astekaria 2016/04/15
arrowItzuli

gizartea

Hegazkinetako bidaiarien datuak bost urtez jasoko dituzte Europan

Garikoitz Goikoetxea

Hegazkinetako bidaiarien datuak bost urtez jasoko dituzte Europan

Hegazkinetako bidaiariei buruzko informazioa gorde eta trukatu egingo dute Europako herrialdeek, «susmagarriak» atzemateko asmoarekin. Datuen gordailuak sortzea onartu du Europako Parlamentuak. Urteetan atzeratutako neurria izan da, datuen babesari buruzko zalantzak zituztelako parlamentariek. Orain, ordea, Parisko eta Bruselako atentatuen ondorengo giroan, aurrera atera da proposamena, alde handiarekin: 461 baiezko eta 179 ezezko. Datorren astean emango diote azken baietza datu basea sortzeari.

Bost urteko atzera-aurrera izan da bidaiarien informazioari buruzkoa, eta atentatuei aurre egiteko argudioarekin jarri dute abian orain. Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordea: «Parisen eta Bruselan izandako atentatu izugarriek erakutsi dute erantzun bateratua eman behar diola Europak terrorismoari, neurri zehatzak behar dituela».

Popularrek, kontserbadoreek eta euroeszeptikoek atera dute aurrera bozketa. Nabarmendu dute soilik «terrorismo kasuetarako» erabiliko dutela fitxategietako informazioa, eta ez dutela emango «delikatua izan daitekeen daturik»; arraza eta erlijioa aipatu dituzte, esate baterako.

Hegaldi guzti-guztiak

Gisa bereko beste informazio truke bat indarrean du lehenago ere Europako Batasunak. 2004an sinatu zuen akordio bat AEB Ameriketako Estatu Batuekin, Europatik hara joaten diren bidaiarien berri gordetzeko. Arau berriak zehatz jasotzen du Europatik kanporako hegaldien berri gorde behar dela, eta aukeratzat uzten du Europa barruko hegaldiekin egitea. Estatuen esku legoke erabaki hori. Kontua da dagoeneko konpromisoa agertua dutela euren arteko bidaien berri gordetzeko. Horrenbestez, Europako hegaldi guzti-guztien xehetasunak jasoko dituzte hemendik aurrera.

Araua betetze aldera, estatu bakoitzak sortuko du hegazkinetako bidaiarien datu base bat. Homogeneoak izango dira baseak Europa osoan, eta, hortaz, trukatzeko modukoak izango dira. Estatu batek propio eskatzen duenean, orduan emango dizkiote datuak elkarri. Hori da arau orokorra. Baina badago salbuespen bat: estaturen bateko datu baseko arduradunek ikusiko balute informazio «interesgarria» dutela herrialderen batentzat, informazioa jakinarazi ahal izango diote.

Bost urtez izango dituzte datuak jasota. Muga bat ezarri dute, eskubideak babesteko bide delakoan: lehen sei hilabeteak igarota, zifratu egingo dituzte datuak. Hortaz, ezkutuan geratuko dira bidaiari bakoitza zuzenean identifikatzeko datuak. Hori nabarmendu du parlamentuko presidenteak, Martin Schulz sozialistak: «Europarren segurtasuna ez da haien eskubideen bizkar lortuko. Baldintza horiek defenditzeko borrokatu da europarlamentua».

Atentatuen ondoren, datu basea sortzeko presio egiten aritu dira estatu batzuk, Frantzia buru. «Presazko» neurria dela ohartarazi du Parisek azken hilabeteetan. Espainiako Gobernuak ere bide beretik jo du. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak nabarmendu du «eraginkortasuna» handituko dela. «Eraso egitera Europara doazenak» atzemateko bidetzat aurkeztu dute erabakia.

BERRIAn argitaratua (2016/04/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA