astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

bizigiro

Kanibalaren zuhaitza

Edu Lartzanguren

Kanibalaren zuhaitza

Hannibal Lecter kanibalak kartzelako gelatik «zuhaitzen bat» ikusi ahal izatea eskatu zuen FBIri laguntzeko baldintza gisa. Fikziozko pertsonaia da, bai, baina sinesgarria egiten da eskaera, jende guztiak ulertzen duelako psikopatarik handienak ere, ezin duela etengabe leku erabat artifizial batean bizi, naturarekiko eta beste bizidunekiko harremanik izan gabe, gehiago erotu gabe. Biofilia esaten zaio gizakiek gauza bizidunei dieten maitasun edo zaletasunari, eta XXI. mendeko arkitektura eta hirigintzarako paradigma berri gisa proposatzen ari dira. Mundu osoan ari dira urratsak egiten norabide horretan, baita Euskal Herrian ere.

«Arkitekturaren mugimendu modernoaz geroztik esan ziguten teknikaren bidez naturarengandik independente izan gintezkeela. Baina ikusten ari gara ezetz, haren parte garela». Alfredo Bengoa Gasteizko Udaleko plangintza eta Egitasmo saileko burua mintzo da. Euskal Herrian azken urteotan gauzaturiko biofilia egitasmo handienetako baten alde arkitektonikoaren arduraduna da. Gasteizko erdigunean dago Europa jauregia, eta 2011. urtean hasi ziren hura handitzen eta «ingurumen aldetik birgaitzen». Iaz, 33.000 landarez bete zuten eraikinaren fatxadak, 70 espeziekoak. Denera, 1.000 metro koadroko lorategi bertikal bat osatzen dute. «Eraikina termikoki isolatzea zen kontua, eta alde hori Gasteizko barneko eraztun berdera begira zegoenez, landarez estaltzea erabaki genuen». Eraikinak, orain, landare eta isolamendurik gabe kontsumituko lukeen energiaren %60 gutxiago ari da gastatzen.

Erich Fromm (1900-1980) psikologo eta psikologoak proposatu zuen biofilia kontzeptua. Baina ideia ezin zaharragoa da: Aristotelesek berak esan zuen beste bizidunekiko harremana ezinbestekoa zitzaiola gizakiari, zoriona lortzeko.

Ingurumen psikologoek gizabanakoak ingurumenarekin duen harremana aztertzen dute, eta biofilia esperimentuen bidez baieztatu dutela esan dute. Naturarekin harremanetan dauden gaixoak, azkarrago sendatzen dira, laneko leihotik natura ikusten duten langileek gehiago ekoizten dute, sortzaileagoak eta eskuzabalagoak dira, estres gutxiago dute, eta gutxiago aspertzen, haserretzen eta nekatzen dira. Gizakien ongizatearekin zerikusia du biofiliak. Ibilgailuen zarata subjektiboa dela ondorioztatu dute, Bengoak esan duenez: «Zarata maila bera ez da berdin sumatzen landareez inguraturik zaudenean: dezibelio pare bat jaisten da, psikologikoki, hori teknikoki lortzea oso zaila izanik».

XX. mendean hiriak planteatzeko izan den modua «porrota izan da leku guztietan», esan du Antonio Caperna arkitekto eta urbanista italiarrak. Biofilian oinarrituriko biourbanismoa bultzatzen dabil; besteak beste, Erromako Unibertsitatean. Azaldu duenez, gaur Indiak eta Txinak ikuspegi moderno bera ari dira erabiltzen euren hazkuntza ikaragarrian. «Horrek eragindako kutsadurak barne produktu gordinaren %5 kostatzen zaio Txinari».

'Smart City'-aren aurka

Biourbanismoaren printzipioetako bat da ez sortzea arkitektura ikusgarria populazioaren %1rentzat, «baizik eta arkitektura normala %99rentzat», esan du Capernak. Estiloa baztertzen du, horrek arkitektoaren egoari baino ez diolako erantzuten. Horren ordez, pertsonen ongizatea eta gizartea zein ekonomia bultza dezaketen arauak topatzea proposatzen du.

Nolakoak izango dira XX. mendeko hiri biofilikoak? Klixearen arabera, landarez beteak egongo dira. «Hori egia izan daiteke AEBetako hirietan, baina Europako hiriak askoz trinkoagoak dira. Beraz, leku bakoitzean aukera zuzena egin beharko da».

Hiri adimentsuaren ideiaren aurka dago Caperna. Ideiaren atzean Cisco, Microsoft eta halako konpainia handiak daude. Capernak esan duenez. Planteatzen duten hiria bakarrik kapital ikaragarriak erabiltzeko tresna da. «Haatik, latinezko civitas hitzak komunitatea esan nahi du, harreman fisikoak eraikitzea ingurumen eroso batean. Bataila bat da biourbanismoa, edertasunaren aldekoa».

Natura diseinatzaile bikaina dela uste du Eleni Tracada arkitektoak. Derbyko (Ingalaterra) Unibertsitatean irakasten du, eta egitasmo bat du biofiliaren printzipioak hango bazter auzo batzuetan. Italian jarri ditu praktikan egitasmook, besteak beste, Artena (Erroma, Italia) hirian. Jendearen indarra erabiltzea da printzipio horietako bat, eta hirien berrikuntza erabiltzea, esaterako, trebakuntzarik gabeko jendeari lanbide bat irakasteko. «Egitasmoak behetik gora egin behar dira, tokian tokiko jendeak lagundu behar dio arkitekto edo diseinatzaileari».

Tracadaren biofilia ez da garestia, ez datza kaleetan zuhaitzak edo iturriak jartzean, baizik eta inguruetan autoak uzteko edo erabiltzen diren orube edo natur inguruak integratzea auzoetan. «Zuhaitzek zentzu bat izan behar dute jendearentzat. Biofilian oinarrituriko arkitekturan, inguruan daukaguna errespetatzetik hasi behar gara».

Teknobiofilia

Baina hiriez harago, badago biofilia ezartzerik gaurko gizakien ingurune digitalean. Sue Thomas harrituta zegoen Internetez hitz egiten orduan erabiltzen diren naturaren metaforekin: cloud (hodeia), stream (ur-lasterra). «Saiatzen ari nintzen ulertzen zergatik hitz egiten dugun horrela Internetez». Thomas nobelagilea izan da, baina, azken hamarkadan ordenagailuek eguneroko bizitzan duten eraginaz ikertzen eta idazten aritu da.

Jendearen bizitza teknologikoa naturarekin eginiko bizitzarekin bateratzea izan beharko litzatekeela erronka pentsatu zuen Thomasek. Horrek eraman zuen teknobiofilia kontzeptua asmatzera. «Pentsatu beharrean teknologiak naturatik urruntzen gaituela, biak izan ditzakegula esaten dut nik, hau da, ez dugula zertan aukeratu bizimodu basago baten eta dena itzaltzearen artean».

Paisaia baten irudia ordenagailuaren pantailan izateak daukagun behar bati erantzuten dio, Thomasen arabera. Beste aldera ere bai. Sakelakoetako GPSa erabiltzen du jendeak naturan mugitzeko, edo txorien kantuak, landareak eta perretxikoak identifikatzeko. Bizimodu digitala kontzientzia osoz eta era positiboan bizi behar dugula uste du Thomasek. Okerra dela, alegia, haurrei etengabe esatea gailuak itzaltzeko eta kanpora ateratzeko. «Horrek gatazka sortzen du, eta ez du laguntzen: biak bateratu behar ditugu».

Naturarekiko lotura bideo jokoen barnean ere lor daitekeela uste du pentsalariak. Naturaren argazkiak egitera, jendea mendira joaten zen orain arte. Badira, orain, paisaiak erretratatzera Grand Theft Auto bideo jokora jotzen dutenak, gero Interneten partekatzeko. Bideo joko berean, oraintxe bertan, norbaitek sorturiko orein basati bat dabil. Jokoan askatu du, eta jendea dabil piztiari jarraikiz. «Teknikoki, animalia basatia da, horretarako programatu dutelako. Biofilia dosia, Internet bidez har dezakezu gaur».

Baina naturak badu alde iluna: badira sugeak eta lakastak belar ederraren azpian. «Natura idealizatzeko eta sentimentalizatzeko dugun joera harengandik urrun egotearen ondorioa da. Horregatik margotzen dugu arrosaz gure buruan». Naturara gehiago hurbildu ahala, naturaren ikuspegi errealistagoa eraikiko dela uste du idazleak.

Bengoa arkitektoa obran dago. Zabalaganako gizarte etxean ari da lanean. Eraikina erdi lurperaturik dago. Horrekin barruan tenperatura aldaketarik gabe mantentzea lortuko dute. Bestalde, lur eta landarez estalita dago. «Jendea ibili ahalko da teilatuan. Norabide horretan goaz leku guztietan, ez dago dagoeneko kontrako ahotsik».

BERRIAn argitaratua (2016/04/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA