ipar eta Hego Euskal Herriaren kasuan. Iparraldean, legediak jartzen duen baldintza bakarra da izena «iraingarria» ez izatea. Hegoaldean, araudiak dio izenak lehen momentutik argi utzi behar duela izendatuaren sexua zein den; eta euskal jatorriko izenen araudia Euskaltzaindiarena da. «2010 inguruan hasi zen Euskaltzaindia Espainiaren lege hori zorroztasunez betetzen, eta hala hasi ginen ezagutzen seme edo alabari nahi zuten izena jartzen utzi ez zieten kasuak», azaldu du Trenorrek. «Genero markarik gabeko izenen aldeko proposamena da gurea». Hautu hori egitea epaitua izaten dela ohartarazi du Iraolak: «Gaur egun, oraindik ere, genero markarik gabeko izenen aldeko hautua egiteak epai sozial eta moralak ekartzen ditu».

Izan ere, azpimarratu dutenez, «ez da gauza bera» haurra, jaio aurretik, Lorea gisa edo Arkaitz gisa identifikatzea, Trenorren esanetan: «Izen horien atzean egiten dugun iruditeria oso markatua dago: Lorea izango da goxoa, polita, xamurra, eta Arkaitz izango da, agian, borrokalariagoa. Ez du zertan, baina iruditeria hori eraikia dagoen zerbait da».

Egon badaude neskak zein mutilak berdin izendatzeko erabilitako izenak: Lur, Hodei eta Amets dira horren adibide. «Ez dugu ahaztu behar Hodei eta Lur genero markarik gabeko izenak badira horrela sozializatu ditugulako dela. Agian, etorkizunean, Lorea genero markarik gabeko izen bihurtzea lortuko dugu», azpimarratu du Esnaolak. «Hori litzateke hurrengo pausoa».

«Zirrikituak» aliatu gisa

Gaiak bilguneko militanteen artean piztutako interesa dela medio, lantalde bat osatzea erabaki zuten gaia aztertzeko. Hala, eskuz esku aritu dira lanean Trenor, Iraola, Esnaola eta Libe Eizagirre. Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslearengana jo zuten lehenengo, gaia landua baitzuen Izena eta Izana, euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa tesinan. Zein izendegi argitaratu diren eta egungo egoera zein den aztertzeari ekin zioten gero.

Gaia mahai gainean jarri eta horren inguruan «hausnartzen hasteko tresna» da osatu berri duten liburuxka. Bada, era berean, desobedientziarako gonbita ere. «Lege guztiek zirrikituak dituzte, eta, zorionez, zirrikitu horiek baliatu egin ditu jendeak: zirrikitu horiek erakustea izan da gure asmoa, arauetatik ihes egitea posible dela erakustea», azpimarratu du Trenorrek.

Ihesbideak asmatu eta baliatu dituzten zenbait lagun elkarrizketatu dituzte, eta esperientzia horiek jarri dituzte desobedientzia bideen erakusgarri gisa. Fantasiara edo fikziora jotzea, ospitaleetako inskripzioak baliatzea... Hainbat izan daitezke seme edo alabari nahi den izena jartzeko aukerak. Besterik gabe, izen berriak asmatzea izan daiteke beste aukera bat. «Izenak asmatuak dira, norbaitek bere garaian asmatuak: zergatik ez ditugu guk asmatuko?». Genero markarik gabeko izen batzuk zerrendatu dituzte, eta, aurrerago, atal bat sortuko dute webgunean, jendeak bidalitako esperientziak biltzeko eta kontatzeko.

Liburuxka Bilguneren webgunean, bilgunefeminista.eus, edo bulegoa@bilgunefeminista.eus helbidera idatzita eskuratu daiteke, hiru euroren truke.

BERRIAn argitaratua (2016/04/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA