astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

ekonomia

35 urte argaltze dietan

Iker Aranburu

35 urte argaltze dietan

Euskal Herriko industriak argaltze dieta handi bat izan du azken 35 urteotan. 1980an, ekonomiaren %40tik gertu zegoen haren pisua ekonomian, eta, gaur egun, nekez gainditzen du horren erdia. Argaltze hori Hego Euskal Herriari dagokio nagusiki, Ipar Euskal Euskal Herrian betidanik askoz presentzia txikiagoa izan duelako, salbuespenak salbuespen.

Industriaren pisuaren galera jarraitua izan da hiru hamarkadotan, baina bi alditan sakondu da gehien. Lehenik, 1980an abiatutako industria astunaren birmoldaketak harekin eraman zituen euskal industriaren ikur izandako asko —Euskalduna ontziola, Pasaiako Luzuriaga— eta langileak milaka zenbatzetik ehunka zenbatzera kondenatu zituen beste batzuk —Bizkaiko Labe Garaiak eta Gipuzkoako beste altzairutegi handiak, Naval...—.

Eustaten datuetan oso argi ikusten da beherakada hori: 1980an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %41,3 zekarren industriak, eta, hamar urte geroago, %31,6 zen. Langile kopuruan are handiagoa izan zen jaitsiera: %43,6 ari ziren industrian 1980an, eta %29,8 ziren 1990ean. Kopuru osoetan, 70.000 langilek utzi zioten industrian lan egiteari.

Hamar urte on

1990eko hamarkadaren bigarren erdiak eta 2000koaren lehen urteek ez zuten egoera irauli, baina, perspektibarekin begiratuta, urte onak izan ziren. Sektoreak pisu erlatiboa galdu zuen ekonomian zerbitzu oso indartsuen mesedetan, baina beherakadaren erritmoa moteltzea geratzea lortu zuten. Industriaren ehun berritu bat sortu zen, ekonomia sektore berrietara hedatu zen —aeronautika, energia berriztagarriak, bioteknologia...—, eta enpresa arrakastatsu batzuren laguntzarekin, gai izan zen enplegua sortzeko: 1995etik 2007ra, Hego Euskal Herriak 80.000 lanpostu sortu zituen industrian. Ez da gutxi, batez ere kontuan hartuta urte horietan zabaldu zela enplegu batzuk azpikontratatzeko joera, eta aurretik industriako langile gisa ageri ziren batzuk, aurrerantzean zerbitzuetakoak jotzen direla.

Hazkunde ekonomiko handiko urteek hilotz batzuk utzi zituzten —Fertiberia, Mepamsa edo Reckitt—, baina ezer gutxi azken zortzi urteek ekarri dutenarekin. Fagor Etxetresnak, Bacbock, Corrugados Azpeitia, Inasa..., eroritako enpresa ospetsuen zerrenda luzea da, eta are luzeagoa zaratarik gabe pertsiana itxi dutenena. Confebasken datuen arabera, 2008ko maiatzetik 2014ko urtarrilera ia 8.000 enpresa desagertu ziren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %12,3. Orduz gero goranzko joera dago —1.500 berreskuratu dira—, baina izen handi batzuk bidean geratu dira.

BERRIAn argitaratua (2016/04/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA