astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

gizartea

Gaua zutik, herria ernatzeko

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gaua zutik, herria ernatzeko

Demokrazia birpentsatzea, borroken konbergentzia, antolaketa asanblearioa, gaur egungo egoerarekiko haserrea, eta bertze zerbait eraikitzeko gogoa. Ezaugarri horiek labur dezakete duela aste batzuk Parisen sorturiko Nuit Debout mugimendua. Ez dute liderrik nahi, ezta egungo sindikatu eta alderdiek herritarrek sorturiko olatua bereganatzerik ere. Eta herri anitzetara zabaldu dute jada uholdea. Baita Baionara ere: lau gau pasatu dituzte jada Xaho kaian eta San Izpirituko Errepublika plazan egindako gaualdietan.

Martxoaren 31n sortu zuten mugimendua. El Khomri legearen aurkako protestetan bildutako milaka pertsonak Parisko Errepublika plaza hartu, eta bertan gaua pasatzea erabaki zuten, zutik eta erne. Horrek eman zion izena mugimenduari: Nuit Debout [Gaua Zutik]. Lehen egunak eman zion, halaber, hurrengo egunen izendapenari zentzua: martxoaren 31tik abiatuta, martxoaren 32, 33, 34... deitu zituzten hurrengo protesta egunak. Eta hala segitzen dute oraindik ere, martxoan izoztuta —gaur martxoaren 52a litzateke, erraterako—, baina beti mugimenduan.

Espainiako Estatuko M-15en eta AEBetako Occupy mugimenduen antz handia du Parisen sorturikoak. Frantziar erara moldatu dute, halere. Hala dio Nuit Debouten manifestuaren hasierak, hain zuzen: «Mugimenduaren balioak askatasuna, berdintasuna, anaitasuna, errespetua, ulermena eta onginahia dira». Lehen hirurak, Frantziako Konstituziotik harturikoak. Hiriburutik hasita hiri ugaritara zabaldu da aldarria, halere. Eta baita nazioartera ere: Bretainian, Alemanian, Katalunian, Ingalaterran, Grezian, Portugalen eta Espainian ere hasi dira bilkurak egiten hainbat hiritan. Euskal Herrian ere bai: asteburuan Bilbon eta Baionan egin zituzten protestak, bertzeak bertze.

Oro har, Frantziako ezker tradizionalarekiko haserreak piztu du protesta. Baina bi izan dira erreferentzia nagusiak: alde batetik, Myriam El Khomri Lan ministroak bultzatu nahi duen erreforma, eta bertzetik, Pikardiako Kafir aldizkariko François Ruffin kazetariak zuzenduriko Merci Patron filma. Hori izan da bereziki adierazgarria: jada 300.000 sartze eginak ditu Frantziar estatuko zinemetan —Baionan ere eman zuten, Atalante zinema gelan—, eta emanaldien ondorengo eztabaidetan jende ugarik parte hartu du.

Paristik Baionara

Frantziako hiriburuan ikasten du Maximin Mirabel baionesak, eta hasieratik hartu du parte Parisko Errepublika plazan egindako batzarretan. «Ez naiz Errepublika plazatik urrun bizi, kasualitatez pasatu nintzen handik, eta segidan sentitu nintzen identifikatua mugimenduarekin». Apirileko oporrak direla-eta Baionara itzuli da, eta ez du denborarik galdu bertako Nuit Debouteko bilkurara etortzeko: «Parisen erran zidaten entzuteko Baionan zer aipatzen zen, gero hemengo ideiak hara eramateko berriro». Pariskoa itxura ona hartzen ari dela dio: «Borroka anitz gehitu zaizkio pixkanaka, eta ikusi dut jendea nahasten. Zoragarria da, jende anitzek ezagutzen baitu elkar mugimenduari esker. Eta, aldi berean, klaseak eta jatorriak edozein izanik ere, denek ditugu gauzak aldarrikatzeko. Bi astez ikusi dut hori guzia loratzen».

Hasieran dago oraino mugimendua. «Oraingoz, elkarrizketan baino ez gara ari: ez da deus zehatzik egiten». Hitz egite hutsari garrantzia eman dio, ordea: «Zinez beharra dugu kanporatzeko barnean duguna, hitz egiteko, oihu egiteko... Eta ikusi dudanez, Baionan ere bai». Parisen bezainbat jende ez dabil Baionakoan, baina horri ere «interesgarri» deritzo: «Parisen gero eta jende gehiago dago, eta hori ona da, baina egia da hurbildu dela bertze jende bat ez datorrena baitezpada borrokagatik. Batzuk etortzen dira besta egitera, jende biltze bat dagoela baliatuta». Musikari ugari ere hurbiltzen dira Errepublika plaza girotzera gauero... Poliziak guziak kanporatzen dituen arte. «CRSak gauero etortzen dira, eta eraikitako guzia desegiten dute. Goizetan, badirudi ez dela deus gertatu». Eta, hurrengo iluntzean, berriro dena eraikitzera: «Herritarrek txabolak eraikitzen dituzte material berrabilgarriarekin-eta. Hiriko espazioa berreskuratzen ari gara».

Baionan ez dago halako jazarpenik, baina kalea gutxi okupatzen dute, oraingoz. 200 lagun inguru elkartu ziren Baionako Nuit Debouten lehen hitzorduan, joan den ostiralean. Asteartean, berriz, 50 bat lagun ziren. Azken egunetan aipaturikoak laburtu, eta mikrofonoa nahi zuenari ireki zioten asteartean berehala. Askotariko gaiak izan zituzten aipagai: ingurumena, prefeturari baimena eskatu ala ez, lan erreformaren kontrako hitzorduak, tokiko eragileak nola erakarri... Borobilean bilduta, eta txandaka mintzatu ziren hurbildutakoak. Ingurukoek esku-zeinu bidez ematen zieten erantzuna: ados daudela errateko, eskuak airean mugitu; kontrakotasuna erakusteko, besoak gurutzatu... Halakoa baita mugimenduaren ibilmoldea.

Bilkura orokorraren ondotik, berriz, batzordeetan banatu ziren. Guillaume S. eta Michele I. dira Baionan parte hartu dutenetako batzuk —ez dute abizenik eman nahi, anonimotasuna atxikitzeko—. Eztabaidatzeko gogoak bultzatu du Guillaume mugimendura. «Beti gaude telebistaren edo ordenagailuaren pantailaren aitzinean, informazioa irensten. Orain herria da hitza hartzen duena. Izugarria da, zeren sekulako ideiak baititugu, beti ateratzen da zerbait... Jendeak galdua du hori, eta berreskuratu egin dugu Nuit Debouti esker».

Helburua ez dute oso argi, baina jarraitzeko gogoa azaldu dute. Michele: «Bakoitza dator gauza ezberdinengtik. Ni etorri naiz niretzat, jendea topatzeko eta hitz egiteko. Eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko: hezkuntzaz, gizarteaz, ordezkatzeko moduaz...». Logistika eta janariaren batzordean dabiltza bi herritarrak, eta datozen egunetarako nola antolatu eztabaidatzen: «Saiatzen gara aurreikusten datozen egunak hobeki egituratuak izateko moduan: euria ari duenerako estalkiak nola lortu, kartoi handiak berreskuratu... Eta janaria: saiatuko gara ikusten nola lor dezakegun dohainik. Iruditzen zait bikaina dela, zeren eta dirurik ez dutenak ere etortzen ahalko baitira, gurekin jan eta mintzatzera. Herritar baztertuenengana iritsi nahi genuke».

Mugimenduaren etorkizunaz, aldiz, arrastorik ez. «Batzuek konstituzioa berridatzi nahi dute, bertze batzuek dituzte kezka ekologistak... Nori galdetzen diozun, ezberdina izanen da erantzuna», azaldu du Mirabelek. Gerora ikusiko dela uste du, baina ez da sobera kezkatzen bilakaeragatik: «Ameslari anitz bildu gara, eta gure ametsetan sinesten dugu, horrek egiten du mugimenduaren indarra». Baionan bihar izanen dute hurrengo hitzordua, San Izpiritu auzoko Errepublika plazan. Han erabakiko dute zein segida eman Lapurdiko taldeari.

BERRIAn argitaratua (2016/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA