astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

kultura

JON ARRETXE

«Ez zait inoiz gustatu larregiko betegarria sartzea nobeletan»

Naiara Elola

«Ez zait inoiz gustatu larregiko betegarria sartzea nobeletan»

Nobela beltzak harrapatuta dauka aspaldian Jon Arretxe idazlea (Basauri, Bizkaia, 1963). 2012an argitaratu zuen 19 kamera, Toure pertsonaiari buruzko lehenengo nobela beltza. Haren ondotik etorri dira 612 euro, Hutsaren itzalak eta oraingoz sagaren azken alea den Estolda jolasak. Hurrengo liburua ere aurreratu samar duela iragarri du. Adierazi duenez, luze gabe beste genero bat lantzea gustatuko litzaioke.

Toureri buruzko laugarren nobela kalean da. Trilogiak ez dituzula maite esan duzu askotan. Zer dela eta?

Azken aldian trilogiak modan jarri dira, eta imitatzaile pila bat atera dira han eta hemen. Edozein hasten da trilogiak egiten. Beti trilogiak gora eta behera gabiltza. Beharbada, Stig Larssonen liburuekin hasi zen moda hau, ez dakit. Sekulako boom-a izan zen. Horrexegatik diet mania. Toureren lehenengo liburuarekin hasi nintzenean, saga luzea izatea nahi nuen.

Zuretzat orduan Estolda jolasak argitaratzea obligazioa izan da?

Ez. Erdi txantxetan erdi benetan esaten dut maniarena. Behin pertsonaia sortuta, lehen nobela sekulako deskalabrua bazen, liburu bakarra egingo nuela argi neukan. Baina ez da horrela izan. Sinpatikoa iruditu zaio jendeari. Igual Toure pertsonaia ezberdina delako, detektibe sui generis samarra delako. Horrek hasieratik animatu ninduen lehenengo asmo hori bete eta saga luzea izatera.

Protagonistak berak ere askorako ematen dizu.

Bai. Berari buruzko lau nobela argitaratu ditut, eta bosgarrena oso aurreratuta daukat. Egunen batean aparkatu egin beharko nuke Toure. Idatzi nahi ditut bestelako liburuak ere. Hain harrapatuta nago pertsonaiarekin... Berarekin aurrera jarraitzeko gogoz nago.

Toure inperfektua da, baina, aldi berean, maitagarria.

Konturatu naiz jendeak estimu berezia diola. Batez ere, Hutsaren itzalak serieko hirugarren nobela argitaratutakoan ohartu nintzen. Oso liburu gogorra da. Tourek asko sufritzen du. Liburuetan nire e-mail-a jartzen dut, eta, horri esker, irakurleek nirekin harremanetan jartzeko aukera dute. Liburu horren ostean, asko nirekin haserretu dira, Toure gizajoari larregi sufriarazi diodalako.

Irakurleekin harreman zuzena izatea atsegin duzu, beraz?

Bai. Orain dela urte asko hasi nintzen liburuetan nire helbide elektronikoa jartzen. Iritzi fidagarrienak irakurleenak dira. Benetan pentsatzen dutena esaten dute. Ziurrenik, aurrez aurre esatea gogorragoa da. Hutsaren itzalak nobelan, pixka bat pasatu egin nintzen. Aurreko bi lanak gordinak ziren arren, umoretik ere asko zeukaten. Hirugarrena ere aurreko bien estilokoa egitea planteatu nuen. Liburu bakoitzak eduki behar du bere nortasun berezia. Ondorioz, tontakeriak baztertu, eta nobela beltz-beltza egitea erabaki nuen.

Protagonistak lehen pertsonan hitz egiten du. Tourek Jon Arretxeren zerbait badu?

Ez gehiegi, egia esateko. Nik aprobetxatu dut ezagutu dudana, hori bai. Toure afrikarra bada, Burkina Fasokoa eta Gorom-Goromekoa, ez da kasualitatea, ni han egon naizelako da. Gainera, denbora luzetxoan egon naiz han. Lagunak ere badauzkat bertan. Horrez gain, Toure San Frantziskon bizi bada, Bilboko auzo hori asko gustatzen zaidalako da. Opera munduan nahastuta dago. Nik mundu hori maite dudalako da. Ezagutzen dudan mundura ekarri dut Toure.

Azkenaldian asko landu duzu nobela beltza. Nola sentitzen zara idazle gisa?

Oso gustura. Izan ere, ni idaztean beti izan naiz oso harira joatekoa. Ez zait inoiz gustatu larregiko betegarria sartzea nobeletan. Nobela beltza beti izaten da zuzena. Hasieratik harrapatu behar zaitu. Ni oso gustura sentitzen naiz horrelako liburuak irakurtzen eta idazten. Hasi, eta harrapatuta gelditu, amaitu arte. Hori da nobela beltzak lortu behar duena.

Hala ere, deskribapen zehatzak egiten dituzu.

Girotzea, jakina, ezinbestekoa da. Batzuetan, girotzen idazle batzuk galdu egiten dira. Hasten dira larregiko apaingarriekin, eta pasatu egiten dira horrekin. Larregiko filosofadak egiten dituzte. Jakina, nobelak girotu behar dira, eta oso ondo gainera. Baina eraginkorra izan behar da. Niri liburu batek inpresioa ematen didanean bi edo hiru orri kenduta ez dela ezer gertatzen, atzeraka ematen dit. Hala ere, modan daude, dirudienez, adreiluak. Editoreek eurek ere esaten dute liburu luzeagoak egin behar direla. Ni, aldiz, horren kontrakoa izan naiz beti.

Girotze horrek zuri idazle gisa lan handia eskatzen dizu?

Lana eskatzen du, baina oso lan polita eta interesgarria da. Nik neuk murgildu behar dut halako giroetan, ondo ezagutzeko eta ondo deskribatzeko. Ezin dut idatzi entzun dudanagatik, kontatu didatenagatik edo Interneten ikusi dudanagatik. Azkenean, irakurlea konturatzen da horretaz, eta harrapatzen gaitu. Ez dela sinesgarria ohartzen da. Ni beti saiatzen naiz imajinatzen deskribatzen ditudan toki horietako pertsonek irakurtzen nautela. Orain dela lau urte, Toureren seriearekin hasi nintzenean, argi nuen denbora batez Bilboko San Frantzisko auzoan bizi behar nuela. Pisu bat utzi zidaten auzoan. Hara joan, eta pasatu nituen aste pila bat idazten, girotzen, lagunak egiten... Bertako jendeak esaten dit igartzen dela San Frantziskon egindako lana.

Arbizutik San Frantziskoko bizimoduaz idaztea zaila izango da.

Noski. Arbizu oso toki egokia da poesia idazteko. Ni oso gustura bizi naiz Arbizun. Leiho batetik ikusten dut Aralar, beste leihotik ikusten dut Urbasa... Halako toki bukolikoek poesiarako aukera gehiago ematen dute. Bukolikotasun horrek poema eder bat eskatzen dizu. Nire estiloko nobelak ghettoko nobela beltzak dira, eta Arbizun halakorik egitea zaila da.

Euskal Herrian bizi direnek ezagutzen dute Bilboko Afrika txikiko bizimodua?

Inolaz ere ez. Ez dugu ezer jakin nahi. Ez dugu ikusi nahi mundu hori. Lehen, beltzak Ceutako hesia saltatzen eta igerian pasatzen ziren Ceutatik Melillara. Orain, Siriarrak hor itotzen... Hori da ikusten duguna. Noizean behin bidaltzen dugu diru pixka bat, GKE bateko bazkide egiten gara, eta horrela lasai gelditzen gara. Euskal Herrian baditugu halako giroak. Askotan, bizilagunak dira. Herri txikitxoetan ez da horrenbeste igartzen. Baina herri eta hiri handietan bizi bazara, jende pila bat dago oso egoera eskasetan bizitzen, oso baztertuta. San Frantzisko da hori, baina esajeratuta. Euskal Herriko jendeak ez ezik, Bilboko jendeak ere ez du ezagutzen. Halako gune beltz bat ikusten du hor, eta ez da sartzen.

1991. urtean argitaratu zenuen Hakuna Matata zure lehen bidaia liburua. Bidaiek laguntzen dizute nobelen lanketan?

Asko laguntzen didate. Hasieran, bidaia literatura idazten nuen. Nire lehenengo bost-sei liburuak bidaia literatura izan ziren. Hor kontatzen nuen bidaietan ezagututakoa. Orain, aldiz, egoera aldatu egin da. Izan ere, hango jendea hemen, gure artean dago. Hemen, etxe ondoan daude gure Afrika edo Hego Amerika txikiak. Jende hori handik dator, eta oraindik hango pentsaera eta ohiturekin. Nik errazago ulertzen ditut, beren herrietan ezagutu ditudalako. Toure pertsonaiaren kasuan, afrikar baten buruan sartu behar da, lehenengo pertsonan kontatuta dagoelako saga. Hori ausartu naiz egiten, ni afrikarra izan gabe.

Irakurlearentzat erraza da Toureren tokian jartzea. Etorkin askorentzat Euskal Herria aukeren herria da, baina gero askotan labirinto ere bihurtzen da. Euskal gizartea horretaz jabetzen da?

Batzuk badira kontziente. San Frantziskon, sekulako mugimendu soziala dago horrelako jendeari laguntzen. Jende miresgarri mordoa dago. GKE eta antzeko asko dago lanean. Oso kontziente da jendea. Gero, kanpokoei, auzoa ezagutzen ez dutenei esplikatu behar zaie zer gertatzen den, nolakoa den auzoa... Baina ez da erraza. Orain, krisi ekonomikoaren garaian, batez ere, geurekoiagoak bilakatu garela iruditzen zait. Atzerritarren aurkako mezuak oso gaiztoak dira; batez ere, oso azkar hedatzen direlako gure gizartean.

Horrek ezberdinen arteko elkarbizitza zailtzen du?

Bai. San Frantzisko barruan akaso ez hainbeste. Errealitate hori benetan ezagutzen ez dutenen artean bai zabaltzen direla halako topikoak. Zuk jendeari galdetzen diozu, eta ziur baietz esaten duela, inpresio hori duela: atzerritarrak laguntza bila datozela, eurek hartzen dutela laguntza gehien, eta gainera ez dutela lanik egiten. Hizpide hori oso hedatua dago.

Pentsatua duzu laster bidaiarik egitea?

Ez. Joan den urtean egin nuen egonaldi bat Etiopian. Ez ditut inoiz bidaiak planifikatzen. Bat-batean etortzen zaidanean ideiaren bat, gauzatu egiten dut nire aukeren barruan. Ez da lehen bezala, sudur puntan ipintzen zitzaidana egiten nuela. Orain ez da hain erraza, familia daukat. Hala ere, zorionez, nahiko soka luzea daukat, eta uzten didate gutxi gorabehera nahi dudana egiten.

Liburuak euskaraz eta gaztelaniaz publikatzen dituzu. Zer dela-eta hartu zenuen erabaki hori?

Nik liburuak beti euskaraz idatzi ditut. Azken urte hauetan, idaztetik bakarrik bizi naiz; hau da, liburuen salmentetatik. Idazleok hori bakarrik kobratzen dugu, ez dugu besterik kobratzen. Euskaraz bai nahiko ondo saltzen dut, baina zenbat eta hizkuntza gehiagotan publikatu, orduan eta hobe. Erein argitaletxearekin lanean hasi nintzenean, esan zidaten, nahi izanez gero, aldi berean bi hizkuntzetan ateratzeko aukera zegoela inolako problemarik gabe. Niretzat interesgarria da euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea. Orain ari naiz ahaleginak egiten atzerriko beste hizkuntza batzuetan ere argitaratzeko. Duela gutxi hartu dut Kataluniako agente bat, agentzia indartsua duena, eta ahaleginak egiten ari da Frankfurt eta Londresko azoketan nire liburuak ondo kokatuta frantsesera, ingelesera edota alemanera itzultzeko.

Kanpora begira jartzeak zer ekarpen egin dizu?

Mundua ezagutzeko modu bat izan da. Afrika bezala, Espainia ere ezagutu behar da. Euskaldunok denok ezagutzen dugu elkar, eta gure pentsaera daukagu. Edozein gauza esan dezakezu gutxi gorabehera lasai. Kanpora zoazenean, kontuz ibili behar da esaten duzunarekin jendea ez mintzeko. Aurreko asteburuan, Madrilen egon nintzen Estolda jolasak aurkezten. Aurrerago, Cuenca, Tenerife eta Toledora joango naiz.

Nobela beltzaren panorama nola ikusten duzu?

Nire ustez, guztion artean fabrikatutako gezurrezko arrakasta da nobela beltzarena. Orain, generoari buruzko azokak daude toki guztietan. Gero, konturatzen zara azoka guztietan jende bertsua dagoela. Nobela beltzean espezializatutako liburu saltzaileei galdetu, eta esaten dute ez dela ezer ere saltzen. Esaterako, lehen Negra y Criminal liburu denda zegoen Bartzelonan. Generoan espezializatutako denda garrantzitsuena zen, eta, iaz, itxi egin zuten. Beste bat dago Madrilen Burma izena duena. Umeentzako liburuak jarri behar izan dituzte bizirik irauteko. Galdetu eta aitortzen dute askoz ere gehiago saltzen dituztela umeen liburuak nobela beltzak baino. Horregatik diot gezurrezko arrakasta dela. Orain, kristo guztiak idazten du nobela beltza. Denetarik dago: batzuk oso onak, besteak oso txarrak, tartekoak... Niri, nobela beltza idazteaz gain, irakurtzea ere gustatzen zait. Hala ere, azken urteetan nobela beltzak duen arrakasta xanpainaren aparraren antzeko zerbait da.

BERRIAn argitaratua (2016/04/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA