astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

bizigiro

IBONE BELAUSTEGIGOITIA

«Txikitan ezin ginen etxetik atera gure kirol egitekoak bete gabe»

Igor Susaeta

«Txikitan ezin ginen etxetik atera gure kirol egitekoak bete gabe»

Zuzen-zuzenean etxeraino iristen den igogailuko atea ireki, eta han daude zain Ibone Belaustegigoitia (Bilbo, 1930) eta Herman Von Bertrab haren senar jatorri alemaniarrekoa, jesuita izandakoa. Eguerdiko argia indarrez sartzen da balkoiko beiratetik, eta Mexiko Hiriaren mendebaldearen talaia paregabea da hura. Altzariz josiriko egongelako mahai borobil erraldoi batean mimoz jarritako dominak argitzen dituzte jada gogor eta gogoz jotzen duten izpiek. 34, Belaustegigoitiak iaz Master lehiaketatan, 85 urtetik gorako mailan lortutakoak; 300 guztira azkeneko 30 urteotan. «Metro bateko eta hiru metroko tranpolinetik jauzi egiten dut, eta baita bost metroko plataformatik ere». Harrotasunez baina harrokeriarik gabe jarri ditu ikusgai 2015ean Australia, Errusia, AEB eta Kolonbian kolkoratutako sariak. «Tira, onartu beharra daukat nire mailan batzuetan bakarrik lehiatzen naizela», zehaztu du umorez. Bai, baina lehiatu beharra dago 85 urterekin... Maiatz hasieran Orlandora (Florida, AEB) joango da jauzi egitera, eta hil horren bukaeran Londresera.

Euskaraz, bizkaieraz hain zuzen, mintzo da txukun asko, eta gazteleraz gainera, ingelesa eta frantsesa ere menperatzen ditu. «Amak oso ondo hitz egiten zuen ingelesez eta frantsesez». Hizkuntzekiko maitasuna transmititu zion hark, eta kirolarekikoa aitak. Oso sasoiko dago jauzilaria oraindik ere. Argazkiak ateratzeko kalera atera, eta etxearen pareko parkera bidean, gazte askok haientzako nahiko luketen bizitasunarekin eta graziarekin zeharkatu du, zebra bidera joateko beharrik gabe, noranzko bakoitzean bi bide dauzkan errepidea.

Zure familiak erabaki zuen Bilbotik alde egitea 1936ko gerra artean hasi gabe zegoenean. Zergatik eta zer dela eta Mexikora?

Elvira Arozena nire amaren aitona Mexikora etorri zen, eta Torreonen, iparraldean, kotoia erein zuen aurrenetakoa izan zen. Jabetza handiak zeuzkan, baina Pancho Villaren garaian preso hartu zuten, eta bahisari gisa urrea eskatu zioten. Urrea eman zien, baina preso zegoela, zaindarietako bat euskalduna zen, eta hark jakinarazi zion urrea emanda ere hurrengo egunean hil behar zutela. Ihes egitea lortu zuen, eta New Yorkera joan, inoiz ez itzultzeko.

Familiakoek jabetza asko zeuzkaten Mexikon, eta etortzen ziren hona, bueltatzen ziren Euskal Herrira, baina itsasontziz bidaiatzea nekeza zen orduan, hogei bat egun-edo behar ziren eta. 1933an, azkenean, denok etorri ginen. Gure asmoa Euskal Herrira itzultzea zen, baina Espainiako gerra piztu zen aurrena, eta gero II. Mundu Gerra. Beraz… Nire aita, gainera, euskalduna zen, eta ezin zen itzuli. Euskaldunen alde lan egin zuen, besteak beste Jose Antonio Agirrerekin batera, hemen, Mexikon.

1933an etorri zinen hona, 3 urterekin.

Bai, bost anai-arreba ginen: lau emakumezko eta gizonezko bat. Beste hiru hemen jaio ziren, eta denen artean laugarrena naiz ni. Torreonera joan ginen, baina disenteriarekin gaixotu ginen denok [barrez], eta berehala Mexiko Hirira etorri. Urtebete-edo pasatu genuen Torreonen.

Itsasontziz egindako bidaiaren oroitzapenen bat ba al duzu?

Bai, bai. Gogoratzen dut gaixotu egin nintzela eta egurrez betetako gela batean nengoela. Mexikorako bidean Kuban egiten zuen geldialdia itsasontziak, eta hango jende beltzaranak harritu ninduela oroitzen dut.

Zu ez zinen kontziente, baina gurasoek zein sentipen zuten Mexikora etortzerakoan?

Ez dakit. Nire gurasoak jada hemen zeuden, eta anai-arrebok nire aitaren osaba batekin eta bi zerbitzarirekin etorri ginen. Aita eta ama euskaldunak izaki, nire lehen hizkuntza euskara izan zen, eta espainiera etxeko zerbitzariekin ikasi nuen.

Medikua zen aita.

Bai, minbizian espezialista zen, eta Marie Curieren institutuan ikasi zuen, Parisen. Lehenago, gainera, okulista izateko ikasi zuen Alemanian.

Eta futbolaria ere bazen.

Bai, Athleticekoa eta Olympique Marseillakoa [Frantzia]. Nire osaba Jose Marik Espainiako selekzioarekin jokatu zuen Anberesko Olinpiar Jokoetan, 1920an. Nire aita Francisco 11 anai-arreben artean gazteena zen.

Nola gogoratzen duzu?

Maitasun handiarekin. 6 edo 7 urte nituela behartzen gintuen garaiz jaikitzera gimnasia egiteko, pilotalekuan jokatzeko... Ezin ginen etxetik atera gure kirol egitekoak bete gabe. Ahizpa nagusiok ezkerrarekin jokatzen genuen frontenisean, eta txikiek, bi eskuekin. Bi eskuekin jokatzen irakatsi zigun, batekin bakarrik jokatuz gero gorputzeko alde bat bakarrik garatzen dela esaten zuelako.

Eta nola oroitzen duzu ama?

Aita ama baino gertuago egon zen gugandik, etxe irakaslea ere hor zegoelako. Ama ere maitasun handiarekin gogoratzen dut; anai-arreboi arropa oso ona erostea gustatzen zitzaion, adibidez.

Zertan lan egiten zuten?

Gerra garaian errefuxiatu euskaldunak etorri zirenean, aurrena etxe bat egiten zuten, etorri berriek non geratu eduki zezaten. Mexikora etorri berritan aitari ez zioten utzi sendagile izaten, azterketa guztiak-eta berriro pasatzera behartu zutelako. Beraz, sarraila fabrika bat jarri zuen martxan, bide batez errefuxiatu euskaldunei ere lana emateko. Sortu eta gutxira euskaldun horiek greba egin zuten [barreak]! Izan ere, Euskal Herrian beste gauza batzuk egitera ohituta zeuden...

Non eta noiz hasi zinen tranpolin jauziekin?

Etxean bagenuen igerileku bat, baina hor ez nuen jauzirik egiten. Deportivo Chapultepec klubean hasi nintzen. Bankarientzako klub bat zen, baina lagun bati esker sartu ahal izan ginen igeriketa taldean. 17 urte nituen, eta han zegoen Mario Tovar, Mexikoko tranpolin jauzietako irakasle bakarra zena. Harekin ikasi nuen. Hurrengo urtean Olinpiar Jokoetarako kanporaketak egin ziren, eta Londresen (1948) Mexikorekin parte hartzeko txarteleletako bat atera nuen.

Garai hartan, Mexikon, nola begiratzen zitzaion kirola egiten zuen emakumezkoari?

Oso-oso gutxi ginen.

Arbuiurik sentitu al zenuen?

Ez dakit; hala gertatu bazen ni ez nintzen konturatu [Herman senarrak dio Ibone miretsia zela kirolari ona izateagatik].

Badu arrisku pixka bat jauzilaria izateak. Etxean ez ziren arduratzen?

Ez. Londresen lehiatzeko aukeratu nindutenean aita izugarri poztu zen.

1948ko Olinpiar Jokoetan lehiatu eta gutxira, ordea, jauziak alboratzea erabaki zenuen. Zergatik?

Ez dakit... Pentsatu nuen bazela probetxuzko zerbait egiteko garaia, eta horregatik sartu nintzen misiolari hemengo komentu batean.

Jauzilaria izatea ez zitzaizun probetxuzkoa iruditzen.

Bada, ez. Zaletasun gisa-edo hartzen nuen hura.

Zein komentutan sartu zinen?

Hirutasun Santuaren eukaristia misiolarietan. Mexikoko ordena bat da. Txinan misioak egiten zituen, baina komunistek kanporatu egin zituzten. Japonian eta Bolivian ere egin izan ditu misioak.

Non ibili zinen misiolari?

Formakuntza osoa jaso nuen, gero sei urte pasa nituen Japonian, eta urte batzuk Parisen. Komunitatetik 1964an atera nintzen.

Zergatik?

Komunitatearen arautegia kontuan hartuta, zaila zen gazteei laguntzen aritzea. Bizitza arraroa genuen... Orain, askoz ere irekiagoa da, baina komunitatearen orduko barne arautegiak izugarri mugatzen ninduen. Bizitza mugatu hori edukita, zaila zen askatasuna, irekitasuna eta ontasuna irakastea. Ez daukat harreman handirik komunitatearekin.

Zein balio sustatzen ditu ordena erlijioso horrek?

Esker ona, eukaristia eta maitasuna zein errespetua Hirutasun Santuari.

Zertan lan egin zenuen ondoren?

Mexiko Hiriko Olinpiar Jokoen [1968] prestakuntzan aritu nintzen lanean, nazioarteko atalean, eta ondoren, 1972an, Herman gaztetako lagunarekin ezkondu nintzen. Gero, zapata fabrika bateko administrazio lanetan jardun nuen, 1986an erretiratu nintzen arte. Maistra ikasketak dauzkat, eta baita Enpresa Administraziokoak ere; hainbat ikastaro gehigarri egin nituen, gainera.

1984an tranpolin jauzian lehiatzen hasi zinen atzera, master mailan. Nolatan?

Conroen [Texas, AEB] geunden oporretan, eta entrenatzaile batek ikusi ninduen igerilekuko tranpolinean jauzi egiten. Esan zidan joateko Woodlandsera [Texas], han bazela entrenatzaile bikain bat eta plataforma eta tranpolinetatik jauzi egin ahal izango nuela. Joan ginen, bada, eta entrenatzaile hark esan zidan ezagutzen ninduela 1948ko Olinpiar Jokoetatik! Jakinarazi zidan AEBetan bazeudela master lehiaketak [Hermanek hartu du hitza: «Entrenatzaile hark esan zion Iboneri ezagutzen zuela, trebea zela, eta lehiatu beharra zeukala»].

Lehiatzen zara masterretan, bai, baina ez zenuen Olinpiar Joko gehiagotan parte hartzerik eduki. Arantza hori iltzatuta al daukazu?

Ez. 1968an, Olinpiar Jokoak Mexiko Hirian egin zirenean, saiatu nintzen sailkatzen, baina bost metroko jauzi bat ez zitzaidan ondo atera, eta horregatik ez nintzen sailkatu. Orduan jauzilari mexikar gutxi zeuden...

Pena sentitu al zenuen?

Bada, bai.

Berriro ahalegindu baldin bazinen, horrek esan nahi du, agian, arantza hori iltzatua zenuela…

Nire mentalitatea diferentea zen. Londresen lehiatu nintzenean oso hasiberria nintzen, eta baldintzak ez ziren egokienak lehiatzeko. Beraz, arantza hori iltzatuta daukadala esan daiteke, bai.

85 urterekin zuk hor jarraitzen duzu bat eta hiru metroko tranpolinetatik eta bost metroko plataformatik jauzi egiten, nahiz eta duela hamar urte taupada markagailu bat jarri zizuten…

Sendagileak animatu egiten nau, gainera. Taupada markagailua daukatenei esaten diet egin dezatela bizitza normala.

Nola entrenatzen zara?

Entrenatu baino gehiago praktikatu egiten dut, hemen, Deportivo Chapultepecen, astelehenik ostiralera. Gimnasia ariketa soilak egiten ditut aurrena; izan ere, jauzi egitean uretan hartzen duzun kolpea gogorra da, eta, hortaz, indartsu egon beharra daukazu ukondoetan-eta minik ez hartzeko. Egun batean metro bateko tranpolinetik jauzi egiten dut, bestean hirukotik, eta bestean bost metroko plataformatik. Igeri apur bat ere egiten dut tentsioa askatzeko. Isela Gonzalezek entrenatzen nau.

Zenbat jauzi egin ditzakezu entrenamendu batean?

Bada, 20-30 jauzi egunero.

Buruz beherako jauziak denak?

Bai, zutik sartzea baino askoz ere errazagoa baita buruz behera uretaratzea.

Tira…

[Barreak].

Sustoren bat edo beste edukiko zenuen…

Bai, noski.

Ez zara plazer hutsagatik entrenatzen.

Bizitzan helburuak behar dira.

Euskaraz oso txukun mintzo zara. Bizitza osoa Mexikon emanda era, nola eutsi diozu?

Nire lehen hizkuntza izan zen, eta uste dut horri eutsi egiten zaiola. Anai-arrebon artean euskaraz egiteko agindua genuen, gainera. Gazteleraz egiten bagenuen, isuna jartzen zigun aitak. Anai-arrebekin euskaraz egiten dut oraindik ere, eta baita ilobekin ere.

Zein harreman daukazu Euskal Herriarekin? Ezer sentitzekotan, euskalduna edo mexikarra sentitzen zara?

Zerbait sentitzekotan euskalduna sentitzen naiz. Baina hara joaten naizenean —urtean behin bai, Bibiñe tenisean nabarmendutako ahizparen etxera, Bilbora—, hizkuntza bera diferentea da jada… Ez daukat Euskal Herriari buruzko ezagutza handirik, heziketa euskalduna jaso genuen arren. Gure etxera, gainera, errefuxiatu asko etortzen ziren.

Bizkaiko federazioaren fitxa ere badaukazu. Nolatan?

Europako lehiaketetan aritzeko, hango federazioren bateko fitxa eduki beharra daukat. Bizkaiko fitxarekin Ukrainan eta Herbehereetan lehiatu naiz, esaterako. Mexikoko Kirolaren Meritu Sari Nazionala jasotzeko merituak egiten nabilela uste dut, baina…

Baina oraindik ez dizute eman.

Hori da! Ez didaten ematen! [Barreak].

Ukrainara, Kolonbiara, Australiara, Herbehereetara… Ez al zara nekatzen?

Tira, geroz eta nekezagoak egiten zaizkit bidaiak…

Baina ez duzu jauziak alboratzeko asmorik.

Ahal dudan bitartean jauziak egiten jarraituko dut. Gorputza aktibatuta eduki behar da, kirola lagungarria baita bizitzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/04/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA