astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

kultura

SENA ASKI EZ DENEAN

Ander Perez

SENA ASKI EZ DENEAN

Senak huts egiten duenean, fidagarriak izango zaizkion arauak behar izaten ditu norberak». George Orwell idazlearenak dira hitzak. Gomendioari jarraituz, Politics and the English Language izeneko saiakera laburrean jaso zituen gerora ezagunak egin diren idazteko sei arau. Ingelesezko idazketarako oinarrizko sei pauso ziren horiek. Mark Strand poetak «garrantzi handia» eman zion lan horri idazten hasi zenean, «lehen aldiz ongi idazteari buruzko aldarrikapen morala» aurkitu zuelako orrietan. Eta hark ere, gerora, idazteari buruz idatzi zuen, nahiz eta neurri batean poeta batek beste poeta bati gomendioak ematea zaila dela aitortu. Bi kasu baino ez dira Orwell eta Strandena. Baina haiekin batera, asko dira idazketari buruz idatzi eta idazteko gomendio eta irakaspenak plazaratu dituzten idazleak. Asko diren moduan idazten ikasteko testu eta gidaliburuak. Idatzi du gaiaz Elmore Leonardek, idatzi du Ernest Hemingwayek, idatzi Virginia Wolfek. Besteak beste.

Zuzenean edo zeharka, abiapuntu bera dute aipatu idazle eta gogoeta guztiek: badago idazten ikastea. Akabo, beraz, luzaroan defendatutako hori: idazle jaio ezean idazle izaterik ez dagoela. Badago idazten ikastea. Agerikoa dirudi, akaso, baina «hori da aurrena ukatzen den baieztapena», Tere Irastortzak dioenez. Badaki zertaz ari den: Bergarako (Gipuzkoa) Idazle Eskolako zuzendari eta irakasle da, orain 13 urte sortu zutenetik. «Ez dut esaten idazteko gogo bat, behar bat edo talentu bat ere behar ez denik. Ez dut hori ukatzen. Baina ikasi ere ikasi egiten da, musika jotzen edo konposatzen ikasten den bezalaxe».

Idazten ikas daitekeen bezala irakats daitekeelako osatu zuen Mikel Hernandez Abaitua irakasle eta idazleak Narrazio tailerra liburua, 2011n. Euskaraz sortutako mota horretako materialetan bakarretakoa da lan hori, Internet bitartez eman beharreko irakasgai batzuen harira sortutakoa, eta, egun, ikastetxeetan ez ezik, unibertsitateetan ere erabiltzen dena. Pentsa daitekeenaren kontra, «narratzea oso gauza teknikoa» baita, Hernandez Abaituak dioenez, «eta jakin behar dira teknikak». Izan ere, haren arabera, «ondo dago norbaitek irakastea zer den zehar estilo librea, zergatik erabiltzen den, edo barne elkarrizketak nola antolatu, adibidez. Bestela, berez iristea... Idatzi nahi duena askoz azkarrago iristen da gauzak ikasi eta erabiltzera norbaitek irakasten badizkio. Ez da hain nekeza egin behar den bidea».

Bide horretan laguntzea da, hain justu, Narrazio tailerra liburuaren asmoa, xede bera jarraitzen duten bezala, oro har, idazten irakasteko argitaratutako liburuek. Asmo horrekin jaso zituen Irati Jimenezek ere nazioarteko hamaika idazleren aipu eta gogoetak Aiztoa eta arkatza liburuan, «besterik ez bada, norbera lagunduta senti dadin, ikus dezan badagoela bidean norbera bezalako jende asko, trabatzen dena, oztopoak eta antzeko beldurrak dituena». Liburuan, besteak beste, Bukowskiren aholkuak — «edan beste garagardo bat, eta beste bat, eta beste bat, eta zoaz hipodromora astean behin»— edota Jack Kerouacenak — «jenioa zara, une orotan»—aurkitu daitezke. Denek, ñabardurak ñabardura, blokeo egoerei, beldurrei eta inspirazio faltari aurre egiteko proposamenak dakartzate. Eta hori, Jimenezen ustez, irakaspen handia da idazten ikasi nahi duenarentzat: «Ikustea Wolf edo Orwellen modukoak gure antzera trabatuta ibili zirela, nahiz eta talentu eta izen askoz handiagokoak izan, testuarekin eta gure beldurrekin konplizitatea sortzen du. Besterik ez bada, horretarako balio dute». Bat dator Jimenez Hernandez Abaituarekin, idazketa, lan sortzaileaz gain, lan teknikoa ere badela, eta, hortaz, badela transmititzea. Paralelismo batekin azaldu du iritzia: «Idaztea teknika bat da beste ezeren gainetik, alegia, ez zait gustatzen idaztearen gehiegizko mistifikazio hori. Beraz, praktika bat da, eta teknika batzuk. Teknika bat izan daitekeen moduan kozinatzea. Gauza bat garratz baldin badago, edo mingotsa edo goxoa, badira gutxi gorabeherako adostasun batzuk. Idaztean ere badira frijitzea, egostea edo labean sartzea. Teknikak existitzen dira».

Edonola, bada ia inork ukatzen ez duen zerbait: idazten, batik bat, idaztean ikasten da. Idaztean eta irakurtzean, batez ere. Alegia, teknikak hobetzen eta baliabideak eskuratzen irakats dezakete liburuek, baina miraririk ez, Patxo Telleria gidoilari eta antzerkigileak dioenez: «Mota horretako testuliburuez hitz egiten denean, autolaguntza kontzeptua dator burura, hau da, karikaturara eramanda. Nola idatzi teatroa edo Ikas ezazu teatroa idazten hamar egunetan... Holakoren beharrik ez dago. Teatroa idazten ikasteko, asko eta asko irakurri behar da». Baina, halere, ez du ukatzen teoria liburuek ekarpena egin dezaketela: «Teoria ere ondo dator, baina ezinbestekoa denik ez nuke esango. Teoria ondo dator zure esperientziarekin pilatu duzun ezagutza ordenatzen laguntzeko». Eta, halere, ohartarazpen bat, gauzak bere lekuan jartze aldera: «Antzerkia, oro har literatura bezala, oso eremu irekia da, eta, horren ondorioz, ez ditu formula teoriko zehatzak. Hau da, baztertu behar dira manual itxurako materialak. Teoriak, derrigorrez, zeharkakoa behar du izan, iradokitzailea».

Arauak, norbere aukeran

Gakoa, arlo gehienetan bezala, gauzak erlatibizatzea da. Sorkuntza lana den heinean, ez dago literatur testu bat ontzeko protokolo bakar eta jakinik. Lagungarriak izan daitezke baliabideak, eta baliagarriak teoria marko orokorrak. Hortik aurrera, idazle bakoitzak aukeratu beharko du ongien datorkion gomendioa, ongien datorkion teknika, gainditu nahi duen gatazka zein den. Oinarri hori izaten du presente Hernandez Abaituak, idazketa irakasgaiak ematean: «Nik ikasleei esaten nien: 'hemen narrazio estandarra ikasiko dugu. Hortik aurrera zuek erabaki zer ez duzuen bete nahi, eta nondik desbideratu nahi duzuen'».

Izan ere, lehen begiradan, zaila dirudi arauak eta sorkuntza jostea. Iheskorrak dira literaturaren mugak, eta legeak hautsi dituzten autore eta lanak izan ohi dira sona handiena eskuratu dutenak. Arauak hausteko, edonola, arauak ezagutu beharra dago. Hori da, bederen, Telleriaren iritzia: «Picassok ondo zekien aurpegiak modu formalean erretratatzen beste modu batez egitea erabaki zuenean. Antzerkian, berdin. Beckettek Godoten esperoan sortu zuen antzerkian sakratua zen arau bat suntsitu nahi zuelako: antzerkiak ekintza behar duela derrigorrez, zerbait gertatzea, alegia. Beckettek arau hori apurtu zuen, hain zuzen ere, araua ezagutzen zuelako». Antzera mintzo da Irastortza ere: «Arau batzuk beti daude, eta, askotan, arauen kontra burutzen da sorkuntza. Musikariak ere badu bere eskala, baina, askotan, eskala hori haustera joango da, musika modernoak egiten duen bezala. Baina badu bere erreferentzia. Elkar lotzea, araua eta askatasuna lotzea, ez da zaila. Elkarren ifrentzuan daude».

Aiztoa eta arkatza liburuaren bukaeran gibel solasa erantsi zuen Irati Jimenezek, eta anekdota bat plazaratu: Charlotte Brontek —besteak beste, Jane Eyre nobelaren egileak— gutuna idatzi zion 1845ean Robert Southey poetari, idazteko aholkuen eskean. Southeyk idazketa kontuez ahazteko esan zion Bronteri, joka zezala bere emakume rola, eta ari zedila etxeko lanetan. «Ez zarete xede horietarako deituak izan», gordin. Literaturaren eta irakurleen zoriongarri, Brontek ez zion aholkuari jaramonik egin. Aholku batzuk betetzea komeni den moduan beste batzuk baztertzea ezinbestekoa dela, horixe azaldu nahi zuen Jimenezek pasartearekin. Irakaspenen aniztasunean, alegia, badagoela zer aukeratua, eta zer baztertua: «Ez da egongo arau bakarra edonorentzat balioko duenik. Denak izango dira baliagarri norbaitentzat. Aholku batzuk trabatzeko balio dezakete. Horiek utzi, eta balio duenari ekin». Irakaspenak, azken batean, norberaren beharraren araberakoa behar baitu izan, Irastortzaren ustez: «Idazle batek, askotan, teorizazio handia baino gehiago, teorizazio zehatza behar izaten du. Eta, gero, berak iritsi behar du beste ondorio guztietara. Ezin da koma bat gaizki jarri duelako komari buruzko tratatu bat eman».

Euskaraz, ez hainbeste

Xabier Amurizak behin baino gehiagotan azaldu du nola aurre egin zion bere belaunaldiak bertsolari izateko berezko talentua behar zelako uste kasik absolutuari. Bertsolaritzaren irakaspenerako materialak sortu —tartean, Zu ere bertsolari liburua— eta bertso eskolak abian jarri zituzten. Literaturan, ordea, apurrak dira euskaraz idazten ikasteko lanak. Hernandez Abaituak bere liburua kaleratu arte, ez zen ia mota horretako materialik. Euskal Idazleen Elkarteak liburuxka batzuk kaleratu zituen bere garaian, eta, egun, Jimenezen lanari esker, euskaraz irakur daitezke nazioarteko idazle ospetsuenetako askoren gogoetak. Hainbat euskal idazlek ere —Atxagak, Lertxundik eta Saizarbitoriak, kasurako— idazketari buruzko hausnarketak txertatu dituzte haien literatur lanetan, baina apenas den idazten irakasteko liburu espezifikorik. Jimenezek dioenez, literatura anglosaxoian hedatuago dago idazketari buruz idazteko joera. «Beharbada, AEBetan batez ere, gizarte praktikoagoa delako, ez hain mistikoa, eta aholkuak emateko joera errazagoa dute. Gure literaturan ez dago halako gogoetarik».

Telleriak erdarazko liburuetara jo izan du idazketarako teknika bila. Eta «oztoporik gabe» erabili du han ikasitakoa euskarazko antzerkiak idaztean. «Akaso, dialogatzeaz hitz egiten dugunean, espezifikoki euskaraz sortutako lanak beharko genituzke. Eta, oraingoz, ez daude. Dena den, euskara normalizatuko bada, bibliografia orokor bat gutxienez euskarara itzuli beharko litzateke». Denontzat litzateke mesedegarri. Ogibidez idazle denaz harago baitoa idazketaren irakaskuntza. Finean, eta Jimenezek dioenez, gaur, elkarri whatsapp-ak bidali edo fabrikan txostenak idaztea eguneroko ogi den honetan, denentzat baliagarri izan daiteke idazten trebatzea. «Denok dugu interesa, denok idazten dugulako noizbait».

BERRIAn argitaratua (2016/04/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA