iritzia
Nor nongo
Andoni Egaña


Oscar Zuloaga Uribe zuen grazia. Inprobisatzailea. Chago ezagutu genuen egun berean ezagutu genuen. Oso bestelakoa, baina beste ikasgai bat eman zigun. Beltzarana zen azal kolorez, kolonbiarra, Antioquia herrialdekoa. Atentzioa eman ziguten bere bi deiturek. Hurbildu gintzaizkion, eta gazteleraz luzatu nion baieztapen guztiz desegokia nire euskalzentrismo asebetetik. «Kontxo! Zuloaga, Uribe... arbaso euskaldunak izango zenituen zuk inondik ere...». Ez dakit nitaz zer pentsatuko zuen. Tenple handiz erantzun zidan. «Ez. Nire arbasoen ugazabak ziren euskaldunak. Haiek ezartzen zizkiguten deiturak ere». Nire sarrera-modu trakets horrekin hasi ginen harremanari heltzen. Listua ahal bezala irentsi, eta ahalik eta tragorik gehien geuk ordaintzea izan zen barkamena eskatzeko aukeratu genuen bidea. Geroztik topo egin dugu Euskal Herrian Komite Internazionalisten eskutik-eta etorri izan denean.
Bi izen, bi lagun eta bi ikasgai etorri zaizkit gogora Nazioarteko Kantu Inprobisatuari buruzko jardunaldien aurkezpena eta Gipuzkoako Foru Aldundiak DSBE diru-laguntzak bertan behera uzteko asmoaren iragarpena gurutzatu diren aste honetan. Inor ez dela guztiz inongoa, ez lurraldez eta ez ideiaz, aspaldi behar genuen ikasi. Gaur oparotasunean dabilena bihar larri ibil daiteke; gaur hemen dena bihar izan daiteke han, beharturik edo nahiak hala aginduta; orain modu batera pentsatzen duenak pentsa dezake oso bestela hitz gutxi batzuen konbentzimendu indarra medio. Baina kosta egiten zaigu hori guztiz geureganatzea. Sumatu dut nik ere inguruan egoeraren larria jasan ezinik errua kanpotik datozen horiei egozten dienik. Ezagutu dut zioenik, Ondarroako portuko beltz horiek ez daudela goseak, azal kolore ederra daukatela, eta, gainera, ez datozela jan bila, disimulu ederrean euren erlijioa zabaltzera baizik. Norbanakoaren ideia oinarririk gabeak pasa egiten dira. Erakundeek uste narrasti horien oso gainetik egon behar lukete. Eta ez dakit ba, Gipuzkoako Foru Aldundiak batere ongi afinatu duen oraingoan. Maite Peñak, Gizarte Politiketarako diputatuak, baliabide publikoak eraginkor erabiltzea dela asmoa azaldu zuen. Justiziaz ere erabiltzea lortuko balute, harritu baino gehiago harrotu egingo ginateke.