astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

gizartea

«Hiru urte dira: denbora asko da»

Arantxa Iraola

«Hiru urte dira: denbora asko da»

Eraikin handi-handi bat da abade etxea Arrasaten (Gipuzkoa). Haren barrunbeetan, Caritasen egoitza dago. Eta hantxe, Horazio Argarate erretorearen (1966, Eibar, Gipuzkoa) aldamenean, hiru etorri berri, hiru etorkin: Arbia Balazzani (Nador, Maroko, 1984), Feiruz Azar (Mtalsa, Maroko, 1982) eta Utmani Mohamed (Mtalsa, Maroko, 1957). Gipuzkoako Diputazioak diru sarrerak bermatzeko ematen duen errenta (DSBE) kentzeko asmoa jakinarazi zuen lehengo astean, eta ordutik, horixe dute hizpide nagusi. Izan ere, zenbait urtez bidea eman die hainbat pertsonari —migranteak izan dira gehienak— urtebeteko erroldatzearekin oinarrizko gizarte laguntza bat eskuratzen hasteko, baina aldaketarekin, hiru urtera arte itxaron beharko dute. Eta ezinegon handia eragin die aldaketak. «Hiru urte dira: denbora asko da».

Utmani Mohamedek hartu du hitza. Euskal Herrian hiru hilabete daramatzala azaldu du, Katalunian urteak egin ondoren, Euskal Herrirako bidea hartzea erabaki zutela berak, andreak, eta bi seme-alabak. «Besteak Herbehereetan dabiltza, Belgikan...». Etxean neke handiak dituztela azaldu du. «Andrea gaixo dago; elbarrituta. Harixe laguntzen ibili behar izaten dut». Eta, paradoxa badirudi ere, harexek elbarritasunagatik jasotzen duen laguntza bati esker bizi dira. «Huraxe da etxean sartzen den diru bakarra». Egia dela erakutsi nahi du, eta eskuan txartel bat darama; arren ikusteko eskatzen ari da. Kataluniako Generalitateak zigilatutako agiri bat da; andrearen izena jartzen du, eta elbarrituta dagoela. «Esan ziguten mediku onak daudela hemen, eta horixe izan zen Euskal Herrirako bidea hartzeko motiboetako bat; hori, eta gure bizitza hobetzea». Ez du sinetsi nahi albiste berria. Eta itaun bat da haren erantzuna: «Seguru hiru urte itxaron beharko ditugula? Segurua da hori?».

Ulertzen du ezinegona Horazio Argaratek. «Aldaketarekin, babesik gabe geratzen dira; bizirik jarraituko dute, iaioak dira horretan, baina ikara handi bat sortzen da», azaldu du. Kritikoa da aldundiaren erabakiarekin, «neurri baztertzaile» bat iruditzen zaio, etorkinen inguruko «aurreiritzi eta beldurrak» hauspotzera datorrena. «Gipuzkoara txarrera ez dira etorri; argi eta garbi izan beharko genuke hori». Laguntza jasotzen lagundu die hainbat etorkini, eta «justuan» bizitzeko adinakoa dela oroitarazi du. Horregatik kritika: «Jeltzaleen politikaren ildoan dator. Gipuzkoa zen doinu horretatik kanpo zegoena; orain doinua osoa da».

Maroko «bizitza hobe bat lortzeko» laga zuen Arbia Balazzanik. Bakarrik, alaba han utzita. «Ezin nuen harekin irteteko arriskurik hartu». Katalunian denbora bat egin, eta Euskal Herrira heldu berria da. «Esan didate aukerak daudela hemen, eta horien bila etorri naiz». Hitzean eta hortzean darabil, berak ere, epe berria. «Hiru urte. Lehen urtebete zail ikusten genuen, baina hiru urte...». Zinetan nekeza iruditzen zaio. Ezagun batzuen etxean dago ostatu hartuta, eta oinarrizko gastuei erantzuteko ere nekeak dituela dio. «Hiru hilabete daramatzat haiei ezertxo ere pagatu gabe. Ez dakit zenbat iraun ahal izango dudan». Ondoan, antzera Feiruz Azar. Mallorcan (Herrialde Katalanak) urte batzuk egin eta gero, 2014an senarrak Euskal Herrirako bidea hartu zuen. Handik gutxira bera heldu zen, umeekin. Laguntza eskuratzeko saioak egin dituztela dio: antzuak. «Erroldatuta geundela erakusteko agirien bila ibili ginen, baina ez genuen ziurtagiririk lortu...». Eta, orain, aldaketarekin, urrun ikusten du diru iturriren bat irekitzeko era.

Ez dute, ordea, etsitzeko asmorik. Hirurek Arrasaten —«oso gustura gaude herrian»— segitzeko asmoa dute. Asmatzen dituzte horretarako bideak. Hara Arbia Balazzanik bera bizi den etxean ikusten dituenak: «Hilabete batean Caritasek laguntza eman zigun alokairua pagatzeko». Lanean ari diren aberkideengana ere jo izan ohi dute. «Mailegu bat egin izan ohi digu herrikideren batek. Arazoa da zor horren zama ere handitu egiten dela». Badute laguntza jasoko balute, hemendik hilabete batzuetara jaso ahal izango luketen diru kopuruaren berri; laguntzarik apalena hilean 605 euro da; handiena, etxean adingabeak dituztenentzat, 908 euro. «Laguntza handia litzateke diru hori guretzat; aterpe bat izateko da, umeak mantentzeko».

Aldaketarekin «kalean» bizitzeko arriskua ikusten duela onartu du Utmani Mohamedek; kezkatuta. Lanik gabe, lanerako aukera urriekin, darabilten data berriak katigatuta segitzen du haren gogoan. «Nola bizi hiru urteak konplitzera iritsi arte?». Bidean, ahal dutela, haien laguntzarik ez zaiela faltako azaldu du Argaratek. Jana emateko bidea egingo dutela, jantziak banatzekoa. Baina «duintasuna» bermatzen ez duten laguntzak iruditzen zaizkio. Adabaki meharregiak.

BERRIAn argitaratua (2016/04/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA