astekaria 2016/04/15
arrowItzuli

mundua

Lesbos, errefuxiatuen kartzela berria

Ane Irazabal, Berriemaile berezia

Lesbos, errefuxiatuen kartzela berria

Lesbos iparraldean salbamendu jaken meta handi bat dago. Kostatik metro gutxira, milaka eta milaka jaka gorri eta laranjak argiki erakusten dute uharte honek zer bizi izan duen. Jaka bakoitzaren atzean pertsona bat dago, eta, pertsona bakoitzaren baitan, ihes egindako errefuxiatu baten historia. Salbamendu jaken meta da krisi humanitarioaren aztarnarik handiena; bada, Lesbosen hori besterik ez da geratzen: itsasotik iritsitako milaka pertsonek utzitako arrastoa.

«Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordio berria ulertzeko, Lesbosera etorri beharra dago. Bizitza arriskatu eta Egeo itsasoa gurutzatzea lortzen duten iheslariak kartzela batera iristen dira. Amaitu da amets europarra», uste du asilo eskatzaileekin itzultzaile lanetan ari den Alemaniako gazte batek. Marc du izena, eta haren familiak 1980ko hamarkadan ihes egin zuen Siriatik.

Ez zaio arrazoirik falta. Lesbosko errefuxiatuak atxikitze esparruetan itxita daude. Ez dira ikusten, ez dira entzuten. Asilo eskatzaileekin hitz egiteko, Moriako atxiloketa zentrora hurbildu behar da. Bertan pilatuta daude 3.000 pertsona baino gehiago. Artean, ehunka haur. «Hesi bikoitza, horma handi bat eta muturreko segurtasun neurriak; toki honek kartzela bat dirudi», uste du Jeremy izeneko ekintzaile britainiar batek. Gazte boluntarioak eta haren lagunek ezin dute barrura sartu, baina errefuxiatuekin mintzatzen dira hesiaren beste aldetik. Gaurkoan sim txartelak eta tabakoa banatuko dizkiete. Giltzapean daudenek ez dute ezer ulertzen. «Ez nekien deportazioak martxan zeudenik. Jakin izan banu, ez nukeen nire bizitza arriskuan jarriko. Baina behin Europara iritsita, ezin gaituzte bota, ez al da hala?», galdetu du Afganistango gazte batek.

Bermerik gabe

Horregatik, kanporaketak geratzeko edo moteltzeko asmoz, Moriako iheslari guztiek asilo eskaerak hasi dituzte. Alta, batzuek ilun daukate etorkizuna. Turkiara deportatu dituzten 326 iheslarietatik gehienak pakistandarrak dira, Europak migratzaile ekonomikotzat jotzen dituenak. Frontex Europako kanpo mugak zaintzeko erakundearen arabera, itzulera boluntarioak izan dira, baina UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziak salatu du askori asilo eskaerak ukatu dizkietela. «Babes politikoa eskatzea eskubide indibidual bat da; ez dauka zerikusirik naziotasunarekin. EBri eskatzen diogu kasu guztiak banan-banan aztertzeko», sinatu du erakundearen adierazpenak.

Bruselakoek berenari eusten diote, ordea. Jean Pierre Schembri Europako asilo eskaerak kudeatzen dituen bulegoko bozeramaileak nabarmendu du Lesbosen itzultzaileak, epaileak eta gainontzeko adituak falta direla, baina irizten dio ahal duten guztia egin dutela. Schembri oso argia da: «Martxoaren 20a baino lehenago iritsi direnek hiru aukera dituzte: Grezian asilo politikoa eskatzea, lekualdatze programa sinatzea edo familia bateratzea egiteko prozesua hastea. Martxoaren 20tik aurrera etorritakoek, berriz, asilo politikoa eska dezakete, baina, frogatzen bada Turkian ez daudela arriskuan, bueltatu egingo dituzte. Hori da akordioak dioena».

Hain zuzen, Mitileneko kaleetan ikusten diren iheslari gehienak hitzarmenaren aurretik iritsi ziren. Portuan, supermekatuetan edo plazetan pasatzen dute denbora. Muga balkanikoak itxita daudela jakinik, nora ezean dabiltza: «Ez dakigu zer egin; ez dugu Grezian geratu nahi, baina Idomeniko muga blokeatuta dago. Beraz, zein da alternatiba? Oraingoz, Lesbosen geratuko gara», iritzi dio Mohamed Absar Alepoko errefuxiatu batek. Absarrek emaztearekin eta hiru seme-alabekin gurutzatu du Egeoa. Bere anaia itota hil zen, ordea. Absanentzat gogorregia da itsasora begiratu eta beste aldean Turkia ikustea: «Ez dut hara itzuli nahi. Ez daukagu lan egiteko aukerarik; ez gaituzte ongi tratatzen. Baina Europak bizkarra ematen badigu, bueltako bidea hartu beharko dugu. Lehenik Turkiara, eta gero Siriara».

Krisiaren itzala

Errefuxiatuen krisia arazo handia bilakatu da Alexis Tsiprasen gobernuarentzat. Atenasek erabaki du jarrera ez-interbentzionista hartzea. Ez du iheslarien kontrako indarkeriarik erabili, eta mugak ireki ditu asilo eskatzaileak Europa iparraldera irits zitezen. Hori guztia, Bruselaren mehatxuak iritsi zaizkion arte. Atenas hartzekodunekin eztabaidatzen ari da apirilaren 22a baino lehenago hurrengo ordainketak egiteko likidezia jasotzeko.

Oraingoz, 1.900 milioi euro gastatu ditu Greziak errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, eta Bruselari argi esan dio diru horrek ez lukeela greziarren poltsikotik atera behar. Ekainean, Atenasko gobernuak 5.000 milioi euro ordaindu behar dizkie hartzekodunei, eta eztabaidak zintzilik daude. Halere, EBk badaki errefuxiatuen gaineko akordioaren arrakasta, hein handi batean, Greziaren esku dagoela.

«Alexis Tsiprasen gobernuak ez du krisi humanitarioa erabili programa berrikustea eskuratzeko. Grezia erreforma guztiak egiten ari da», esan dio BERRIAri Dimitris Papadimulis Syriza koalizioko kideak eta Europako Parlamentuko presidenteordeetako batek.

Edonola ere, turismoaren beherakadak biziki arduratzen du Tsipras lehen ministroa. Atenasek Pireoko portuaren salmenta sinatu berri du Cosco enpresa txinatarrarrekin, eta turismo denboraldia hasi baino lehenago Pireoko kanpaleku inprobisatua hustu nahi du.

Lesbosera etortzen diren bisitari gehienak turkiarrak dira, baina aurten irla urrunagoetara joango dira. Bien bitartean, Lesbosko herritarrek patruilak antolatu dituzte ekialdeko kostalde guztia garbitzeko. Ontzien plastiko zatiak, salbamendu-jakak, ur botilak eta flotagailuak aurkitu dituzte. Milaka kilo hondakin. Bihar ez da gertatutakoaren arrastorik geratuko.

BERRIAn argitaratua (2016/04/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA