astekaria 2016/04/15
arrowItzuli

gizartea

Salaketa etxean dago jadanik

Jon Rejado

Salaketa etxean dago jadanik

Kereila bonbardaketa» baten bitartez hautsi nahi dute Espainiako justiziak frankismoaren krimenen inguruan jarritako hesia. Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako eta Goldatu elkarteko kideak horrela definitu du azken hilabeteetako kanpaina. Hain zuzen ere, egitasmoaren helburua da diktadura garaiko krimenak hamarkada luzeren buruan Espainian epai ditzatela.

Udalek berebiziko pisua izan dute frankismoko krimenak epaitzeko bidean egin diren ekinbideetan. Besteak beste, 2013an Argentinako kereilaren aldeko mozioak onartu zituzten hamaika udaletan. Ordea, oraingo pausoak konpromiso handiagoa eskatu die: auzibidea irekitzeko proposatu die plataformak, non eta tokian tokiko administrazio epaitegietan. Espainian hainbat dira ildo horretan mozioak onartu dituzten udalak, eta Euskal Herrian ere hala gertatu da.

Jacinto Lara Argentinako Kereilaren aldeko eta Frankismoaren Krimenen aurkako Espainiako Plataformako abokatuak azaldu du «uste baino sinpleagoa» dela egitasmoaren egitura. «Udalerri batean biktima bakar bat egotea nahikoa da auzibidea hasteko, nazioarteko zuzenbidearen funts juridikoak baliatuta».

Larak gogora ekarri du Argentinako kereila bi pertsonaren salaketarekin hasi zela 2010ean. Batetik, Dario Rivasek aitaren hilketa salatu zuen: Severino Rivas, Castro de Reiko alkate sozialista (Galizia), 1936an fusilatua. Bestetik, Ines Garcia Holgadok bere senideen aurkako krimenak salatu zituen: Elias Garcia Holgado, haren osaba, Salamancako (Espainia) herri bateko alkate zela espetxeratua eta heriotza zigorrera kondenatua. Bi salaketekin hasi, eta, gaur egun, 300 kereilari inguru ditu. «Auzibide penala irekitzea da helburua, gerora beste pertsona eta administrazio batzuk gehitzea izan dezaten».

Justizia, «irekiagoa»

Espainiako justiziak ez du jarrera irekia izan frankismoko krimenak ikertzeko orduan. Delitu zehatzak argitzeko abiarazitako ahaleginak hutsean geratu dira. Espainiako 1977ko Amnistiaren Legea izan da baliatutako argudio nagusia; urte horren aurretik gertatutako krimen guztiak «preskribatuta eta barkatuta» daudela argudiatu izan du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak. Denbora luzean mantendu du jarrera hori justiziak. Dena den, aldaketa sumatu dute Argentinako kereilako partaideek azken hilabeteetan.

Baltasar Garzon epaileak 2008an hasi zuen auzibideak baldintzatu du justiziaren jarrera, Lararen iritziz. Garzonek frankismoko krimenak epaitzeko prozedura abiatu zuen, eskumena zuelakoan, baina ahalegin hutsean geratu zen, eta, ondorioz, beste epaileei irizpide bat ezarri zieten: salaketak ez ziren aintzat hartuko, edo aintzat hartu ondoren artxibatuko ziren. Zaragozak «zentzugabekeria juridikotzat» jo du krimen horiek epaitzeko saialdiak, frankismoko krimenak «delitu soilak» direla argudiatuta: hots, haren ustez ez zen plan sistematikorik izan aurkariei jazartzeko eta haiek hiltzeko. Irizpide hori duela gutxira arte mantendu dute epaileek, baina azken hilabeteetan aldaketak izan dira.

Frankismoko krimenen auzibidea Espainiako justizia sistemara eraman nahi dutenek aldaketak antzeman dituzte. «Ez gara Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaz ari, baizik eta instrukzio epaileei buruz; pentsa genezakeen baino irekiagoak dira gai honen inguruan», azaldu du Jacinto Larak.

Adibideak gertu daudela gaineratu du Larak. Iaz Almazango (Soria, Espainia) Instrukzio Epaitegiko epaile batek onartu zuen Soriako Recuerdo y Dignidad (Oroimena eta Duintasuna) elkartearen salaketa. 1936ko abuztuaren 10an Barcones herrian hil zituzten hamar pertsonen kasua zen: espetxetik atera, eta, binaka hil zituzten bide bazterrean. Zenbait froga eraman zituzten, eta epaileari beste batzuk bilatzeko eskatu zioten: egun horretan lanean ari ziren guardia zibilen eta falangisten zerrendak, espetxeko aginduak, Francisco Etxeberriaren agindupean gorpuak berreskuratu zituzteneko txostena...

Epaileak bi militarren egoerari buruzko informazioa ere eskatu zuen. Francoren bi jeneral, Baltasar Garzonek zehaztutako frankismoko 35 goi kargudunen zerrendan egondakoak: Miguel Cabanellas Ferrer eta German Gil y Yuste jeneralak. Barconesko krimenetan zeresana izan zezaketelakoan eskatu zuen informazioa. Biak, ordea, hilda zeuden, eta auzibidea artxibatu zuen epaileak.

Erantzukizun penalik eragin ez badu ere, Josu Ibargutxik pausoaren garrantzia nabarmendu du. «Kriminalak hilda daudela, eta ezin dela aurrera egin? Ados. Baina lana eginda dago: ikertzen bada, senideei duintasuna eskuratzeko aukera eman zaie, eta argi utzi da nortzuk izan ziren erantzuleak».

Soriako auzibidea itxita dago, baina Ibargutxik gaineratu du bertan egindako lana aurrera begira baliagarria izan daitekeela, krimen haiengatik erantzukizunik eskatu beharko balitz, «direla politikoak, direla subsidiarioak». Alemaniako egoera ekarri du gogora, hausnarketaren neurria emateko: Alemaniako estatuak Hitlerrekin eta nazismoarekin zerikusirik ez duen arren, gertatutakoagatik «gaur egun ere» barkamena eskatzen jarraitzen duela azaldu du. «Espainiako Estatuak ez du barkamenik eskatu, ezta keinurik egin ere».

Instrukzioko epaitegietan gertatzen ari den aldaketa, hein batean, nazioartetik datorren presioari egotzi dio Larak. «Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen txostenak izugarri gogorrak dira; 2014koak Espainiako justizia erakundeei egin zizkien kritika gogorrenak», gogorarazi du abokatuak. Besteak beste, 2014an, NBEk kargu hartu zion Espainiari, frankismoko krimenak ikertzeko borondaterik ez zuelako eta biktimen aldeko neurririk hartu ez zuelako.

Borondate politikoa

Ibargutxik azaldu du frankismoko krimenak epaitzeko aukera borondate politikoaren menpe dagoela, udalek hasitako auzibideez gain. Hain zuzen ere, Espainiako Kongresuaren esku dago Espainiako Amnistiaren Legea baliogabetzea. Ibargutxik mahai gainean jarri ditu zeintzuk diren lege horren traba nagusiak. 2. artikuluko E eta F puntuek autoritate, funtzionario eta «ordena publikoaren agenteen» delitu eta arau-hausteak amnistiatu zituen; 4. artikuluak, bestetik, «asmo politikoarekin egindako arau-hauste administratibo eta epaileen faltak» amnistiatu zituen. «Atal horiek kenduta epaileek frankismoa epaitzeko bermea lukete».

BERRIAn argitaratua (2016/04/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA