iritzia
Bainuontzia daukat
Goizalde Landabaso


Ezagun horrek guaikeria lar daukala esango nuke. Orain feminismoa deskubritu du eta super feminista da. Beragaz jabetu nintzen feminismoa modan dagoela. (Libra nazala munduak moda-modako kontuetaz). Tira, itzelak esan diezazkizuke minutu batean. On/off ari nintzen bere ele-melekerien aurrean. Halako batean esan zidan nik ez nituela emakumeak maite. Estonatuta, ni. «Sexualki, esan nahi duzu?» galdetu nion. Ez nekien ulertu niona ondo aditu ote nion. Eta bai, tamalez, ondo aditu nion. «Orokorrean» erantzun zidan. Nire ezagun super guai eta orain ultra feministak ez dakiena da feminismoaren moda pasatzen zaionean (berari eta beste askori ere) nik emakume izaten jarraituko dudala. Alegia, borrokan jarraitu beharko dudala nahi eta nahi ez.
Eta horrela beste hamaika gauza konta niezazkizuke. Baina, zertarako? Zenbat energia galtzen dugun ergelkeria galantekin. Zein nahastuta gauden. Zenbat kalte egiten digun autokritika ezak. Ai, energia hau dena ganorazko kontuetan xahutuko bagenu.