astekaria 2016/04/15
arrowItzuli

politika

HELIO ROBLEDA

«Krisiak mugarria ezarriko du, diru publikoa ez baita lehen bezala kudeatuko»

Joxerra Senar

«Krisiak mugarria ezarriko du, diru publikoa ez baita lehen bezala kudeatuko»

Helio Robleda Nafarroako Kontu Ganberako presidenteak (Manzanar del Puerto, Gaztela eta Leon, Espainia, 1954) agur esango dio karguari laster. Asteon, parlamentuak Asun Olaetxea izendatu du ganberako presidente, eta laster Robledak bulegoa utziko du, «eginbeharra bete duelako sentipenarekin eta nostalgia apur batekin». Olaetxearen izendapenak lasaitasun handia eragiten dio. «Oso ondo ezagutzen du etxea. Profesional aditua da, ezagutza eta esperientzia handikoa».

Karguaren independentzia bermatzeari garrantzia eman diozu. Zure izendapena UPNk proposatu zuen 2010ean, baina ganberaren txosten ugari haren kudeaketarekin kritiko azaldu dira.

Bitxikeria bat da garai hartan gobernuan zen alderdiak izendapenerako proposamena egitea. Austrian, Finlandian edo Danimarkan, agintean den alderdiak ez du sekula kontu auzitegiaren presidentea izendatzen, eta oposizioaren esku uzten du. Legeak jasotzen du edozein alderdik egin dezakeela proposamena eta parlamentuan bozkatzen dela.

Ganberaren txostenek gomendioak egin ohi dizkiote administrazio publikoari. Aintzat hartzen al dira?

Alde batetik, kontrol txostenek agerian jarri behar dituzte kontrolaren ahuldadeak eta kudeaketaren hobekuntzak. Ez dira bete beharreko txostenak. Eraginari begira, berriz, kudeatzaileek begi onez hartu ohi dituzte, euren jarduera hobetzeko edo babesteko modu bat delako. Gero, arlo politikoa dago. Normala denez, txosten batek irregulartasunak eta ahuldadeak erakusten baditu, politikariaren flotazio marran jotzen du, azaltzen baitu gauzak ez direla egin arauek eskatzen duten moduan. Beraz, txostenek erabilera handia dute kudeatzaileentzat, baina politikarientzat ez dira hain ongietorriak.

Parlamentuko agerraldiren batean mingainari kosk egin al diozu inoiz?

Ez. Ikuskatu diren gertaerak hitz aseptikoekin azaldu behar dira. Txostenok erabilgarri izan dira inbertsio publikoen zein azpiegitura handien erabilgarritasuna eta egiteko modua aztertu dutelako. Nire agintaldian, Nafarroan hemezortzi azpiegitura aztertu dira, tartean azpimarragarrienak eta polemikoenak. Estatuan ere antzera jokatu izan balitz, ustelkeriaren mapa ez litzateke hain negargarria izango. Ikuskaritza ez da ustelkeriaren aurkako borrokarako tresna, baina baliagarria da hura saihesteko.

Oso kritiko zara kontu auzitegien sistemarekin. Zergatik?

Antolakuntza ereduak huts egin du erabat. Ez dute nahi izan kanpotik kontrolatuko den sistemarik izatea. Erabat politizatuta dago. Nafarroako Kontu Ganberan salbu, gainerako kontu auzitegietan profil politiko argiko pertsonak izendatzen dituzte, eta sortzezko akatsa da. Ikuskaritzak ez dira garaiz egin, eta ez dira txosten egokirik egin. Gomendioek eragotz zezaketen akats ugari egitea edo ustelkeria eragin duten irregulartasunak gertatzea. Arrisku handi bat dago baldin eta sektore publikoak egindako operazioen legezkotasunaren gaineko kontrolik egiten ez bada.

Horrek esan nahi du Nafarroan ez dela ustelkeria handirik izan?

Ustelkeria aitortzen ez denez, zuhurtziaz jokatu behar dugu. Ustelkeria sareak oso ondo antolatuta daude. Beraz, ez da komeni esatea Nafarroan ez dagoela ustelkeriarik, ustelkeria sareak oharkabean pasatzen direlako. Batik bat hirigintza kasuekin egon behar da adi. Ikuskaritza baten egiaztatzen denean dena bere tokian dagoela, orduan izan behar da zalantza gehien. Oso lan konplexua da, eta eremu labainkorra.

Ganberaren zereginetako bat da udalen kontuak ikuskatzea. Nola daude udalak?

Oso egoera onean. Azken 25 urteetan sektore publikoko eta pribatuko ikuskatzaileen elkarlanaren bidez udal kopuru handi batera iristeko aukera dugu. Nafarroan, 10.000 biztanletik gorako udal guztiak ikuskatzen ditugu, eta hori salbuespen bat da. Espainian, ezta udal handiak ere ez dira ikuskatzen urtero. Iruñeak salbu, ez dago kanpoko organo publiko batek bere kontuak ikuskatuko dituen beste udalik.

Alderdien kasuan, kanpaina finantzatzeko jasotako diru publikoa kontrolatu besterik ez du egiten kontu ganberak. Alderdien finantzaketa zaintzea falta zaizue?

Bai, baina legeak mugatzen gaitu. Alderdien ikuskaritza egitera sartzen gara ustelkeriak eragin txikiena duen unean, kanpainaren hasieran. Gure funtzioa ez da oso garrantzitsua, azkenean kanpainako gastuen frogagiriak berraztertzen ditugulako eta ez diru hori nondik datorren. Ondorioz, legea aldatu beharra dago.

Bai, baina legea aldatzeko erabakia ikertuak izango diren alderdiek hartu behar dute...

Gurpil zoro bat da, eta legeak ez du gardentasunez eta etikaz jasotzen alderdien finantzaketa.

Gardentasuna maiz aipatzen da, baina zer esan nahi du?

Baliabide publikoen kudeaketan gardentasuna zer den azaltzea sinplea da: herritarren aurrean kontu eman behar da segurtasuna izan dezaten diru publikoa ondo kudeatu dela, eta hori kontu publikoen kontrolaren bidez lortzen da. Ez dago gardentasun lege handirik egin beharrik, erreminta horiek erabiltzen badira.

Txosten batzuetan irregulartasunak atzeman dituzue: Tasunbinsa, baso enpresak edo UPNren garaiko Eguesibarko Udalaren enpresa sarea.

Bai, baina kasu desberdinak dira. Tasubinsaren kasuan, diru laguntzaren banaketa zen irregularra, dokumentuak bikoizten zirelako alor publikotik diru gehiago jasotzeko asmoz. Benetako ustelkeria baso enpresekin izan zen, dirua bidegabeki erabili zelako eta Nafarroako Gobernuari igorritako fakturazioetan irregulartasunak zeudelako.

Horrelako kasuetan, elkarlanik badago Justiziarekin, edo handiagoa izan behar luke?

Koordinazioa egon badago, baina interes falta ere bai. Ganberak irregulartasunak atzeman dituenean, diru publikoa bidegabeki erabili bada, besteak beste, fiskaltzari bidaltzen zaio. Alde horretatik, gure kexa da fiskaltzak prestasun handiago behar lukeela izan. Haren ebazpenak errespetatzen ditugu, baina gure txostenetan argi eta garbi adierazten badugu irregulartasunak egon direla, ikerketa bat egon behar luke. Hor dago Eguesibarko enpresen kasua. Ulertezina da hiru urteren ondoren auzia konpondu gabe egotea.

Nafarroan, garai oparoetan, zerutik eroriko balitz bezala kudeatu da dirua?

Bai. Zorionez, krisi honek mugarria ezarriko du. Sekula ez da diru publikoa lehen bezala kudeatuko. Jada beste bide bat hartua dugu, eta geroz eta gehiago sistema ustel horiek zuzendu behar dira, hain baitira lotsagarriak herritarrok asaldatzen gaituzte, are gehiago orain errenta kanpaina hasi den honetan. Zinez, apur bat izugarria da, hain garrantzitsua izanik, diru publikoaren kudeaketa sistemak hainbeste akats izatea.

Nolakoa da Nafarroaren finantza egoera?

Hamar urtetan, zorra sei bider handitu da: batetik, bideragarritasun plan sakonik egin gabe inbertitutako azpiegituren ondorioz, eta, bestetik, azkenaldian murriztuz joan bada ere, gastu publikoa handitu delako. Hala ere, diru sarrerak eroriko ez zirela uste zeneko garaian egindako azpiegitura handiek eragin dute zorraren zati handiena.

Adibidez, Bideko autobidea. Itzalpeko bidesari sistemarekin kritiko azaldu zineten. Zergatik?

Finantzaketa sistema nahiko konplexua da itzalpeko bidesaria, eta nahiko ezezaguna zen haren alde egin zenean. Nafarroak garai hartan zorpetze txikia zuen, eta ohiko finantzaketa erabil zezakeen. Ziurrenik, ez zuten astia hartu pentsatzeko. Zifrek erakusten dute ohiko finantzaketa aukera hobea zela, azkenik azpiegituraren kostuaren hirukoitza ordainduko delako. Gainera, [2007ko hauteskundeen ondorioz] inaugurazioa aurreratu egin zen, eta horrek kostua handitu zuen, sari moduko bat ordaindu zelako. Azkenean, partaidetza publiko-pribatuaren sistema horrek sozietateari eta haren jabe den funtsari [Deutsche Bank] egin dio mesede.

Zorraren handitzea, defizit helburuen estutzea, estatuari ordaindu beharreko ekarpenaren handitzea... Zer tarte geratzen zaio egungo gobernuari kudeaketa hobetzeko?

Aurrekontua handitzeko tartea oso txikia da, baina badago aukera dirua modu egoki eta arrazoizkoan gastatzen dela ikusteko. Edozein gastu politika berraztertu behar da. Kudeaketa publikoa egiten duen orok ikuspegi teknikoa oso kontuan eduki behar du, asko lagunduko diolako. Lan handia dago egiteko. Kontratu publikoak adjudikatzen direnean ohiko akatsa da haren jarraipena alboratzea. Badirudi, kontratua adjudikatuta, adjudikaziodunak dena ondo eta etikaz egingo duela, eta hori ez da horrela, sektore pribatua kontratatzean kudeaketa hori gertutik zaindu behar delako. Sektore publiko osoan aztertu behar da ea kontratazio moduluak egokiak diren edo ohituraren poderioz egiten diren. Aurrezki handiak lor daitezke, eta diru gutxiagorekin zerbitzu bera eskaini. Zerbitzua hobetzen da. Oso garrantzitsua da kontrola.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (SNE) CCOOk, UGTk eta CENek jasotako diru laguntzak izan dira zuen kritika nagusietako bat. Sistema hori berrikusi behar da?

Gure txostenek jada eragin on bat izan dute. Lehen lana 2012an egin zen, eta enplegu politika aktiboetarako laguntzak hobeto kudeatzea ahalbidetu dio SNEri. Garai hartan, SNEk erakunde laguntzaileen artean banatzen zuen diruaren aurrekontua, eta oraingoa hartu besterik ez dago. Aurrezte handi bat izan da, eta bide horretatik jarraitu behar da.

Zure agintaldian, lurraldeko ikur nagusietako bat —Nafarroako Kutxa— galdu da. Mila milioi euroko ondare galera jasan zuen. Bankiaren kasuarekin paralelismorik nabari duzu?

Bai, Bankiaren, CANen edo Caja Mediterranearen kasuetan, huts egin du organo arautzaileak, Espainiako Bankuak. Haren funtzioa negargarria izan da. Huts egin du, bankuen arloan politika estrategiko okerra garatzen utzi zuelako, eta ez dakit auziaren sakonera iritsi ote garen.

Interesik ba al dago?

Huts egiterik nagusia Espainiako Bankuarena da. Ez dut uste interes handirik dagoenik, atzean ahultasun ugariko finantza sistema bat dagoelako eta kezkagarria delako hori.

BERRIAn argitaratua (2016/04/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA