astekaria 2016/04/15
arrowItzuli

ekonomia

Antxoa, gertu-gertu eta ugari

Jon Fernandez

Antxoa, gertu-gertu eta ugari

Ikurrinaren ondoko mastan hiru koloreko bandera errepublikanoa zegoen jarrita atzo goizean Ondarroako udaletxean (Bizkaia), duela 85 urte Eibarren II. Errepublika aldarrikatu zutenekoaren oroimenez. Bertatik, dozenatik gora itsasontzi ia-ia tropelean ikus zitezkeen itsasotik porturako bidean goizeko bederatzietan. Antxoaz beteta denak. Urtero errepikatzen da irudia garai bertsuan. Ez da alferrekoa Gipuzkoako arrantzale zaharren artean ohikoa den esaera, antxoa errepublikanoa dela. Izan ere, normalean apirilaren erdialdean azaltzen da arrain urdin txikia. Martxo hasieran arrantzatu zituzten lehen antxoa aleak, kostera zabalduaz batera —kiloa 17 euroan saldu zuten orduan—, baina asteon hasi da arrantza ugaritzen. Prezioa, hori bai, ez da martxo hasierako hura.

Giza erlauntza zen atzo goizean Ondarroako kaia. Moiletan lotutako itsasontzietatik antxoa deskargatu eta Kalare Deuna kofradiara eramaten zuten arrantzaleen joan-etorriak ez zuen etenik izan goizean goizetik arratsaldeko lehen orduetara arte. Kostaldetik zortzi milia eskasera harrapatutako antxoa porturatu zuten 50 bat itsasontzik —ia denak kanpotarrak, kantabriarrak, asturiarrak eta galiziarrak—. Asteon antxoa dezente sartu da egunero, eta tamaina onekoa. Atzo, baina, gertu egonagatik, arrantzale batzuk kexu ziren kaian, arrain txikia zela eta.

«Antxoa txikia ez da errentagarria», zioen arraina itsasontzitik deskargatu bitartean Jose Antonio Ortiz arrantzale kantabriarrak. «Atzo [herenegun] 28 aleko antxoa harrapatu genuen, eta kiloa zazpi euroan saldu genuen. 35ekoa, kiloa 3,5 euroan. Gaur [atzo], berriz, 40 edo 55eko antxoa harrapatu dugu, eta euroaren bueltan dabil». Merkeegi, Ortizen ustez.

Ontzitik deskargatuaz batera kofradiako pisura eramaten dute arraina marinelek, tamaina zehazteko. Kilo batean zenbat antxoa sartzen diren kalkulatzen dute kofradiako langileek, eta, gero, tamainaren zenbakia jarrita, erosleentzat erakusgai jartzen dute kofradian bertan, enkantea egin aurretik.

Kiloan 30 antxoa aletik gora badaude, arrain txikiegia da antxoa gazitzen duten kontserba fabrikentzat. «29 aletik beherakoak dira tamaina onekoak. Iaz, adibidez, urte txarra izan zen, arrain txikiegia sartu zen eta. Kanpaina amaieran Asturiasen ale handiagoak sartu ziren, eta kiloa 10 eta 15 euroan erosi zuten kontserba fabrika batzuek, beharrizana zutelako. Espero dut aurten horrelakorik ez gertatzea», zioen kontserba fabrika bateko arduradun batek Ondarroako portuan. Atzo arrain txikia zen nagusi, kiloan 55 alekoak ere bai. Freskoan saltzeko izaten da tamaina hori, arrandegietarako, eta prezio merkeagoa egiten du.

Herenegun 700.000 kilo antxoa sartu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, eta bakarrik Ondarroan, 290.000 tona. Atzo zer edo zer gutxiago saldu zuten Bizkaiko portuan. Halere, Lesteko moila gainezka zegoen, eta itsasontziak moilara bakarrik muturra lotuta deskargatu zuten, elkarren ondoan baterian aparkatzen duten autoak bezala amarratuta. Koasta sartuta deskargatzea esaten diote Ondarroan horri, ontziaren mutur punta baita koasta. Era berean, Ederra daukazu koasta! esaten diote ondarroarrek sudur handia duenari. Atzo, sudur handiarekin baino gehiago, sudur finarekin eta begi zorrotzekin aztertu zituzten erosleek antxoa kaxak, arrainik onena preziorik onenean erosteko asmoz.

Izotza, kamioietan

«Ikusten duzu antxoaren kolorea, distira, gogortasuna? Fresko-freskoa dago, baina beharrezkoa da itsasoan elurra botatzea antxoari, eta Ondarroan estu gabiltza izotzarekin», azaldu zuen Ortiz arrantzaleak moilan. «Antxoaren %50 elurra da; hark hiltzen du eta gogortzen du. Hildako arraina segituan berotzen da bestela».

Joan den martxoaren 14an Santa Clara izotz fabrikan gertatutako leherketa batean bi langile hil ziren, eta harrezkero itxita dago lantegia behin-behinean. Izoztegirik barik, kofradiak eta erosleek kanpotik ekartzen dute izotza egunero. «Colindrestik, Getariatik eta Lekeitiotik ekartzen dugu. Hiru kamioi egunero, 40 tona inguru», azaldu zuen Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak. Eguneroko lana zailtzen du fabrika itxita egoteak, eta kamioietan ekarritako elurra batzuetan ez da nahikoa ontzi guztientzat. «Atzo Bermeora joan ginen izotza batzera. Guk bost tona elur behar ditugu, eta antxoa sasoian itsasontzi asko gaudenez, kamioietakoa ez da denontzat iristen», esplikatu zuen Colindresko arrantzaleak.

«Eusko Jaurlaritzari galdetuko nioke ea noiz arte egon behar duen Ondarroak horrela lanean», zioen Arantzamendik, kofradian hara eta hona telefonoa belarritik kentzeko astirik ere izan barik. Bada, Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak azaldu du Santa Clara izotz fabrikan eskama jela egiten zuten makinak oraindik ez daudela martxan jartzeko moduan, baina barra jela egiten duen makina «lehenbailehen» martxan jartzeko prest egongo dela pare bat konponketa tekniko egindakoan. Sanjoanetara arte iraun ohi duen antxoa kanpaina osoa ez da izotz fabrika barik geratuko, Arrantza zuzendariaren berbetan. Gainera, nabarmendu du gobernua prest egongo dela laguntzeko izotzaren harira galerak dituzten erosleei.

Biomasa handia

Dena dela, aste honetan sartu den beste antxoa ikusirik, kontserba fabrika batzuek badute beldurra antxoa sasoia ez ote den ohi baino laburrago geratuko. «Aste honetako erritmoan jarraituz gero, maiatzerako agortuko litzateke kupoa». Bruselak iaz egindako banaketaren arabera, 22.500 tona antxoako arrantzua dagokio Espainiari, baina, Jaurlaritzak eskatu arren, Madrilek ez du kuota banatu erkidegoen artean. Euskal arrantzaleek oraindik ez dakite zehazki zenbateko kupoa izango duten, baina Jaurlaritzak iragarri du 22.500 baino txikiagoa izango dela, berdelaren isunaren zati bat antxoa kuotaren bidez pagatzea negoziatzen ari baitira Brusela eta Madril.

«Apirilean edo maiatzean jakingo dugu zein den antxoaren kuota zehatza. Bitartean, Madrilek muga batzuk ezarri ditu: ontzi handiek egunean 10.000 tona antxoa arrantzatu dezakete, eta txikiek, 8.000 tona», argitu du Azkuek.

Itsasoan antxoa asko dago, eta ez diote soilik arrantzaleek, baita ikerlariek ere. Aztiren azken azterketaren arabera, Bizkaiko golkoan 142.000 tonako antxoa biomasa dago, handiena 1987an neurketak egiten hasi zirenetik. 2005etik 2009ra debekatuta egon zen antxoa harrapatzea, asko gutxitu zirelako, baina azken urteetan susperraldi nabarmena izan du espezieak. Bizkaian eta Gipuzkoan 2.360 laguni ematen die lana antxoaren inguruko industriak: 60 saregileri, kontserba fabriketako 1.550 langileri eta 750 arrantzaleri. Iaz kiloa 0,40 eta 13,40 euro artean saldu zen, eta 20,5 milioi eurora iritsi ziren antxoa lehorreratzeak.

Aurten, gertutasuna du alde, oraingoz, kosterak. Lekeitiotik zortzi miliara eta Pasaiatik bi ordu eta erdira arrantzatu zuten herenegun gauean. Gasolioa aurreztea dakar arrantzaleentzat. Egunotan gauez kostatik itsasora begiratzen duenarentzat, berriz, irudi ezohiko bezain ederra ari da lagatzen antxoa sasoia. Gau beltzean gertu-gertu arrantzuan ari diren ehun inguru itsasontzien argi ilarak marrazten du ostertza, ur gainean hiri handi eta argitsu bat egongo balitz bezala.

BERRIAn argitaratua (2016/04/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA