astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

mundua

Izotza erabat urtzeko lanetan

Adrian Garcia

Izotza erabat urtzeko lanetan

Raul Castro Kubako presidenteak eta Barack Obama AEBetakoak eskua estutu diote elkarri, eta NBEko Batzar Orokorra baliatu dute bien arteko bigarren aurrez aurreko bilkura egiteko. Castrok Obamari eskatu dio erabil ditzala blokeoaren ondorioak arintzeko presidentearen ahalmenak. Kubako Atzerri ministro Bruno Rodriguezen arabera, Etxe Zuriak orain arte egindako ekintzek «balio mugatua» dute. «Harremanak ez dira normalizatuko blokeoarekin, eta normalizazio prozesuan ez da aurrerapen nabarmenik egongo blokeoan aldaketak ez badaude». Obamak, bestalde, Castrori ohartarazi dio Etxe Zuriak hartutako erabakien eragina handituko dutela erreforma politikoek. Bi aldeek bilkuraz eginiko interpretazioa desberdina da oso, erabateko normaltasuna lortzeko aldeen arteko desberdintasunen tamainaren isla.

Gerra Hotzeko etsai zaharrek iragan uztailean ofizialki harreman diplomatikoei ekin zietenetik bi agintariek eginiko lehen bilkura da. Sinbolikoa da oso, Kubako Iraultzatik (1959) lehen aldia baita bi herrialdeetako agintariak AEBetan biltzen direna. Enbaxadak ireki zituzten arren, harremanak guztiz normalizatzeko oraindik badituzte gainditzeko oztopoak: bahimendua eta Guantanamoko base militarraren itzulera.

Bahimendua da Kuba gehien larritzen duena, Castrok NBEn azaldu bezala, «Kubaren garapenerako oztopo nagusia» baita. Baina Kubako Atzerri ministroaren ustetan, Etxe Zuriak ez du nahikoa egiten zigorra arintzeko: «Presidenteak ahal betearazle zabala du, eta blokeoaren elementu asko bertan behera utz ditzake. Baina blokeoa osorik dago indarrean; ez dute apur bat ere moldatu».

Guantanamoko base militarraren itzulera da bi herrialdeen arteko beste auzi nagusia. Rodriguezek ohartarazi du erabateko adiskidetzea lortzeko «lehentasunezko elementua» dela. Obamak ekinaldiak egin ditu Guantanamoko presoak uhartetik ateratzeko, baina errepublikanoen oposizio gogorra izan du oztopo.

Hala eta guztiz ere, bilkura «eraikitzailea eta emankorra» izan da, Rodriguezen hitzetan. Harekin batera, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak parte hartu du aurrez aurrekoan. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Obamak Castro estutu du erreforma politikoei ekin diezaien, Kubarekiko hartutako erabakien eraginkortasuna handituko duelakoan. Josh Earnest Etxe Zuriaren bozeramailearen arabera, Obamak Castrori eskatu dio giza eskubideen arloan «lana hobetzeko».

Obamak esana du blokeoa kentzearen alde dagoela, eta kongresuari behin baino gehiagotan eskatu dio hala egiteko. Izan ere, Etxe Zuriak onartu du Kubarekiko politika erasokorrak ez duela fruiturik eman, eta NBEko Batzar Orokorrean bertan egin du Obamak bahimendua kentzearen alde. Haatik, Guantanamoko auzian bezala, AEBetako Kongresuak du azken hitza, eta errepublikanoek ez dute amorerik eman. «Ziur naiz kongresuak kenduko duela berez indarrean egon behar ez lukeen blokeoa», adierazi du Obamak NBEko gainerako kideen aurrean.

Dena den, AEBetako presidenteak ez du Kuban esku hartzeko nahia ezkutatu. «Aldaketa ez da gauetik goizera iritsiko, baina ziur naiz zigorrek ez dituztela erreformak bultzatuko; irekierak bultzatuko ditu».

Bisita historikoa

Castrorentzat bisita historikoa izan da New Yorkekoa, lehen aldiz parte hartu baitu NBEko biltzarrean Kubako presidente gisara. Haren anaia Fidel 2000. urtean Milurteko Bilkuran izan zenetik Kubako presidente batek ez zuen hitzaldirik egin NBEn. Aukerarik ez du alferrik galdu Castrok, eta AEBek uharteari eragindako kalteak zerrendatu ditu. Harremanak guztiz normalizatzeko Washingtonek egin beharreko urratsak argi ditu agintariak: «Guantanamoko basea itzuli eta bahimenduarengatik kalte-ordainak pagatu». Horrez gain, eskatu du uhartera zuzendutako telebista eta irrati emankizunak eta «herrialdea ezegonkortzeko saio subertsiboak» eteteko.

AEBetako 2016ko hauteskundeen aurretik ahalik eta gehien sakondu nahi du Kubak harremanen normalizazioan. Rodriguez: «Obamari Etxe Zurian geratzen zaion denbora aprobetxatu behar dugu».

BERRIAn argitaratua (2015/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA