iritzia
Marine Le Pen gipuzkoar erara
Hedoi Etxarte


Baina Maite Peñak eta Marine Le Penek ez dute itxuran eta izenean soilik antza. Politika arrazistak egiten dituzte arrazismoaren kontra daudela esanda.
Baina zer da eskuin muturra egungo Europan? Gure bizimodua babesteko immigrazioaren kontrako diskurtsoa eta praktika. Eskuin muturrak egiten duen irakurketa da EAJ eta PSEk legegintzaldi honetan Gipuzkoan egindakoa: aberatsenen presio fiskala jaitsi —Gipuzkoa ere paradisu fiskal bat da— presio fiskala igotzea infernu fiskal bat inposatzea litzateke eta. Eta gutxien duena asistitzeko politikak eliminatu. Ibarretxerekin bukatu zen, ziurrenik, eta Frantziako analogia erabilita, EAJren ziklo gaullista. Alegia: merkatu librea baina gizarte laguntza dezente, multikulturalismoa sustatu, aliantza interklasista bat, lan akordioak bertako markoan lantzen zituena.
Eskuin muturrak ez duena nahi da «bertako bizimodua defendatu» bertako bizimoduak esan nahi duenean ongizate estatua, lan hitzarmenen betetzea, eskubide zibil eta politikoak. Eta hor, exkertiarkeriak alboratu eta Zizeken azken liburuaren gomendioa jarraitu beharko genuke kalean: Europaren ideiaren nukleo askatzailea errestauratu: Marseillesa abestu Haitin. Errefuxiatuei tratu ona eta baliabideak eman Europan, baina Sirian gerra amai dadila gure agenden lehenengo puntura eraman.
Zeren, Gipuzkoan %8,5 dira etorkinak, %15 Nafarroan, %17 Katalunian. Azkenak du prozesu konstituziogile bat abiatzeko aukera handiena, bigarrenak hirugarrenak baino gehiago. Agian, hori da Gipuzkoako EAJren beldurra: etorkin gehiagorekin amaituko dela Gipuzkoako statu quo-a, bertako milaka langile eta prekario isilik dauzkan pobrezia eraginkorra.