astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

ekonomia

Industriaren motorraren hotsa

Xabier Martin

Industriaren motorraren hotsa Xabier Martin

Euskal ekonomia bultzatu behar duen motorra gripatu egin zen 2008ko udazkenean. Berriro martxan jartzeko gai izango zenik ere zalantzan jarri zuten ezkorrenek, hain zen okerra matxura. Industriak gainbehera izugarria izan zuen krisiaren gordinean, harik eta 2014ko bigarren erditik aurrera indartzen ari zelako seinaleak bidali zituen arte. 2015. urteak orduko seinaleak berretsi ditu, eta, inolako erakustaldirik egin ez arren, bigarren sektoreak trakzio gaitasuna baduela erakutsi du.

Bidean eroritako enpresa asko zerraldo daude betiko, ordea. Okerrena da eroriko horiek ondorio pertsonalak izan dituztela, noski: langabeak. Ekonomiaren lege naturala, nonbait, edo ez hainbeste, erabaki politikoek lan merkatuan ondorio zuzenak dituztela ondo baino hobeto ikasi baitute behargin ugarik urteotan.

Kontua da sei urte eta erdiko gainbeherak krater bat utzi duela ehun industrialean, eta urteak beharko direla zulo hori estaltzeko, inoiz estaltzen bada. Enpleguari begira, behintzat, ez du ematen krisi aurreko kopuruak berriro lortuko direnik. Aski ezaguna da Eusko Jaurlaritzak plan bat ezarri duela 2020. urterako industria BPGaren %25era igoarazteko; «amets bat», hainbat adituren arabera. Erronkaren neurriak azal dezake uste hori; datuen eboluzioa argia baita: goitik behera. 2007an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %25,6 zen industria; Nafarroan, %26,6. Iaz, %21,2 baino ez zen lehen hiru lurraldeetan; Nafarroan, berriz, %28,7. Azken datu hori Volkswagenen martxak azaltzen du, hein handi batean, baina Nafarroan ere triskantza egin du krisiak industrian; Sakanan gertatutakoa aztertzea baino ez dago.

Jaurlaritzaren erresuman, berriz, galera lau puntu eta erdikoa da —Bizkaia ez da iristen gaur egun %17ra; Araban, %28,5 da; eta Gipuzkoan, %25,7—, eta enpleguan are larriagoa da: 2007an, industriak enplegu guztiaren %23,6 ematen zuen; 254.000 lanpostu baino gehiago, alegia. Gaur, %19,5 baino ez du ematen, 191.400 lanpostu. Bidean 62.700 enplegu galdu ditu bigarren sektoreak EAEn. Nafarroan ere 13.300 lanpostu galdu dira 2007tik; urte horretan, enpleguaren %24,1 ematen zuen industriak, eta, gaur, %22,9 baino ez du ematen. Eta, iparraldean, enpleguaren %9,2 besterik ez da industria, 12.800 lanpostu 138.700etik. Euskal Herri osoa kontuan hartuz, enpleguaren %19,2 ematen du bigarren sektoreak: 1.388.334 lanpostuetatik 266.410.

Balizko errotak irinik ez

Galera izugarria egon dela garbi uztearekin batera, industria berriro martxan jarri dela esan behar da, ez dena emanda, baina badoa. Hala ere, balizko errotak irinik ez, zalantzak itzuli baitira azken hilabeteetan, eta ez atzerriko ziurgabetasunaren laino beltzengatik bakarrik, bertako hainbat enpresa historikoren porrotaren burrunbak eraginda baizik. Arcelor Mittalen Zumarraga eta Sestaoko plantek pisu handia dute, Tubos Reunidosek eta altzairugintzarekin lotutako beste hainbatek bezala —euskal ekonomiarentzat alor estrategikoa izan gabe ere—, eta motorra zarata arraroa ateratzen hasi da berriro, legegintzaldiaren helmuga gertu dagoela. Lakua ez dago eroso gurasoen enpleguari eustea eskatzen duten umeak noiznahi giza kateetan eta pankarten atzean ikusita.

Bigarren sektorearen unean uneko argazkia ematen duten indize hotzek eboluzio egokia adierazi arren, enpresa handien itxierak zauri minberak parez pare zabaltzeko gai dira gizartean. Industriaren susperraldia eta langabeziaren amildegian dauden ehunka beharginen garrasia bateragarriak izango dira, akaso, baina ez du ematen egoera horrek ezertan lagunduko duenik erakundeek industria alorrean jarritako erronkak betetzen. Atertu duenean berriro bustitzen hasteak ematen duen amorrua indartsua baita beti.

BERRIAn argitaratua (2016/04/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA