astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

bizigiro

Langileen eskubideak, oinutsik

Iker Tubia

Langileen eskubideak, oinutsik

Wantik 43 urte ditu. Ezkondurik dago, eta bi seme-alaba ditu, lehenbiziko eta bigarren hezkuntzan. Zortzi urte daramatza zapatagintzan, eta etxean egiten du lan. Ez du kontraturik; beraz, aise kaleratu dezakete. Bera arduratu behar da zapatak fabrikara eramateaz —garraioa berak ordaintzen du—, eta enpresak jostorratz eta hatzetarako babesle berriak sei hilabetean behin baizik ez dizkio ematen. Hamar ordu lan egiteko aukera duen hilabeteetan 800.000 errupia irabazten ditu (54 euro), baina normalean 400.000 eta 600.000 errupia ingurukoa da bere soldata —27 eta 40 euro artekoa—. Asia Floor Wage Alliance sindikatu eta langile eta pertsonen eskubideen defentsarako elkarteen koalizioaren arabera, Indonesiako soldata duina hilabetean 300 euro da.

Baina isildutako istorio hori Europako Parlamentura ailegatu da berriki. Wanti ez da bakarra, inondik inora. Horregatik, Aldatu zapatak nazioarteko kanpainak testigantza zuzena eraman du Bruselara. Hilabete hasieran 15 eurodiputatuk Wantiren ahotik aditu zuten hainbat herrialdetan zapatagintzako sektorean lan egiten dutenak baldintza negargarrietan ari direla.

«Hunkitu egin zen bere egunerokoa kontatzen, eta gu ere bai. Han ziren parlamentariengan eragina izan zuela uste dut, eta zer egin daitekeen pentsatu zutela», azaldu du Alba Trepat Setem elkarteko eta Arropa garbia kanpainako kideak. Bera ere han izan zen. «Gainera, politika komertzialen eta pertsonen eskubideen arteko koherentzia falta azaleratu genuen; betiko eztabaida». Haiek kontent ziren ez zutelako norbaiten izenean hitz egin.

Aldatu zapatak kanpainak bi jarduera nagusi egin ditu Bruselara ailegatu aurretik. Alde batetik, Europako Batasuneko 15.932 herritarrek oinetakoen industrian baldintza hobeak izatea exijitu zuten Bruselako martxa birtualaren bidez. Bigarrenik, bilerak egin zituzten hamabi hiritan; tartean, Iruñean. Handik ateratako iritzi eta ekarpenak eraman dituzte parlamentura.

«Eskari zehatzak eraman ditugu: EBk kontrolatuko duen eta oinarrizko baldintza sozial batzuk betetzen direla segurtatzen duen zigilu bat sortzeko eztabaida jarraitu dezatela, hornitze katean gardentasuna nahitaezkoa izatea, eta akordio komertzialetan irizpide sozialak dituzten hesiak jartzea. Badute nondik hasi».

Horretarako, borondate politikoa beharrezkoa da, baina, eta kanpaina abiatu dutenek oinak lurrean dituzte: «Badakigu gure ahotsa Europako Parlamentura ailegatu den bezala, lobby-enak indar handiagoz ailegatzen direla, eta seguruenik guk baino parlamentari gehiago biltzen dituzte bilera horietan». Hala ere, ardurak ez dira besteengan utzi behar. Ez guztiz, behinik behin. Kasurako, kontsumitzaileek zapatak aldatzeko hautua egin dezakete. Baina ez da erraza, informazioa falta baita, Trepaten esanetan.

Dioenez, lehenbiziko urratsa kontsumo ohiturak zalantzan jartzea da. «Zapata dendan ez dakitenean ezta non egin diren, ez delako beharrezkoa etiketetan hori azaltzea, gure eskubideak urratzen dira kontsumitzaile gisa, baina, gainera, ezin diogu horri erantzun. Horregatik behar dugu gardentasuna, ekiteko ezagutza beharrezkoa delako». Orain Europako hogei oinetako marka ikertzen ari dira, eta langileen eskubideei eta ingurumenari buruz galdetzen ari zaizkie.

22.000 milioi oinetako pare ekoitzi ziren 2013an World Footwear Yearbook 2014 txostenaren arabera. Horietatik %87 Asian ekoizten dira. Txina da ekoizlerik handiena, eta atzetik ditu India, Brasil, Vietnam eta Indonesia. Europa da inportatzailerik handiena. Oinetako askoren atzean langile esplotazioa eta ingurumenaren aurkako praktikak daude.

Larruaren sektorea da ilunenetako bat, Aldatu zapatak kanpainaren arabera. Larrua zurratzerakoan eta zapatak egiterakoan, ingurumenarentzat eta langileen osasunarentzat kaltegarriak diren lanak egiten dira askotan. EBk iaz debekatu zuen larruazalarekin kontaktua duten larruzko produktuek 3 mg/kg kromo hexabalente edo gehiago izatea.

Indonesia gordina

Eci Ernawati Indonesiako TURC Trade Union Rights Centre gobernuz kanpoko erakundeko kidea da, eta bera ere Europako Parlamentura joan zen. Dioenez, bere herrialdean badira langileak babesteko legeak, baina enpresek askotan ez dituzte betetzen. Gainera, oinetakoen industrian lan asko etxean egiten da, eta horiek ez daude legez babesturik. «Urtarriletik gora egin du oinetakoen produkzioak, eta etxeko langileek lan gehiago dute. Baina laguntza eskatu behar izaten dute: edo seme-alabei eta senarrari, edo beste norbaiti; beraz, ez dute gehiago irabazten».

Gainera, salatu du garraioa eta material batzuk haiek ordaindu behar izaten dituztela. «Enpresendako oso onuragarria da, ez baitute ez ordu gehigarririk, ez gizarte segurantzarik ordaindu behar». Hala ere, ez dute nahi etxeko lana debekatzerik: «Jende horrek lana behar du. Etxeko lana babesteko legeria nahi dugu».

TURCeko kideak nabarmendu du emakumeak direla egoera makurrenean daudenak. Lan bikoitza egin behar izaten dute, zaintza eta zapatak, eta, horregatik, etxeko lana gehienetan emakumeen kontua da. Beste arazo batzuk ere salatu ditu Ernawatik: osasun eta segurtasun falta, soldata eskasak, kontraturik ez egitea, sindikalisten atxiloketak eta langileen antolaketarako mugak...

Indonesiako langileei tresnak eskaintzen dizkie TURCek. Sindikatuetan ez daudenei tailerrak eta irakasbideak ematen dizkiete. «Ezin dugu deus ere egin langileek beren burua ahalduntzen ez badute». Baina kontsumitzaileei mezua bidali die: «Herritarrek zuhur jokatu behar dute inportatutako oinetakoak oso merkeak badira; atzean haurrak edo duina ez den lana egon litezke».

BERRIAn argitaratua (2016/04/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA