astekaria 2016/04/29
arrowItzuli

mundua

Atzeratutako adreiluak

Jakes Goikoetxea

Atzeratutako adreiluak

Lurrak dar-dar egin du egunotan Japonian eta Ekuadorren. Denboran eta memorian galduta geratu da, baina lurrak dar-dar egin zuen duela ia urtebete ere, orduan Nepalen. Munduko herrialde pobreenetako bat astindu zuen lurrikara batek. Berez, bi lurrikara izan ziren: bata, apirilaren 25ean, eta bestea, maiatzaren 12an; lehena, 7,8 gradukoa Richter eskalan, eta bigarrena, 7,3koa. Ia 9.000 lagun hil ziren. 600.000 etxe inguru eraitsi eta 300.000 kaltetu.

Denbora geratu egin da Nepalen, eskualde menditsuetan batez ere. Ghorkan, Langtangen, Sindhupalchoken, Solukhumbun... Katmandu ohi bezain zaratatsua eta kaotikoa da oraindik ere; mendialdeko herri asko, ordea, duela urtebete bezala daude, eta ohikoa da oraindik hondakin pila handiak ikustea. Leku askotara ez da laguntzarik iritsi, eta iritsi den lekuetan salatu dute ez dela modu zuzenean banatu. Helikopteroa izan da leku askotara iristeko modu bakarra. Lurrikarak zauriak zabaldu zituen, bai lurrean, baina baita jendearengan ere.

Milioika familia bizi dira behin-behineko aterpeetan. 600.000 familia olanen azpian, kanpadendetan, zubien azpian eta eraikin arriskutsuetan, Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Baita Katmandun bertan ere. Hala egin diote aurre neguari eta hala egin beharko diote aurre montzoi sasoiari, ekainetik abuztura. Bigarren montzoi sasoia izango dute baldintza horietan.

Lurrikara gertatu eta berehala, hondakinen artean bizirik zeudenak ateratzea, zaurituta zeudenei laguntzea eta ezer gabe geratu zirenak babestea izan zen lehentasuna. Kaosa zen nagusi, bai hondamendiagatik, bai Nepalgo Gobernua ez zelako gai izan erantzuna eta baliabideak koordinatzeko: Katmanduko aireportua kolapsatu egin zen, iritsitako materiala ezin zen atera burokraziagatik, ez zegoen larrialdi taldeak koordinatzeko inor... Momentuko larrialdia pasatuta, hondatutakoa eta botatakoa berreraikitzeko garaia da. Ez da erraza tamaina horretako berreraikitze prozesu bat abian jartzea. Are zailagoa da Nepalen moduko herrialde pobre, menditsu eta oinarrizko azpiegiturarik gabean.

Baina Nepalgo Gobernua berandu dabil. Abenduan osatu zuten Berreraikitzeko Agintaritza, eta urtarrilean hasi da lanean. Lurrikarak botatako etxeen inbentarioa egin gabe dago, eta Berreraikitzeko Agintaritzak onartu du ezingo dituztela etxeak berreraiki montzoia baino lehen. Bere burua zuritu du esanez bermatu egin nahi duela etxe berriak seguruak izatea, eta beharrezkoa dela oinarrizko arauak zehaztea etxeak egiten hasi aurretik. Agintaritzak aurreikusi du bost urtean amaituko dutela berreraikitze prozesu osoa.

3.600 milioi euro

Nepalgo Gobernuak oraindik ez du bideratu nazioartetik jasotako eta agindutako laguntza. 3.600 milioi euro inguru agindu zizkioten iazko ekainean, diru emaileen batzar batean. Horietatik 880 milioi euro jada eman dituzte. Agindutako gainerakoa, bideratu ezean, galtzeko arriskua ere badu, dirua emateko proiektu zehatzak behar baitituzte, eta proiektu bakan batzuk baino ez baitaude.

Berez, diruaren zati bat, erdia-edo, herritarrentzako izango da, etxe berriak egiteko laguntzak emateko. Ez edozein etxe egiteko, ordea: lurrikarei aurre egiteko etxeak baizik. Berreraikitze Agintaritzak eraikuntza lan guztiak debekatu ere egin zituen otsailaren bukaeran, berreraikuntza irizpideak argitaratu arte. Hilaren hasieran utzi zuen bertan behera debekua. Diseinuak bateratu nahi ditu, eta guztiei oinarrizko baldintza batzuk betearazi nahi dizkie.

Lurrikaratik urtebete pasatu da, eta askok, aspertuta, beren etxeak berreraiki dituzte, ohiko moduan, lurrikaren kontrako baldintzak aintzat hartu gabe, ezin dutelako plastikoen azpian edo kanpadendetan bizitzen jarraitu. Etxe berriak egiteko, gainera, etxe zaharraren hondakinak baliatu dituzte.

Herritar batzuek atzeratu egin dute berreraikitzea, noizbait iritsiko omen diren laguntzen zain, laguntzarik gabe ezin dutelako ordaindu. Laguntza 1.600 euro ingurukoa da etxe bakoitzeko. Diru gutxi etxe oso bat egin ahal izateko, hirietan batez ere. Etxea egiteko maileguak eskatu dituzten batzuek %30etik gorako interesak ordaindu behar dituzte.

Bitartean, gobernuz kanpoko erakundeak nola edo hala ari dira erakundeen gabezia eta ahanztura estaltzen. Gobernuz kanpoko erakunde horien artean daude SOS Himalaya —Iñaki Otxoa de Olza alpinistaren fundazioa— eta Nepalko Txora, esaterako.

SOS Himalayako kideak Katmanduko aireportuan harrapatu zituen lurrikarak, Makalu inguruko herrietara laguntzera joateko prest. Urteak daramatzate Nepalen lanean. Makaluko planak bertan behera utzi, eta Katmanduko kaltetuei lagundu zieten.

Zinkezko teilatuak

Hilabete batzuk geroago berriro bueltatu ziren, lagundu ohi duten lekuetara: mendialdera. Dolakha eta Gorkha distrituetan zinkezko 200 teilatu eman zizkieten herritarrei, behin-behineko etxeak estali ahal izateko. Zinkezko estalkiak ohikoak dira Nepalen, etxe pobreetan.

Etxeez gain, eskolak ere eraitsi zituzten lurrikarek. 8.000 inguru. Eskolak berreraikitzea izan da lehentasunetako bat. SOS Himalayakoak Shindupalchok iparraldean izan ziren, laguntzarik ia iritsi ez zen eskualde batean. Hamaika eskola eraikitzen eta hornitzen lagundu zuten, bertakoekin elkarlanean. 2012an eskola bat eraiki zuten Patybhanjyangen. Iazko lurrikaretan zutik geratu zen herriko eraikin bakarra izan zen. Egunotan Makalu inguruan daude, iaz lurrikarak bertan behera utzitako laguntza proiektuan lanean.

Lurrikararen ostean, herrialde aberatsetako ehunka erakunde eta talde joan ziren Nepalera laguntzera. Nepalgo bertako gobernuz kanpoko erakundeak kexu dira, era horretako erakundeen artean dirua banatu dutenean oso diru gutxi jaso dutelako, banatutakoaren %1 baino gutxiago. Herrialde aberatsetako elkarte eta erakunde gehienek, zuzenean dirua Nepalgoei eman beharrean, azpikontratatu egin dituzte. Nepalgo erakundeak —eta Nepalen lan egin ohi dutenak— dira, ordea, herrialdea, herritarrak, ohiturak, bizimodua, kultura eta kostuak ezagutzen dituztenak, eta Nepalgo jendearengana iristeko bide azkarrena eta eraginkorrena.

Lurrikarak Nepalen harrapatu zituen hainbat euskal herritar. Tartean Mikel Leizeaga. Hogei urtetik gora daramatza bertan bizitzen. Gaur egun trekking agentzia bat dauka, Nepalgo bazkide batekin: Asian Adventure Treks & Expedition. Haren ingurukoak ondo daude. Lasai ez, oraindik ere tarteka lurrak dar-dar egiten baitu: «Gertatutakoa ez dugu ahaztuko, jakina, baina gehiegi ez pentsatzen eta egunerokoan zentratzen saiatzen naiz». Gogoan ditu mendialdeko herritarrak. Zenbait herrixka desagertu egin ziren, «eta horietako askok ez dakite non eta nola biziko diren».

Turismoa da Nepalgo diru iturri nagusietako bat, eta lurrikaren osteko hainbat mezu ofizialetan eta ez-ofizialetan turistei eskatu diete ez uzteko Nepalera joateari, herrialdea segurua dela eta gastatzeko dirua han. «Udaberrian trekking talde batzuk lortu ditugu, baina honek ez dauka zer ikusirik lurrikararen aurreko egoerarekin», dio Leizeagak. «Hala ere, badirudi egoera hobea izango dela udazkenean». Leizeagak eta SOS Himalayak bat egin dute: Nepalek dirua behar du, eta bertako turismoa bultzatu behar da.

BERRIAn argitaratua (2016/04/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA