astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

kirola

NEKANE ARZALLUS

«Gipuzkoak eliteko saskibaloia nahi duen galdetzeko garaia iritsi da»

Imanol Magro Eizmendi

«Gipuzkoak eliteko saskibaloia nahi duen galdetzeko garaia iritsi da»

Astelehen goiza da Illunbe pabiloian, eta garbiketakoak lanean hastear daude. Biharamun gogorra da Nekane Arzallusentzat (Astigarraga, Gipuzkoa, 1965). Taldeak berrogei puntugatik galdu zuen igandean, eta, ACB liga bukatzeko sei jardunaldi falta direla, salbaziotik hiru garaipenera dago. Hori gutxi ez, eta Travis Wearrek uko egin zion jokatzeari. Hala ere, presidenteak ez du etsi nahi: «Izan ditut astelehen hobeak, baina baita okerragoak ere. Hemen lanean jarraitu behar da».

Egunekoarekin hasi behar. Zer pasatu zen Wearrekin?

Txemi Urtasunek eskumuturra hautsi zuenetik, merkatuan gabiltza jokalari baten bila [aste honetan etorriko da, ziur asko, Taquan Dean jokalari ohia]. Uste dugu taldea ez dagoela hilda, arnasa baduela, eta behar duela pizgarri bat. Bada, Wearrek esan zigun estatubatuar bat ekarri behar genuela, eta horrek leku gabe utziko zuenez ez zuela jokatuko.

Neurri diziplinarioak hartu beharko dituzue.

Bai, noski, argi dugu. Errespetu falta larria da, taldearentzat, taldekideentzat, zaleentzat... Neurri gogorra izango da, garbi dugu; horretarako da diziplina kodea.

Lehen urtea duzu karguan, eta taldea zuloan dago. Zuretzat ere gogorra izango da.

Oso. Bagenekien arlo ekonomikoan gogorra izango zela, gure egoera ahula delako besteekin alderatuz, baina, kirol arloan nola gauden ikusita, are gogorragoa. Gauzak diren bezala hartu behar ditugu. Guk lanean jarraitu behar dugu egoera honetatik irteteko.

Ez al zaizu damutu presidente kargua hartzea?

Ez, damutu ez. Baina egia da ez nuela pentsatzen hain gogorra izango zenik. Halako egoeretan kargua hartzea ez da erraza izaten, baina, tira, zortzi urte neramatzan taldean, eta, presidenteorde izan ostean, pauso bat emateko garaia iritsi zitzaidan.

Lanarekin uztartzen duzu kargua, ezta?

Bai, zuzenbidea ikasi nuen, eta higiezin bulego batean egiten dut lan, lursail industrialekin bereziki, eta anaiarekin batera. Eta hari eskerrak, bestela ez nuke izango horrelako saltsetan sartzeko astirik.

Emakumezko agintari bakarra zara ACB ligan. Zuk esan zenuen ez zeukala zertan albiste izan, baina toki askotan agertu zara horregatik. Erreferenteak faltako dira, agian?

Emakume asko daude kirolean lan egiten, baina aginte karguetan, ez. Asko daude laguntzen, asko eta asko musu truk lanean, baina zuzendaritza postuetan, gutxi. Aldatzea espero dut. Kargua hartu nuenean, ez nion horri erreparatu, eta bitxia da ia elkarrizketa dei guztiak horren inguruan izan direla. Egiteko lan gogorra neukan, ardura handia, eta albistea emakumea nintzela zen.

«Bizirik» zaudetela esan duzu lehen. Baikorra zara.

Bai, oraindik bai. Lehen, Estudiantesi begiratzen genion, eta, orain, Obradoirori. Zaila da, badakigu, gero eta zailagoa, baina oraindik arnasa dugu, eta zaleei zor diegu.

Zale gehienak etsita daude.

Normala da. Zaleari zerbait eman behar diozu, ez bakarrik eskatu. Aurten guk ez diogu ezer eman, eta ikusten da zerbait ematen diozunean jendeak gora egiten duela. Illunbera datorrenak irabazi egin nahi du, eta, ez badiozu ematen, zaila da ilusioa mantentzea.

German Cea kudeatzailea, Antonio Alonso kirol zuzendaria... Taldean denbora asko daramate. Zer esaten dizute?

Horrelako aurrekontu batekin borroka egitea zaila dela. Taldea osatzeko garaian ez baduzu asmatzen aldaketak egitea zaila dela. Duela urte batzuk, Kopan sartu ginen; zergatik? Aurrekontua txikia izan arren asmatu egin genuelako. Begira Fuenlabrada sasoi honetan: gure moduan ibiltzen da, baina azken bi fitxaketekin asmatu zuen, Paunic eta Popovicekin, eta gora egin dute, pabiloia betetzen. Gure kasua? Autokritika egin behar dugu: ez dugu asmatu; dinamika txarrean sartu gara lehen egunetik... eta egoera horri buelta ematea zaila da. Beste batzuk, aldiz, hasten dira fitxatzen... Estudiantesek hamar jokalari aldatu ditu, eta, hala ere, begira nola dabiltzan. Fisacek nahikoa lan du konfiantza indartzen; berak esaten du entrenatzaileaz gain, psikologo, erizain... dela. Hamar partida galdu ondoren, buru horiek altxatu egin behar ziren.

Udara begira, egoera ezberdinak aztertu dituzue?

Hasi beharko dugu, argi dago. Aurtengo uda kuriosoa izango da, hainbeste gauza gerta daitezke... Gerta daiteke gu jaistea, Ourensek igotzeko dirua lortzea, edo talderik ez igotzea... Nahasmen handiko uda izango da arau eta epaitegiei dagokienez.

Uda luzea datorrela, alegia?

Oso luzea izango da. Eta gero beste gauza bat izango da guk non egon behar dugun. Esan nahi dut: ikusi behar dugu zer aurrekontu izango dugun, eta merezi duen ACBn egotea. Azken lau urteetan hiru aldiz jaitsi gara; arazo ekonomikoa dago, eta egunero ari gara lanean dirua nonbaitetik ateratzeko asmoz. Aurrekontu handiagoa lortzea zaila da... Beraz, non dago gure lekua? ACBn? Igual bai, baina aurretik hitz egin beharko dugu, guk, erakundeek...

Horren harira maiatzean bilera asko izango ditugula iruditzen zait; batez ere, galdera hau egiteko: Gipuzkoak eliteko saskibaloia nahi al du? Bai? Bada, hala bada, zerbait egin behar dugu. Erakundeek saskibaloia nahi dute, denboraldi honetan inplikatu dira, baina aurreko urteetako egoera zuzendu behar izatea zaila da. Guk lan egiten dugu; gure aurrekontuaren %70 pribatua da, baina, hala ere, larri gabiltza.

Ourensek ACBko plaza du, baina dirua behar du igotzeko. Zurrumurrurik entzun al duzue?

Gauza bakarra garagardo etxe bat izango dela babeslea, baina ez dakit zenbat diru jarriko duen. Hor lana dute bost milioi euro biltzeko; lehen, diputazioak lagunduko ziela esan zen, baina, orain, aldaketa politikoa egon da. Egia esan, aspaldian ez dut ezer entzun. Esaten zuten agian Melillak izango zuela aukera, baina pabiloia da arazoa, eta dirua. Ez da erraza ACBra igotzeko kanona lortzea.

LEBera jaitsiko balitz, GBC desagertuko al litzateke?

Nik uste dut jaitsita ere egitasmoak jarraituko lukeela, argi daukat. Lehen, Gaskan geundenean, jendea gustura joaten zen. Ez dakit non izango den, nik uste dut jendeak saskibaloia nahi duela, eta horregatik diot posible litzatekeela. Tira, gauza asko pasa daitezke.

Jaitsiz gero, ACB ligak dirua emango lioke taldeari.

Bai, bi milioi euro, igoera eta jaitsiera funtsekoak, baina ikusi beharko da zer moduz dauden ACBko diru kontuak. Hala bada, ongietorriak izango dira.

Diruaz hitz egiten hasita, nola daude kontuak?

Larri, iraganeko zorrengatik. Sasoi honetan, gure aurrekontua orekatua zen, baina iraganekoa hor dago. Gauza bat da aurrekontuak orekatzea, eta beste gauza bat positiboak izatea aurrekoa kendu ahal izateko. Motxila handia da. Urtero pixka bat gordetzeko asmoa dugu, hori kenduz joateko, baina zer geratzen da? Entrenatzailea aldatzen baduzu, nomina osoa ordaindu behar diozu; gero, jokalariak aldatu... Eta ezin duzu zorrik kendu. ACBko talde gehienen egoera da, baina guk onartu egiten dugu, besteek ez.

Egoera ekonomiko larria ez da gauza berria.

Egia da erakundeak beti egon direla hor, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia. Bildu sartu zenean, baina, beti bezala jarraituko genuela esan ziguten maiatzean, eta, gero, irailaren 26an, murrizketak zeudela. Bien bitartean, guk gure aurrekontua eta kontratu luzapenak eginak genituen. Hiru edo lau kontratu garrantzitsu sinatu genituen [Sito Alonso, Javi Salgado, David Doblas...], bi urterako, eta gure zuloa hortik zetorren. Horri buelta ematea, ogasunarekin batez ere, zaila da. Nik diodana ez doa Bilduren aurka, ez erabakiaren aurka, baizik eta unearen aurka, noiz esan ziguten. Horregatik finkatu nahi genuen aurten aldundiarekin dugun akordioa, urtero zorra kendu ahal izateko, baina gero gauzak beste modu batera irten dira.

Aldundiarekin akordio berria sinatu duzue: 700.000 euro urtean, eta lau urte. Arnasa da hori.

Arnasa bai, baina falta zaigu oraindik. Aldundiarekin akordioa dugu, udalarekin ere bai, nahiz eta jaitsi den. Zer gertatzen da udalarekin? Illunbe dagoela. Illunben egiten den ia guztia guk ordaintzen dugu: garbiketa, berogailua... Udalak ematen digun ia guztia [300.000 euro] Illunbek jaten du, %80, eta aldundiak ematen digun ia gehiena, ogasunak. Eta, noski, zergak ordaindu egin behar dira. Hor ditugu mugak. Gero, babesle nagusia dugu, baina, pentsa, Bruesa babesle izan zen lehen urtean milioi eta piko euro izan ziren; Lagun Arorekin, 800.000 edo 750.000, eta, orain, Retarekin 200.000 inguru dira, ia 300.000 BEZarekin.

LEBera jaitsiz gero, aldundiarekin duzuen akordio hori mantenduko litzateke?

Akordioa mantenduko da, baina agian ez diru kopurua. Printzipioz, lau urtekoa da. Euren asmoa da gu saskibaloian erreferente izatea, eta horren truke guk oinarriarekin egin behar dugu lan.

Gipuzkoari galdetu behar zaiola esan duzu. Zeini zehazki? Erakundeei, enpresei, bankuei...

Erakunde publikoek ez dizkigute arazo guztiak konpondu behar, baina gurekin bidea egin behar dute. Gure arazo handiena babesle mailan dago, enpresen aldetik. Guk babesle nagusi bat dugu, 300.000 euro ingurukoa, baina besteak 500 euroan hasten dira, eta 30.000 ingururaino doaz. Zaila da, beste talde batzuek duten bezala, 100.000 edo 150.000 euroko babesle bat lortzea.

Egunero ari gara ateak jotzen, eta oso zaila da. Horregatik diot erakundeen aldetik laguntza jaso dezakegula, mezenasgo lege hobe batekin adibidez, edo dei horiek egiten laguntzen. Baina zaila da, ikusten dugulako Gipuzkoan kirol arloan zenbat talde dauden, eta denok gabiltza ate-joka: emakumezkoen eskubaloian bi, emakumezkoen futbolean bi, hockeya, gu... Nik ulertzen dut; zu enpresa batera zoaz, eta hark esaten dizu hamar joan zaizkiola, eta bati emanez gero denak atzetik doazela. Horregatik diot, ez dakit aldundiak bidera dezakeen hori. Ez diot aldundiak dirua jarri behar duenik, baizik eta egitasmo bat abiatu beharko lukeela kirola babesteko prest dauden enpresekin, eta beharren arabera banatu.

Uste zabaldua da GBCk hausnarketa sakona behar duela.

Beti ari gara pentsatzen zer egin daitekeen. Aurten, esaterako, Superkopa eskatu genuen, eta Jaurlaritzarekin hitz egin genuen, eta badirudi Gipuzkoak ez duela indarrik. Gasteizen eta Bilbon lagundu zuten, baina hemen... Kirol eskuduntza gainera Jaurlaritzak du. Ekitaldiak ekarri nahi dituzu, baina, ekarri nahi dituzunean, ez dago dirurik.

Illunbeko ikusle datuak ere zalantzan jarri dira.

Guk sistema informatikoa dugu sarrerak kontrolatzeko. Datuak hark ematen ditu. Nik zein asmorekin puztuko ditut? Ikusten da zenbat jende etortzen den, eta jaitsi da; asko, gainera. Baina jendeari, eskatu baino lehen, eman egin behar zaio, eta ez diogu eman urte hauetan. Horregatik diot LEBera jaistearena; jende asko berdin joango da. Saskibaloia gustuko duenak ikuskizuna nahi du, garaipenak, jokoa...

Gaskan, agian, hobeto.

Agian. Gipuzkoak behar du 5.000 ikusleko pabiloi bat [Illunben 11.000 eserleku daude]. Hor dago eskubaloia; premia hori badago. Hori litzateke perfektua. Illunbek gauza on bat du: guk bakarrik erabiltzen dugula. Baina entrenatzeko, eta, batez ere neguan, egunero bi aldiz berotu behar izatea dirua botatzea da. Udalak nahi du Illunbe izatea Donostiak behar duen kirol anitzetako pabiloia, baina, hori lortzeko, hemen obra handia egin behar da.

Miguel Santos presidente ohiarekin harreman estua duzu. Zer dio hark?

Kezkatuta dago. Saskibaloia zainetan sartuta dauka, eta berak garbi esaten dit: «Nekane, hemen lau milioiko aurrekontua ez baduzu, zaila da mantentzea». Eta izan ezean, askotan ez duela merezi buruko minekin ibiltzea. Nire ustez, lau milioi behar dira mantentzeko. Guk hiru milioi ditugu, baina gastu guztietarako. Beste talde batzuek hiru milioi dituztela esaten dute, baina bakarrik jokalarien soldatetarako. Urtero horrela ibili behar izatea gogorra da.

BERRIAn argitaratua (2016/04/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA