astekaria 2016/04/22
arrowItzuli

gizartea

Hondamendiei izkin eginez

Iñaki Petxarroman

Hondamendiei izkin eginez

Fukushimako istripuaren ondoren munduko potentzia nuklear nagusietako batek, Japoniak, erreaktore gehienak itzali zituen, eta, horrekin batera, krisian sartu zen lobby nuklearra munduan. Bereziki horren ondorioz, hamarkada askotako mailarik apalenera makurtu da ekoizpen nuklearra. Une honetan mundu osoko elektrizitatearen ekoizpenaren %10 inguru jatorri nuklerrekoa da, garai oparoenetan izandako %20tik jaitsita. Aurrera begira, ordea, zalantza asko daude, eta ez da oso garbi ikusten energia nuklearrak burua altxatzea lortuko duen edo ez.

Munduan eredu ezberdinak ikusten dira. Europan Alemaniak erreaktore guztiak itzaltzea erabaki du 2022rako; Frantziak, berriz, jarraitzen du teknologia nuklearra garatzen eta mundura esportatzen. AEBek eta Errusiak eutsi egiten diote energia nuklearrari euren mix energetikoan, eta Asiako erraldoiek —Txina eta India— potentzia nuklear bihurtzeko proiektu ugari dituzte martxan. Hauek dira, energia nuklearraren inguruan munduan zehar ikusten diren joera nagusiak.

EUROPA

Frantziak arre, Alemaniak so

Bi joeren arteko talka dago Europan energia nuklearraren inguruan. Batetik, Alemaniarena eta bestetik Frantziarena. Alemaniak, Fukushimako istripuaren ondoren, itzalaldi nuklearra erabaki zuen 2022rako, eta norabide horretan ari da lanean, jatorri berriztagarrietako energi iturrien alde eginez, batetik; baina, bestetik, ikatzaren bidezko energia kutsatzailean sakonduz modu kezkagarri batean. Bide beretik egin du Italiak ere, erreferendum batean herritarrek erabaki zutelako bertan behera uztea ekoizpen nuklearra.

Frantzia, berriz, mundu osoko potentzia nuklear nagusietako bat da oraindik ere, eta, nahiz eta François Hollanderen gobernuak energia atomikoarekin herrialdeak duen menpekotasuna murrizteko plan bat onartu —20 urtean heren bat gutxitu nahi du jatorri nuklearreko energia elektrikoa—, hexagonoa da oraindik mundu osoko lider energia mota horretan, bai teknologia ikertuz eta esportatuz eta bai herrialde barruan proiektuak bultzatuz. Aldi berean, nuklearrek erregai gisa darabilten uranio eta plutonioaren beharrak bultzatuta, jarraitzen du esku hartzen Afrikako hainbat herrialdetako politikan, esate baterako, Nigerkoan.

Zer esanik ez, Europa energia nuklearraren garapen handiena izan duen munduko eremua da. NBEk aitortutako 192 estatuetatik 30ek dute erreaktore nuklearren bat, eta haietako hamasei (Errusia aintzat hartu gabe) Europan daude. Gaur egun, sei erreaktore ari dira eraikitzen Frantzian, Finlandian, Errumanian eta Eslovakian eta beste hamabi proiektu daude zehazteko Erresuma Batuan, Txekiar Errepublikan, Polonian, Hungarian, Errumanian, Bulgarian, Suedian, Eslovenian eta Finlandian. Aldi berean, estatu askotan erabaki dute erreaktore zaharren bizitza 60 urtera bitartean luzatzea, besteak beste, Belgikan, Suitzan, Txekiar Errepublikan, Suedian eta Herbeheretan. Beraz, oraingoz, Europak ez du berehalakoan utziko ekoizpen nuklearra.

ERRUSIA

Sortzaile eta aitzindari oraindik ere

Lehen belaunaldiko potentzia nuklearra izateaz gain, oraindik ere munduko potentzia nagusietako bat da Errusia. Dozenaka erreaktore ditu martxan, eta proiektuak garatzen ari da bere lurraldean ez ezik haren eraginpean dauden bestelako estatu batzuetan ere, besteak beste, Bielorrusian. Aldi berean, proiektuak bultzatzen ari da Turkian, Eslovakian, Txekiar Errepublikan eta Hungarian. Ekoizpen nuklearraren ikerkuntzan ere munduko liderretako bat da Mosku, eta neutroi azkarren erreaktoreen garapenari buruzko ikerketa bultzatzen munduko abangoardian dago.

TXINA ETA INDIA

Etorkizuneko potentzia nuklearrak

Energia nuklearraren aldeko munduko lobby eta indarrek etorkizunerako itxaropena jarrita baldin badute munduko tokiren batean, Asian dute. Bereziki, Txinan eta Indian.

Txinak, munduko potentzia ekonomikoa izanik, energia behar itzelak ditu, eta, orain arte ikatza erretzen bete baditu ere, aurrera begira zabaldu egin nahi ditu ekoizpen iturriak, besteak beste, energia atomikorako jauzi indartsua eginez. Dagoeneko dozenaka erreaktore ditu martxan, eta beste dozenaka eraikuntzan eta proiektuetan. Horrekin munduko beste potentzia nuklear nagusien pare jarri nahi du Pekinek, bereziki AEBen eta Errusiaren pare.

Bestalde, Indian ere proiektu ugari daude etorkizunerako. Gaur egun, 21 erreaktore dituzte, eta energia elektrikoaren %4 hornitzen dute horrela. Horrez gain, beste sei bat erreaktore ari da eraikitzen India, eta hemezortzi proiektu ditu tramite fase ezberdinetan. Bitxikeria gisa, lobby nuklearrak itxaropen handia dauka Mongolian ere, uranio ekoizle handienetako bat izateaz gain, energia nuklearrari ekin nahi baitio 2021etik aurrera.

JAPONIA

Fukushimako shocketik esnatuta, lehengo lepotik burua

Aukera galdu baten biktima dirudi Tokiok. Fukushimako eztandaren hondakinetatik oraindik atera ez bada ere, etorkizun nuklear baterako atea irekitzen ari da atzera ere, gero eta nabarmenago. 54 erreaktoretik 50 gelditu zituen istripu larriaren ondoren, eta, geroztik, segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri dizkie hainbat zentrali. Dagoeneko bi zentral berriz martxan jartzeko baimena eman du (Sendaikoa martxan dago iaztik), eta beste askori baimen bera eman diezaieke hurrengo hilabeteotan.

Izan ere, gobernuaren asmoa da 2030erako jatorri nuklearrekoa izatea herrialdeak kontsumituko duen elektrizitatearen laurdena. Fukushimako istripuaren aurretik %30 zen jatorri atomikokoa. Gobernuaren asmo horiek, ordea, herrialdeko botere ekonomikoen sintonian badaude ere, ez datoz bat iritzi publikoan dauden joerekin, eta ikusi egin beharko da ea benetan lortzen duen energia atomikoa berraktibatzea edo ez. Izan ere, Fukushimako istripuaren ondorioz, oraindik ere herrialdeak zauri sakonak ditu. 120.000 desplazatu daude euren herritik urrun, eta eremu kutsatuen erradiazioa ez da txantxetako kontua. Bitartean, baina, herrialdeak jarraitzen du, Frantziarekin batera, teknologia nuklearra garatzen eta mundu osora esportatzen.

AEB

Nuklearren parke zaharra egokitzen

Lehen belaunaldiko erreaktore gehien dituen munduko herrialdea da. Potentzia nuklear itzela, munduan ekoizpen nuklearrik handiena dauka, mundu osoko ekoizpenaren heren bat, hain zuzen ere. Haren erreaktoreen bi herenek 60 urtera bitartean ekoizteko baimena dute, eta AEBetako segurtasun nuklearreko erakundea aztertzen ari da baimen horiek 60 urtetik gora luzatzeko aukera. Aldi berean, 2014an onartu zuten 12,6 mila milioi inbertitzea proiektu nuklearrak garatzeko. Bereziki, potentzia txikiko erreaktoreen garapena bultzatu nahi du Obamaren gobernuak, SMR izenekoak.

HEGO AMERIKA

'Lobby' nuklearra, Brasilen bultzadaren esperoan

Hego Amerikan aldiro-aldiro agertzen da proiektu nuklearren aldeko gobernuren bat. Orain arte, Argentinak eta Brasilek bakarrik zituzten erreaktoreak martxan. Brasilen kasuan, gainera, lau erreaktore eraikitzeko proiektuak ditu abian 2030. urterako. Argentinari dagokionez, hura izan zen Hego Amerikan lehen erreaktorea martxan jarri zuen herrialdea, 1974an. Gaur egun, bere ekoizpen elektrikoaren %5 inguru dator zentra nuklearretatik. Txilen ere izan dira proiektuak, baina Fukushimako istripu larriak geratu egin ditu, neurri handi batean. Bitxia da Boliviaren kasua ere. Izan ere, Errusiaren laguntzaz, Hego Amerikako energia nuklearraren inguruko ikerketa zentrorik handiena eraikitzen ari da La Pazen.

AFRIKA

Besteen lehengai ekoizle

Ekoizpen nuklearra daukan herrialde bakarra Hegoafrika da. Baina Afrikako herrialde askok plutonio eta uranio ugari daukate, eta horrek bihurtzen ditu Frantzia eta antzeko herrialdeen jomuga. Hegoafrikak bere ekoizpen elektrikoaren %5 inguru energia nuklearrarekin betetzen ditu, baina herrialdeak proiektu ugari ditu etorkizunerako. 2025erako beste dozena erdi bat erreaktore eraikitzea aztertzen ari da Hegoafrika.

EKIALDE HURBILA

Petroliotik nuklearretarako jauzia

Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia petrolio ekoizle handiak dira, baina iragarri dute energia atomikoa ere garatu nahi dutela hurrengo urteotan. Saudi Arabiak iragarri du 2032rako haren kontsumo elektrikoaren %20a energia nuklearrarekin bete nahiko lukeela. Lehen zentral nuklearra 2022rako nahi du martxan. Aurreratuago daude Arabiar Emirerri Batuak. Izan ere, hiru erreaktore ari dira eraikitzen, eta 2020erako martxan izango dira, planak betetzen badira. Herrialdearen eliktrizitate kontsumoaren %25 hornitu nahi dute haiekin.

BERRIAn argitaratua (2016/04/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA