astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

politika

Esparzak bere oinari tiro egin dio

Joxerra Senar

Esparzak bere oinari tiro egin dio Joxerra Senar

Iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk torturaren aurkako kartelak azaldu zituen minutu erdi batez, aurreko asteko gertakarien harira. Kartela kendu ezean ganbera utziko zuela mehatxu egin zuen PPko Ana Beltranek, eta, azkenean, PPko bi parlamentariek mehatxua bete zuten. Esparru politikoaren bazter batera kondenatuta, horrelako ikuskizunak antolatu besterik ez du egiten Beltranek. Une horretan, Javier Esparzak haren atzetik joateko imintzioren bat egin zuen, baina Carlos Garcia Adanero alderdikideak, besotik heldu, eta geratzeko agindu zion. Keinu harekin bataila hura eurei ez zegokiela adierazi nahi izan zuen.

Esparzak badaki halakorik ez zaiola komeni, baina bihotzak edo betiko inertziak PPren eskutik mendira jotzeko eskatzen dio. Adaneroren keinuak adierazi nahi duen legez eta Esparzak berak badakien moduan, nolabaiteko moderazio tonu bat ematea komeni zaie botoetan handitzeko, eta, betiko aliantzen bidez, euren helburua erdiesteko. Iragan igandeko UPNren X. kongresura begira, moderazio hori islatzeko ikur gisa hartu zuten euskararen gaia. Ildo politikoaren dokumentuan aipatzen dute nafar askoren euskalduntasuna eta euskal izaera errespetatzen dutela, eta hizkuntza aniztasuna lurraldearen aberastasun dela.

Irekitasun xume horrek ez ditu euskaltzaleak UPNra gerturatuko, baina norabide aldaketa bat adieraz dezake. Edo aldaketa bat zela uste genuen, harik eta igandean Esparzak ahoa ireki zuen arte. Euskaraz, «arratsalde on» xume batek UPNkoen algarak eragin zituen, eta presidenteak bere burua justifikatu nahi izan zuen: «Baztango nafarrak agurtzeko esaten dut hori». Itxura edukia bezain garrantzitsua den heinean, errespetuaren aldarria hankaz gora utzi zuen ateraldiak. Errematea, ordea, ondorengo hitzek eman zuten. Gobernu berriari Nafarroa euskalduntzea leporatu zion: «Pistolekin edo pistolarik gabe, Nafarroak EAErekin bat egitea eta Euskal Herria deitzen den asmakizun horretan parte hartzea dute helburu». Esaldi bakarrarekin bere oinari tiro egin zion. Akabo irekitasuna eta moderazioa. Politikari ohi batek inoiz aitortu izan duen bezala, euskal adjektiboak antigorputzak garatzen ditu UPNkoen artean, eta Esparzak ahuldade hori erakutsi du: arrazoiaren gainetik bihotza gailentzen dela.

UPNk abantaila eta desabantaila bat du: gutxirekin asko lor dezake. Iragan legealdian gertatu zen guztiarekin 92.700 nafarrek bozkatu zioten; hots, lau ideia sinple astintzearekin aski izan zaio orain arte, eta Esparzak inertzia horri heldu nahi dio. Hala ere, izuaren mezua arriskutsua gerta liteke iragarlearentzat. PPri ez zaio besterik geratzen, baina Nafarroaren amaiera etengabe iragartzeak hamarkadetako propaganda irentsi duten nafar askoren begiak ireki ditzake, eta aurrean begitandu benetako errealitatea: zein mezu barregarria! Are gehiago kontuan izanda Nafarroako autogobernuaren aurkako erasoak Madrildik datozela, ez Gasteiztik.

Hor datza UPNren, eta ez Esparzaren, ahuldadea: identitatean jartzen du indarra, bere identitate propioaren kontraesana ezkutatzeko. Iraganean Nafarroa foral eta espainiarraren defentsa zena, etorkizunean ezbai izango da: forala ala espainiarra?

BERRIAn argitaratua (2016/04/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA