astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

ekonomia

Sukurtsalak salgai daude

Lander Muñagorri Garmendia

Sukurtsalak salgai daude

Ugaria da Hego Euskal Herriko kaleetan bankuen sukurtsalek daukaten presentzia. Ez da zaila horietako batekin topo egitea, edozein kale kantoitan daudelako bulegoak, Europan ez bezala. Espainiako finantza sistemaren ezaugarrietako bat izan da hori urteetan, eta Hegoaldean ere eredu horri eutsi zaio. «Sukurtsal txiki ugari zabaldu izan dira, atzerriko bankuei merkatuan sartzeko bidea oztopatzeko, batetik, eta oparotasun garaian sortu ziren auzo berrietan bezero berriak eskuratzeko. Hori eraikuntza enpresen eskutik, betiere», azaldu du Juan Jose Giner CCOO sindikatuko finantza zerbitzuen Espainiako elkartearen idazkari nagusiak.

Bi helburu horiekin 1980. urtetik gora egin du sukurtsalen kopuruak Hego Euskal Herrian, finantza krisiak bilakaera hori aldatu zuen arte. Ordutik bulegoen %22 itxi dira finantza sisteman egindako berregituraketaren ondorioz. Baina, hala ere, Europan parekorik ez duen datuetan dabil Hego Euskal Herria sukurtsal kopuruari dagokionez —Espainiak eta Ziprek gainditzen ditu soilik—.

Denetara, 2.097 sukurtsal zeuden Hegoaldean 2015. urtea amaitu zenean. Hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.422 biztanlerentzat bulego bat zegoen, eta Nafarroan, 1.118 pertsonarentzat. Europako Batasuneko batez bestekotik urrun dago proportzio hori, iaz 2.482 pertsonako sukurtsal bat baitzegoen Europan. Horregatik, esan daiteke normala dela kaleko edozein bazterretan sukurtsal bat topatzea.

Joera hori aldatu egin daiteke, halere. 2008an goia jo zuen bulegoek, eta, krisiari aurre egiteko, integrazioak eta bat egiteak egin zituzten finantza erakundeek. Horren ondorioz, hainbat bulego itxi zituzten, eta, berregituraketa haren ondoren, beste bat irits daitekeela diote zenbait adituk. Hori esan zuten, behintzat, duela bizpahiru aste hainbat bankuk bulegoak itxi eta langileak kaleratzeko asmoa azaldu zutenean.

Joera hori beteko balitz, bost urteren buruan sukurtsalen kopurua 1980. urteko mailara itzuliko dela diote askok. «Hemen ez da bigarren berregituraketarik egingo; hori ez da egia», adierazi du Ginerrek. Hainbat bankuk euren asmoen berri ematean denboran bat egin dutela erantsi du, baina «bakoitzak bere arrazoiak» dituela argituta. Horregatik, hainbat bulego itxiko dituzten arren, ez zaio iruditzen berregituraketa orokor baten aurrean dagoenik sektorea. Etekinak hangisa ulertzen ditu berak albiste horiek.

Albisteen segida horretan, Santander izan zen itxieren berri ematen lehena. Martxoaren hondarrean jakinarazi zuen Ana Botinek zuzentzen duen bankuak Espainiako Estatuan 450 bulego itxi eta 1.200 langile inguru kaleratuko dituztela. Oraindik ere ez dute eman asmo horien zehaztapenik, eta bankuko langileek ez dakite neurriak nola eragingo dien. Joseba San Miguel ELAko finantza federazioko arduraduna Santanderreko zuzendaritzarekin bilkura batean egon da berriki, eta kontatu du bankuak «jendea sobera» dagoela esaten duela. «Espainian etekinik ez daukatela diote, eta borondatezko kaleratzeak bideratuko dituztela». Negoziatzeko ataka estua ikusten du San Miguelek, eta erabakiak Hegoaldeko bulegoetan izan dezakeen eragina zein den ez daki oraindik.

Sareko eragiketek, gora

Neurri gogorragoen inguruan hitz egin zuen astebete geroago BBVAko aholkulari nagusiak, Carlos Torres Vilak. Money 20/20 Europe jardunaldietan egindako hitzaldi batean esan zuen haren bankuak Espainian 1.000 sukurtsalekin lan egin zezakeela. Egun, 3.800 bulego ditu; beraz, itxiera «masibo» bat gertatuko zelako zantzuak ikusi zituzten langileek. Zuzendaritzak, baina, barne ohar bat bidali zien berehala. Horren arabera, bankuak oraingoz ez dauka gisa horretako itxiera prozesu bati aurre egiteko asmorik, «luzera begirako egitasmoa» izan daitekeela onetsi duen arren. Arrazoien artean ez dute etekinen gabezia aipatzen, bestelako elementu bat baizik: Internet bidez egiten diren eragiketek gora egin dutela, eta horrek negozio eredua aldatuko duela berandu baino lehen. Esku artean dituzten datuek, behintzat, hori erakusten dute: 2009. eta 2015. urteen artean, %41 murriztu da bulegoetan egin diren transakzio kopurua.

Bestelako arrazoiak aipatu ditu Kutxabankek bere plan estrategikoan aurreikusten dituen bulego itxierak arrazoitzeko. Kutxen bat egitea abiatu baino lehenago, 2012. urtean, 1.300 bulego zituzten hiru kutxek, eta, iaz, 1.013 ziren, fusioaren eraginez. Baina sukurtsal batzuek oraindik errentagarritasun txikia dutela iritzita, bulego batzuk gehiago ixtea aurreikusten du bankuak. Antzekoa gertatu da, halaber, Laboral Kutxak: duela hiru aste iragarri zuen 30 bulego ixteko asmoa duela. Kooperatibako iturriek azaldu dutenez, Euskadiko Kutxa eta Ipar Kutxaren bat egitearen eraginez egin beharreko azken itxierak izango dira horiek. Hortik aurrera, ez dute gehiagorik espero, «sukurtsalak oraindik garrantzitsuak direlako; kasu askotan tratu pertsonalak oraindik ere beharrezkoa baita».

Ginerrek ere argudio horri heldu dio aurreikusitako sukurtsalen itxiera «masibo» horri erantzuteko. «Akaso egia izan daiteke bulego batzuk ez direla errentagarriak, baina langileak ez daude sobera», dio. Eta datu adierazgarri bat jarri du argudio hori babesteko. Hego Euskal Herrian eta Espainian sukurtsal kopuru handia dagoen arren, ez da berdin gertatzen langileen kasuan. Espainiako Bankuak emandako datuetan ez du behargin kopururik ematen autonomia erkidegoka, baina joera antzekoa dela uste du Ginerrek. Espainian, 230 pertsonako bankuko langile bat dago; Europako Batasunean, berriz, 175 dira. «Espainian, sukurtsalak txikiagoak izaten dira, oro har, bizpahiru langile dituztenak», eta horrexegatik daude halako datuak. Eta horietako asko oraindik beharrezkoak izango direla esan du Ginerrek, «mailegu bat eskatu, edo antzeko transakzio bat egitean tratu pertsonala lehenesten dutelako bezeroek».

Langile horiek egiten duten lana, gainera, ezingo da «sarean egiten diren transakzioekin ordezkatu», San Miguelen arabera: «Bankuen estrategiaren barruan sartzen da, gainera, operazio gero eta gehiago saretik egitea. Eta hori horrela den arren, langileek ez daukate lan gutxiago: alderantziz». ELAk salatu du «bankuek behar izatekotan jende gehiago» beharko luketela sukurtsaletan.

Etekinak «lehentasun»

Baina erabakiak beste ildo batetik doaz. Banku bakoitzak bere arrazoiak eman ditu, baina horren guztiaren atzean testuinguru bateratu bat dago. Batetik, EBZ Europako Banku Zentralak interes tasa %0ra jaisteko erabakia dago. Martxo hasieran hartu zuen erabaki horrek finantza erakundeen irabazi ahalmena estutu egin zuen. «Baina faktore horrek erakunde txikiei eragiten die, Santander edo BBVA erraldoiek irabazteko tarte txikiagoa izango dute, baina beste herrialderen batean izango dituzte etekin sendoagoak», Ginerren hitzetan. Edozein modutan, «etekinei lehentasuna emateko», kaleratze eta bulegoen itxieraren berri eman dute bankuek. Arazo ekonomikorik ez duen sektore batean kaleratzeak egitea iraingarritzat jo du San Miguelek. Hori dela eta, erabakiaren kontra borrokatuko dutela aurreratu du.

Baina interes tipo apalez gain, finantza erakundeei urte amaierako balantzeetan etekinak txikituko dizkien beste traba bat atera zaie. Hain zuzen ere, Madrilgo epaitegi batek 40tik gora bankuren zoru klausulak baliorik gabe utzi zituen duela hiru aste. 2013an, BBVA, Cajamar eta Novagaliciaren —gaur egun Abanca— zoru klausulak atzera bota zituen beste epai batek, baina hainbat finantza erakundek euren klausulak indarrean mantendu zituzten. Apirilean argitaratutako epaiaren ondoren banku horiek guztiek atzerako eraginez itzuli beharko dituzte azkeneko hiru urteetan jaso zuten diru kopuru hori. «Horien artean dago Santander bankua, eta diru kopuru handi bat itzuli beharko du. Beraz, uler daiteke urte amaieran, emaitzak borobiltzeko garaian, zailtasun handiagoak izango dituela», ohartarazi du Ginerrek. Hortaz, horren eraginez ere hartu du bulegoak ixteko erabakia Santanderrek. Arrazoi askotarikoak eman dituzten arren, testuinguru bateratuak erabaki berera eraman dituzte.

BERRIAn argitaratua (2016/04/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA