astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

kirola

JUANJO SAN SEBASTIAN

«Mendia ez da inoiz izan nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena»

Unai Ugartemendia

«Mendia ez da inoiz izan nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena»

Erretiroa hartu berria du San Sebastianek (Bilbo, 1955). Oraindik lur hartzen ari da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Euskal Herriak izan zituen mendizale ezagunenetariko bat da. Mendiak igotzeko zuen erraztasunaren parekoa erabili izan du, gerora, bertan gertatutakoa deskribatzeko. Mendiari buruzko liburu ederrenetariko batzuk argitaratu ditu.

Egia al da gurasoek ez zutela gustuko zu eskalatzen ibiltzea?

Bai. Garai hartan, nire familia mendizalea zen. Orduan, amildegi bat zegoen mendizaleen eta eskalatzaileen artean. Oso alde handia zegoen, eta oso markatua.

Nola alde egiten zenuen eskalatzera?

Hori oso zaila izaten da gelditzea. Argi neukan eskalatzailea izan nahi nuela. Amak lagun mediku bat zuen, eta askotan galdetzen zion ea ez ote zeukan pilularen bat niri eskalada burutik kentzeko [barreak]. Egun batean, amari argi esan zion: «Zure semeak egin dezakeen gauzarik onena da ikastaro bat egitea, eskalatzen ondo ikasteko eta segurtasunez ibiltzeko». Horri esker lortu nuen gurasoen baimena. Gerora egin nuen nire harkaitzeko lehen ikastaroa. Alde handia zegoen mendizaleen eta eskalatzaileen artean: mendizaleentzat, eskalatzaileak eroak ziren, arrisku handiak hartzen zituztenak. Finean, mendian hiltzen zen jendea zen haientzat, eta beldur handia zioten eskaladari.

Eta zergatik zela uste duzu?

Agian garai hartan gehienek eskalatzaileak erotzat zituztelako. Uste zuten eskalatzaileek ezertarako balio ez zuten gauzak egiten zituztela. Niri beti gogora etortzen zait garai hartan Lionel Terrayk idatzitako liburu baten titulua, Les Conquérants de l'inutile [Alferrikakoaren konkistatzaileak]. Hala ikusten zen eskalada. Azken hogei urteetan asko aldatu da pentsamoldea. Gogoan dut lehen espedizioan, Alpeetan, lagun batek istripu bat izan zuela eta Grenobleko ospitalean artatu zutela. Asko harritu ninduen pertsona arrunt baten moduan tratatu zutela, niretzat normala baitzen jende gehienak eskalatzaileak erotzat hartzea.

Non egin zenituen zure lehen eskalada luzeak?

Lehen ikastaroa egin, eta Europako mendietara joan nintzen hilabeterako, nik baino gutxiago zekien lagun batekin. Eskalada klasiko guztiak egin genituen, Naranjoko Rabadá y Navarro bidea izan ezik. Oso bide zaila zen guretzat, orduan genuen maila kontuan izanda. 16 urte nituen orduan. Mila pezetarekin pasatu genuen hilabete osoa. Orain, imajinatu ere ezin dut egin semea horrelako abentura batean.

Alpeetara jauzi egin zenuen.

Lehen pausoak Atxarten, Pirinioetan eta Europako mendietan eman nituen. Betidanik nuen, hala ere, urrutira joateko desira. Orain sentitzen dudanaren aurkakoa [barreak]. Orduan, Pirinioetara joateko urteko opor guztiak behar izaten ziren. Oso bidaia luzeak izaten ziren, eta behin hasita, berdin izaten zen Pirinioetara edo Alpeetara joatea. Urte batzuetan utzi egin nuen alpinismoa, eta 1979an berriro itzuli nintzen, Emilio Hernandori esker.

Andeetara.

Bai, Emiliorengandik jaso nuen Peruko Andeetara joateko gonbita, eta orduan ezagutu nuen espedizioen mundua. Proba bat egin nahi zuten, hurrengo urtean Everestera joateko. Tartean, zeuden Martin Zabaleta, Felipe Uriarte, Xabier Erro, Jabier Garaioa, Angel Vallejo Rosen… Hurrengo urtean berriro ere itzuli nintzen bertara, eta berriro ere Alpamayora [5.947 metro]. Oso gustuko lekua dut. Beste hamasei urte igaro ziren, hala ere, hirugarren aldiz itzuli nintzenerako. Ba al dakizu zergatik itzuli nintzen? Oraindik ez nuelako sinesten Peru hain polita izan zitekeenik! 1981ean joan nintzen lehen aldiz Himalaiara, Gaurishankarrera [7.134 metro].

Nola sortu zen lehen zortzimilakoa egiteko aukera?

Sebastian Alvarori esker. Alvaroren Madrilgo lagun batek K2rako baimena eskatua zuen. Garai haietan horrelako mendi batera joateko, derrigorrean eskatu behar izaten zen baimena. Adibidez, nik 1981ean Everestera joateko baimena eskatu, eta 1988rako eman zidaten. Oso zaila izaten zen baimena lortzea. K2rako bi urteko aurrerapenarekin eskatu behar izaten zen. Baimena lortu zutenean gonbidatu ninduten, eta ez nuen pentsatu ere egin. Gero, Al filo de lo imposible programan lanean hastea proposatu zidaten. Ez zen batere segurua. Ordurako gaur egungo emaztearekin batera bizi nintzen, hura langabezian zegoen, eta asko kostatu zitzaidan erabakitzea. Sei urteko lan utzialdia eskatu nuen, kontu korrontean 60 pezeta nituela.

Makalu, Cho Oyu eta Shisha Pangma, hiru zortzimilako igotzea lortu duzu, baina mendian lagun handi bat, Atxo Apellaniz, galdu ere bai.

Bai. Oso gogorra izan zen. Mendiaren alde iluna oso gertutik ezagutu nuen 1994an.

Nola gogoratzen duzu?

Bizitzan bizi izan dudan gauzarik garrantzitsuenetariko bat da. Bizitzak eta egoerek bi aurpegi dituztela ezagutzeko aukera izan nuen: alde batetik, oso lagun ona galdu nuen eta oso gogorra izan zen; bestetik, jendea nola portatu zen ikusi nuen eta ederra izan zen. Niri, beti, gauzak lortzeak baino gehiago, nola lortzen diren axola izan dit. Alde aldia dago mendian bakarrik hiltzearen edo lagunen ondoan hiltzearen artean. Heriotza oso serioa da, eta oso garrantzitsua da nola hiltzen zaren ere.

Irakurri izan dizut orduan ez zenuela ezer sentitu. Egia da?

Bai. Altuera horietan gauza guztiak anestesiatuta bazeunde bezala bizitzen dira. Halako tontor batean ez da ezer sentitzen, beldurra eta jaisteko gogoa izan ezik. Oso egoera larriak izaten dira eta ez da sentimenduetarako lekurik izaten. Nik gogoeta bat egin izan dut beti: bizitza posible den lekuetan heriotzaren gaia ez da onartzen, eta oso gogor astintzen zaitu; aldiz, bizitza posible ez den lekuetan, edo anestesiatuta bizitzen dituzu gauzak, edo ez zara handik irteten. Nik Atxoren heriotza horrela bizi izan nuen. Izozketekin berdin pasatzen da: bertan ez dute minik ematen; oinarrizko kanpalekuan, baina, hasten zara galduko duzunaz pentsatzen.

Nolakoa izan zen zuen zuen harrera Euskal Herrian?

Ikaragarria, oso polita. Zuzenean Zaragozako ospitalera eraman ninduten, eskuko zortzi hatz galdu bainituen. Bizitzara itzultzearen parekoa izan zen. Medikuaren aurpegiari begiratzen nion, ez nekien zer pentsatzen zuen hatz haiek ikusi eta gero, eta izugarrizko sustoa eman zidan. Eskuak usaindu eta gangrenatuta zeudela uste zuen. Begirada bat bota, eta zera esan zidan: «Lasai, ez dute presarik! Infekzioa dute, baina gangrenarik ez».

Zortzimilakoetara ez itzultzea pentsatu zenuen?

Bai, noski. Laugarren aldia nuen K2n, eta orduan nik egin nuen aukera. Ez nuen han egoteko beharrik sentitu. Ilusioa banuen, baina neurtutako ilusioa zen. Ordurako nahiko aspertuta nengoen zortzimilakoez, 1989an izandako esperientzia txar batengatik. Espedizio hartan jada ez nuen sentitzen K2az maiteminduta nengoenik. 1990ean Cho Oyu eta Shisha Pangma egin genituen, baina interes handirik gabe. Hala ere, espedizio horrek eta txinatarrekin izandako hartu-eman batzuek berriro ere K2ra itzultzeko aukera eman ziguten, baina iparretik. Alvarok aukera eskaini zigun, eta horregatik joan ginen.

Geroago ere itzuli zinen.

Bai, 1998an. Berriro ere Alvarok eskaini zidan: Iñurrategi anaiekin Gyala Beiri eta Dhaulagirira joatea. Baiezkoa eman nion, gauza batengatik: hura ez zitzaidala gustatzen baieztatu nahi nuen. Kontraesan handia zen, baina baieztatu egin nahi nuen. Orduan konturatu nintzen zortzimilakoen mundua amaitu zela niretzat. Bestalde, oso sentsazio polita izan nuen. Iñurrategitarrek eta Oiartzabalek igotzea lortu zuten. Azken unean eta erdipurdiko eguraldi batekin tontorrera abiatu ziren. Gogoan dut oraindik Felixek zer-nolako eztabaida izan zuen Albertorekin [barreak]: Albertok erabakia zuen igotzea, Felixek ezin ezetz esan, eta Juanito hamalau zortzimilakoen bila zihoanez… Orduan ikusi nuen alpinista baten eta goi mailako alpinista baten aldea. Hori Alberto Iñurrategi da.

Berriz ere itzuli ez izanaren damurik izan duzu?

Ez, ezta gutxiagorik ere. Beste espedizio batzuk egin nituen Andeetara, baina ez nuen berriro Himalaiara itzuli nahi. Urrutira joateko gogo guztia joan zitzaidan orduan. Orain nahiago dut Alacantera, Riglosera edo Atxartera eskalatzera joan. Garai bateko astebukaerako alpinismoa berreskuratu nahiko nuke.

K2ko azken espedizio hartaz, Cita con la Cumbre (Hitzordua tontorrarekin) liburua idatzi zenuen. Nolatan?

Betidanik gustatu izan zait idaztea, nahiz eta ez dudan askorik idazten. Hori ere Sebastian Alvaroren ideia izan zen. Berak argi zuen K2ari buruz liburu bat idatzi behar nuela: batetik, asko gustatzen zitzaiolako nola idazten nuen; bestetik, bertan gertatutakoak zerbait merezi zuelako. 1998an, Gyala Beirira joan ginenean, telefono bat eraman genuen. Uste dut bigarren aldia zela. Han geundela deitu zidan esateko argitaletxe bat lortu zuela liburua idazteko. Han bertan hasi nintzen idazten. Lau urte igaro ziren gertakarietatik, baina oraindik oso ondo gogoratzen nintzen guztiaz. Bi urtera argitaratu zen, 2000n.

Zergatik ez duzu denbora honetan beste ezer idatzi?

Jende askok esan izan dit hori, eta gauza polita da hori entzutea. Denbora da izan dudan arazoa. Badut zerbait pentsatua, nahiz eta orain eskaladak betetzen duen nire denbora gehiena. Badaukat denbora eta ziur zerbait idatziko dudala. Idazteko, distantzia pixka bat ere hartu behar dut. Askotan errepikatzen naizen sentsazioa izaten dut.

Zure adinetik gertu dauden alpinista batzuk zortzimilakoetan daude oraindik, Juanito Oiartzabal (61 urte) eta Carlos Soria (76 urte), esaterako.

Asko miresten ditut biak. Asko sufritzen dakien jendea da. Nik ez dut inoiz halakorik egingo. Uste dut gauza batek bereizten gaituela, eta zera da: nik ez diot inoiz mendiari espazio handiegirik eskaini, eta ez da inoiz izan nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Behin galdetu zidaten ea zein izan den nire lorpenik garrantzitsuena, eta zera erantzun nien: nik bizi nahi nuen bizitza bizi izan dudanetik oso gertu dago. Hori da nire garaipenik handiena.

Eta hemendik aurrera, zer? Zer egiteko asmoa duzu erretiroa hartu eta gero?

Inoiz baino libreago sentitzen naiz gaur egun. Pentsatzen dut denborarekin dena baretuko dela, baina orain, askatasunaren zurrunbilo batean sentitzen naiz. Eskalatzeko gogo handia daukat, eta gero, ikasi ere egin nahi nuke, ingelesa batez ere. Idatzi ere bai. Lehenik nire bizitza ordenatu behar dut, eta gero gerokoak.

BERRIAn argitaratua (2016/04/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA