kirola
Dena zuri esker, O.D. Anosike
Danel Agirre


B plan sorta bat. Berlinera iritsi den Baskonia ongi amaitu den gaizki ateratako plan bilduma bat da. Klubak Colton Iversonen hitzarmena berritzeko zuen klausula erabili, eta dirua zor zitzaiolako ospa egitea lortu zuen hark. Antoine Diot edo Oliver Lafayettekin saiaketa egin, eta kalabazak jasotakoan erabaki zen Darius Adamsen taldean jarraitzea. Josean Kerejetak Sasha Obradovic konbentzitzea lortu balu, Perasovic ez zen itzuliko. Eta, testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, Fabien Causeur, Adam Hanga eta Davis Bertans ere ez lirateke seguruenik Gasteizen, haien eskaintza onen bat egon izan balitz.
Azkenean, 'Peras'-ek arrazoi. Adams eta Mike James txoriburuegiak ez ote diren galdetuz ernegatu duten kazetarientzat mezua gorde zuen Perasovicek, Atenasen bere antolatzaile pareak aurkaria hankapean ibili eta gero: «Datorren sasoian ezin izango ditugu atxiki, prezio harrigarria hartuko dutelako biek. Baskonian aritzeko modukoak ez zirela esan zenutenok gogoeta egin beharko zenukete, horrek jokalari batzuk Gasteizera ez etortzea eragin dezakeelako».
Hiru plazagizon. Burusis, Adams, James eta hitzarmenik berritu ez duen Causeurrek —behetik jota— oporren bueltan beste larre batzuetara egingo dutela aurreikusita, Berlingoa aukera bakana da. Baskonia honen etorkizuna gaur da, zaleek ezin izango baitute beste urtebetez sikiera ere gozatu —eta marka da gero, talde gutxi bezala gozatzeko modukoa delako—. Joan den hamarkadako saiakeretan gertatu ez bezala, sailkatu laukotean ez da egongo izarrez jositako arerio ia ukiezinik. Gasteiztarrek, gainera, badute halako agertokietara primeran egokitzen den konbinazio bat. Finalak irabazteko helduleku fidagarri bat behar izaten dute taldeek, multzo osoa ikaratu ez dadin. Adams eta Jamesen kemena eta Burusisen patxada ez dira batere nahasketa txarra.
Ez da egin ez duten ezer. Atenasen dutxara sartzerako bazekiten Baskoniako jokalariek aurten Euroligako letagin zorrotzenak erakutsi dituen Fenerbahce izango dutela parean Berlingo finalerdian. Zeljko Obradovic zortzi bider da Europako txapeldun, eta elkarren alboan ipintzeko diseinatuak diruditen pieza sorta bikaina du beste behin. Gaztea da Turkiako taldea, eta fisikoki benetan ahaltsua. Pasaporteetan ez dituzte, ordea, atletok Baskoniakoek baino Lauko Final gehiagoren zigiluak. CSKA eta Bartzelonaren arteko balizko bigarren finalerdiarekin alderatuta, hasiberrien talka izango da. Perasovicek eta bere jokalariek lasaitasun deigarriarekin isildu dituzte azken hilabeteotan Europako kantxa zailenetako asko. Pentsatzekoa da Mercedes Benz Arenan Turkiako zaleak gehiago izango direla Euskal Herrikoak baino, baina Panathinaikosen Gate 13 zaleen zaratarik ez dute eragingo.